euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Uzturre Munduan’ elkarteak bi dantza tailer eskainiko ditu Argentinan, Bahia Blancan eta Buenos Aires hiriburuan

2016/09/05

2015eko irailaren 12 eta 13an eman zuten tailerra Uzturre Munduan-eko gazteek Laurak Baten
2015eko irailaren 12 eta 13an eman zuten tailerra Uzturre Munduan-eko gazteek Laurak Baten

PUBLIZITATEA

Iaz Buenos Airesen antolatutako jardunaldiei jarraipena emango diete aurten Euskal Herriko ‘Uzturre Munduan’ elkarteko kideek. Dantza tailerrak bi egunekoak izango dira. Bahia Blancan egingo dena, irailaren 10 eta 11an izango da, hiriko Union Vasca Euskal Etxeko instalazioetan; bestea, irailaren 17 eta 18an, Buenos Airesko Laurak Bat-en.

Buenos Aires, Argentina. Gonbitea FEVAtik dator eta Argentinako euskal etxe guztietako dantzariei dago zuzenduta. ‘Uzturre Munduan’ euskal elkarteko kide diren Bilboko Gaztedi Taldeko Ander Herrero eta Portugaleteko Elai Alai taldeko Garazi Uriarte eta Ainhoa Beitia dantzariak propio etorriko dira Argentinara dantza tailerrak eskaintzera.

Hitzorduak, Argentinako ahalik eta leku gehienetako gazteen partaidetza bultatzeko asmoarekin, bi hiritan izango dira: irailaren 10 eta 11an Bahia Blancako Union Vasca-n; eta 17 eta 18an Buenos Aires hiriburuko Laurak Bat-en. Bietan, honako programa jarraituko da:

-Larunbatean, goizeko 10etan, dantzarien harrera eta tailerraren hasiera;
-Igandean, goizeko 10etan, tailerraren jarraipena. Eguerdiko ordu 1ean, aktibitatearen amaiera eta azken-agur bazkaria.

Uzturre Munduan proiektuko ordezkari den Gorka Mostajo Galdurotzek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “lehenengo urtez antolatuko dugu tailerra Bahia Blancan, baina bertako Euskal Etxea ezagutzen dugu, oso harreman ona daukagu eurekin eta ziur gaude asteburu probetxugarria igaroko dutela dantzariek. Bestalde, ondoko asteburuan Laurak Bat Euskal Etxean egingo den tailerra iaz bezalakoa izango da. Esperientzia positiboa izan zen oso; izan ere ez genuen espero horrenbeste jendea etorriko zenik eta egia esan gure espektatibak guztiz gainditu ziren. Beraz, errepikatzeko asmoa dugu”.

“Ikastaroetatik aparte, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxera ere bertaratu dira hiru gazteak eta baita Maipuko Anaitasuna Euskal Etxera ere, kasu honetan ere aurrenekoz", azaldu digu dantzariak. "Argentinan guztira batetik bestera 20 bat egun igaroko dituzte hiru dantzariek. Eta nahiz eta ni neu aurten ez naizen joango, irrikan gaude iazko esperientzia errepikatzeko. Hunkigarria da benetan etxetik milaka kilometrotara horren handia den euskal komunitate batekin topatzea, euren sustraiak mantentzen sekulako lana egiten dituen komunitatea gainea. Euskadin edozein material eskura daukagu, edozein musika, liburu, irakasle... han, ordea, horrelakoak lortzeak ahalegin bikoitza edo hirukoitza eskatzen du, eta euskal etxeetako gazteek inplikazio oso altua erakusten dute gure kulturaren eboluzioaz jabetzeko. Horrelako esfortzuaren testigu zuzena izatea esperientzia itzela da guretzat. Harremana luzaroan mantentzea espero dugu!”, azaldu digu Mostajo Galdurotzek.

Gogora dezagun Uzturre Proiektuaren baitan 2014an sortutako Uzturre Munduan ekimenak euskal diaspora eta Euskal Herriko gazteriaren artean harremanak ugaltzea duela helburu, beti ere euskal kultura tarteko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia