euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Valentziara eta Bizkaira joan dira Diasporako Gutunen VI. Lehiaketako sariak: irakur hemen lan irabazleak

2019/02/11

Diasporako Gutunen Literatur Lehiaketako VI. edizioko sari banaketa, Valentziako Laurak Bat Euskal Etxean
Diasporako Gutunen Literatur Lehiaketako VI. edizioko sari banaketa, Valentziako Laurak Bat Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Valentzia, Espainia. Valentziako Paternako Emilia Santano eta Bizkaiko Sodupeko Mari Ane Eguia izan dira 2019ko Diasporako Gutunen VI. Literatura Lehiaketako irabazleak, A eta B kategorietan hain zuzen, esan nahi baita euskara ikasle direnentzako (A) eta euskara normaltasunez erabiltzen duten euskaldunentzako (B) kategorietan. Orotara 25 lan original jaso dira, horietako lau Euskal Herritik, Argentinatik bost, Uruguaitik bi eta gainerakoak Valentzia eta inguruetako herrietakoak. Zorionak irabazleei eta partaide guztiei.

Valentziako Laurak Bat eta Euskaltzaleok Euskal Etxeak antolatzaile dituen lehiaketa honetako sariak urtarrilaren 25ean banatu ziren. Hona lan irabazleak:

"IZENA DUEN GUZTIA OMEN DA". Egilea, Emilia Santano (Paterna, Valentzia)

Valentzian, 2019ko urtarrilaren 16an

Kaixo, Dani:

Ezetz asmatu? Joan den oporretan Euskal Herrira joan nintzen; eta agindua zor denez gero, oporretan zer gertatu zen guztia kontatuko dizut:

Azken urtean triste egon naiz. Zergatik nengoen honela ezin dezaket oraindik esan. Nire adiskideek ni triste ez egotea nahi zuten; horregatik, haiek ni pozik egotea nahi zutenez gero, Euskal Herrira bidaia antolatu zuten, bi ikasturte daramatzat euskara ikasten eta. Hasieran, ez nuen joan nahi. Etxean geratu nahiago nuen baina, azkenean, hilabete Euskal Herrian gelditu ginen, baserri batean.

Baserria nahikoa handia zen. Horma zuriak zituen eta teilatu gorria. Hiru solairu zeuzkan. Beheko solairuan, komuna eta despentsa zeuden. Tarteko solairuan, sukaldea, egongela, bi bainugela eta lau logela zeuden. Goiko solairuan, gonbidatuen logela –nirea zen-, bainugela bat eta ganbara zeuden. Garai hartan zazpi bizilagun ginen: baserriko gizona eta emakumea, nire adiskideak eta zazpiok. Haiek guztiek tarteko solairuan lo egiten zuten eta nik, bakarrik, goikoan.

Etxearen atzealdean baratzea zegoen eta hortxe bertan barazkiak landatzen genituen. Inguruan, landa zabal-zabalak zeuden, behiz eta zaldiz beteta. Noiz edo noiz esnea batu nuen eta astean bizpahiru aldiz zaldiz ibiltzen nintzen. Gauetan, afalondoan, baserrikoek istorioak kontatzen zizkiguten.

Opor politak zirela dirudi, ezta? Tira bada, ez nuen hantxe egotea gogoko. Zergatik? Hona hemen azalpena:

Lehenengo gauean, lo egiteko asmoa nuenean, zerbaitek edo norbaitek hotsa atera zuen. Ganbaran zegoela pentsatu nuen. Ganbarako zaratak ez zidan lotan utzi. Hurrengo egunean lagunei galdetu nien. Haiek ez zutela ezer entzun erantzun zidaten. Ganbaran ez zela inor izan esan zidan baserriko emakumeak. Saguak izan ahal zirela bururatu zitzaidan.

Bigarren gauean logelako atea itxi nuen. Hurrengo goizean irekita zegoen. Saguek ezin izan zutela egin esan nion neure buruari. Saguak izan balira, atea ez litzateke irekita egongo. Afaldu ondoren kontatu nien. Lagunek agian haizea izan zela esan zidaten. Bitartean, baserritarrak irribarre egiten ari ziren. Iseka-irribarrea zela iruditu zitzaidan. Hirugarrenean, ongi ixteaz gainera, atearen atzean aulki bat jarri nuen. Hurrengo egunean han ez zegoen aulkia eta ordenatuta utzi nituen nire gauzak nahasi zituzten, denak. Lehen baino lehen tiraderatik gauza batzuk falta zitzaizkidala erreparatu nuen: galtzerdi gorri bat eta bonboi batzuk, zehazki. Harritu baino harrituago nengoen, baita haserre ere. Oraingoan adiskideek beharbada lo-ibiltaria nintzela esan zidaten eta neuk egin nuela, triste eta urduri egoteagatik. Ariketa fisikoak egitea gomendatu zidaten. Berriro baserrikoek irribarre egin zutela ikusi nuen.

Laugarrenean, ezin zuela horrela jarraitu pentsatu nuen; lorik ez egitea eta gau osoan atzarrik egotea erabaki nuen. Norbait logelara sartu zain egon nintzen. Orduak bata bestearen atzetik igaro ziren eta ez zen ezer gertatu. Nahiz eta nekatuta egon, ez lokartzen saiatu nintzen. Halako batean, horma batean, ia-ia ikusten ez zen zirrikitu batetik galtza gorriz jantzitako gizontxo bat atera zen. Izan ere, txikia baino txikiagoa zen. - Zer demontre da hori? –oihu egin nuen.

Bere-berehala, desagertu zen eta ez nuen berriro ikusi.

Hurrengo egunean, neka-neka eginda nengoen eta burutik jota nengoela uste nuen. Ez nien ezer esan lagunei baina gero eta askoz ere urduriago nengoen. Mendian egunero ibiltzen hasi nintzen lasaitu behar nuelako. Baita erretzen hasi ere.

Gau hartan, ohean erretzen ari nintzen eta, dirudienez, lo gelditu nintzen. Bat-batean besoan sastada bat sentitu nuen. Esnatzean, logela kez beteta ikusi nuen eta Galtzagorriak –horrela deitzen dut- urruntzeko keinua egin zidan. Galtzagorriak bizia salbatu zidan!

Gainerako egunetan pozik eta lasai-lasai egon nintzen bai bainekien iruditu arren, Galtzagorria ez zela batere gaiztoa, pixka bat bihurria baizik.

Valentziara itzuli aurretik, gau-mahaiaren gainean bonboi-kutxa eta bi galtzerdi-pare utzi nituen. Ezetz asmatu zer kolorez eginda zeuden galtzerdiak? Eta kutxa? Gorriz. Jakina! Zer iruditzen zaizu nire esperientzia baserrian? Tira bada, Dani, Valentziara zatozenean, zerbait gehiago kontatuko dizut.

Segi ondo eta besarkada bat.

Emilia.
 

"ZURI ETA ZURE ARGAZKIARI". Egilea, Mari Ane Eguía (Sodupe, Bizkaia)

Bilbon, 2019ko Urtarrilaren 1ean

Zuri eta zure argazkiari, Zuri nire irudimenezko amona maiteari, Ia ez zaitut ezagutzen. Denborak ez zidan eman zu ezagutzeko aukerarik. Neure bizi istoriaren denbora lerroari segida eta sentsua emateko, irudimenaren bitartez bete behar izan ditut zure bizitzarekiko ditudan hutsuneak. Gauza gutxi dakizkit. Jaio bezain laster aita eta ama, zeure omenez jarri zidaten dudan izena, eta hortaz, soinu kapikua hori izan da geure biziaren mantra eta gure nortasunaren adierazle.

Azken gabonetan, zure ahizparen etxera joan nintzen, 93 urte ditu orain. Txikitan Larraskitun bizi zineten etxe berean bizi da, umila baina egonkorra, berak dionez ez zaio ezer falta, kapritxoren bat ere erosteko diru adina dauka eta. Bere gorputz motelari buru fin eta espiritu gazte batek eragiten dio.

Atea jo genuen aita eta biok, berak ireki eta guk ginela somatu bezain laster besarkadez ito gintuen, etxera sarrarazi gintuen eta nik besarkatu eta gero bere paretik urrundu ninduen poliki.

Segidan neure aurpegia ikertu zuen arreta handiz denborak zure antzerako hazpegiren bat oparitu didan jakin nahian.

Zenbaitetan nigan berpiztuko zarela uste duela pentsatu dut, edo ni zu bihurtuko naizela denboraren eraginez. Neure aurpegian barne bilatzen zaitu, amama. Nire intuizio hori berrezten da ustekabean bera zutaz hasten denean berba, batbatean, aurrekoarekin loturarik gabe, azalpenak soberan egongo balira bezala. Aurten bere soan ikusi dut bere desiraren asetzea: Azkenean, badirudi bere guraria neure gorputzean badoala gauzatzen.

Zero hiru zazpi zero zortzi. Hori dugu aurten oparitu behar genion gabonetako loteria zenbakia. Itsusia da, esan du aitak, eta itsusia edo polita berdin duela sortearen kategorian, erantzun digu berak. Horrekin batera, noski, arrosa gorriak oparitu dizkiogu, hamahiru, urtero bezala. Horiek bai politak, baina batez ere sozialismoaren ikurra direla eta orduan ere, politak baino, garrantzitsuak direla bota digu.

Hogei minutuz mintzatu da sozialismoari buruz. Bitartean sukaldeko mahaiaren inguruan esertzeko adierazi digu eta konturatu gabe kafesne beroa geneukan eskuen artean.

Aita eta biok eserita, arrosak lorontzi inprobisatuan et katua aulki baten pean, isil-isilik entzun dugu mintzaldia… Bera ere isildu da eta maitasun osoz begiratu nau.

Aurreko urtean zutaz mintzatu zen. Urte bakoitzeko zure bizitzaren zati baten istorio bat oparitzen digu. Nik, etxera bueltan, gaztea zineneko argazkia begiratzen dut eta zure ahizpak kontatutakoa argazkian nabaria egiten zait. Hitzak argazkian plazaratzen dira eta zure irudiaren agerkunde berria islatzen da. Aurreko urtean bisita egin genionean Parisetik etorri berria nintzen, La Sorbonnako Unibertsitateko titulua besapean nekarrela. Pozaren pozez Larraskituko izekoak, zu, amona, Frantziara erbesteratu behar izan zinelako istorioa kontatu zigun: Parisera ailegatu zinela aititerekin eta Sena ibaiaren ertzetan paseoa ematea gustoko zenutela kontatu zigun. Azken zehaztasun hori Historia edo kontakizuna den inoiz ezin izango dugu jakin. Ala eta guztiz ere, kasu honetan, “Egi Osoaren” bila dugu arerio, apurrak elikatzen baikaituzte. Frantziatik bidaltako gutunaren bat ailegatu zitzaion zure ahizpari, eta berak irakurtzera gonbidatu zidanean, zuretzat gutunak idaztea ez zela bakarrik gertatutakoaren berri emateko, baizik eta literatura eta arte kutsua ere bazeukala iruditu zitzaidan.

Kafesneak askotariko gozokiei eman zien paso. Elkarrizketaren joan-etorriak galantak izan ziren. Bizi gertakizunen berriak gora eta bera ibili ginen. Diru kontuak, albisteak, lana… Eta …bat-batean zuk, amona, betidanik maistra izateko ilusio betegabea izan zenuela esan digu Larraskituko zure ahizpak eta nik segidan Bilboko IES baten hasi naizela irakasle ziurtatu diot.

Epifania gertatu omen da.

L´imagination, ce n´est pas l´util qu´on a pour donner du sens au hasad? Irudimena, ez al da kointzidentziei sentsua emateko dugun herramienta? Zer uste duzu zuk neure irudimenezko amona maitea?



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia