euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Valparaisoko Eusko Etxeak Winnipeg ontzia gaur duela 73 urte bertara porturatu izana ospatuko du

2012/09/03

Txileko Euskal Abesbatza, garaiko argazki batean. Egun Txileko Euskal Abesbatza denaren sorburua Winnipeg-en zetozen zenbait euskaldunek, Ramon Muguruza buru, bidaian sortu zuten koralean datza hein batean (argazkia EEValparaiso)
Txileko Euskal Abesbatza, garaiko argazki batean. Egun Txileko Euskal Abesbatza denaren sorburua Winnipeg-en zetozen zenbait euskaldunek, Ramon Muguruza buru, bidaian sortu zuten koralean datza hein batean (argazkia EEValparaiso)

PUBLIZITATEA

73 urte betetzen dira gaur, 1939ko irailaren 3an Espainiako gerra zibila kari Francoren jazarkundetik ihesi zetozen bi mila errefuxiatutik gora Txileko Valparaisoko portura iritsi zirenetik, geroztik historian izen propioa hartua duen Winnipeg ontzi mitikoan porturaturik Txileko Bosgarren Erregiora. Euskaldunak ere bazetozen ontzian eta Txileko euskal komunitateak besoak zabalik hartu zituen, gehienak berehala adopziozko herrialde berriko zenbait arlotara eta bertako euskal komunitate eta ekimenetara bildu zirelarik. Valparaisoko Eusko Etxeak datorren larunbatean gogoratuko du urteurrena, elkartearen egoitzan, besteak beste 'Winnipeg, itsasaldi solidarioa' dokumental frantsesa eskainiz.

Viña del Mar, Txile. Bosgarren Erregio txiletarreko Eusko Etxeak egin duen deia datorren larunbaterako, irailaren 8rako, egin da, elkarteak Viña del Maren daukan egoitzan --Quillota 135-135 helbidean, 2 eta 3 iparren artean-- arratsaldeko zortzietan. Ekitaldian 'Winnipeg, itsasaldi solidarioa' izeneko dokumental frantsesa emango da, Dominique Gautier eta Jean Ortiz zuzendariena, sarrera doainik.

Eusko Etxeko lehendakari Archibaldo Uriartek kari honetara adierazi duenez, bera buru duen elkarteak lotura sakonak dauzka 1939ko irailaren 3 hartan Valparaisora porturatu zen ontziarekin, batetik errefuxiatu haiek guztiak ondo integratu eta ekarpen baliosa egin ziotelako Txileri nazio gisa zenbait arlotan, baina baita ere Txileko euskal komunitateari, herrialde berrian geroa eraikitzearekin batera --Francok oraindik ere urte askotan segitu baitzuen agintean Espainiako estatuan-- bertako euskal komunitatea indartu eta, besteak beste, Valparaisoko Eusko Etxea bera gizon-emakume haiei lotua baita.

Eusko Etxetik helarazi zaigun oharrak izen propioak ere aipatzen ditu, hala nola, Winnipeg-en etorri zen Ramon Muguruza Zubillaga hernaniarra, bidaian zehar pasatu behar ziren ordu luzeen aringarri abesbatz txiki bat sortu zuena, geroago Txileko Euskal Abesbatza izango zenaren oinarrira bildu zena, gizonen korala, gaur egun indarrean segitzen duena, kasu honetan Santiagoko Eusko Etxearen inguruan. Ramon Muguruzak --hiriburuko Eusko Etxeko areto nagusiak bere izena darama, egin zuen ekarpenaren esker onez-- Bosgarren Erregioko Quilpué-n finkatuko zuen bizitokia eta Viña del Mar-eko Haur Abesbatzen zuzendari ere izango zen, azken hau hiriko eskoletako haurrak partaide.

Txilera Winnipeg-en heldu eta bizirik segitzen dutenen artean --egun Valparaisoko Eusko Etxeko kide izaten segitzen duelarik-- Agnes América Winnipeg Alonso Bollada dago, ontzia portutik atera eta hiru egunetara  bertan jaio zen haurra. Edota, esaterako, Julio Garrote Domingo eta Ignacio eta Pedro Sagasti Bilbao, lekukotasuna Rubila Araya Ariztia kazetariak bildu, idatzi eta 2006an argitara emaniko “Arrojos, dichas y nostalgias. Vascos en el Valparaíso del siglo XX” liburuan irakur daitekeelarik.

-Valparaisoko Eusko Etxearen webgunea: www.euskoetxea.cl



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia