euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Utahko Unibertsitateko balet dantzari talde bat Eibarrera heldu da gaur hamar egunez euskal dantzak ikasteko

2008/03/14

Eibarko Kezka Dantza Taldea erakustaldi batean (argazkia www.dantzan.com)
Eibarko Kezka Dantza Taldea erakustaldi batean (argazkia www.dantzan.com)

PUBLIZITATEA

Gaur bertan heldu dira Eibarrera Utahko Unibertsitateko Character Dance Ensemble taldea osatzen duten 17 dantza ikasleak. Munduko herrialde askotan izan dira tokian-tokiko dantzak ikasten eta Eibarko Kezka Dantza Taldearekin www.dantzan.com webgunearen bidez jarri ziren harremanetan. Dantza atari honen kudeatzailea, Oier Araolaza, Kezkako dantzaria da eta taldeak ikastaroa antolatzen lagundu die estatubatuarrei. 'Inbidia sanoa baino amorrua ematen du han dantzak duen egoera ikusteak, hemengoarekin alderatuta. Hemen hitzetik hortzera darabilgu euskal dantza eta gero erakundeek eta Unibertsitateak ez dute sustatzen, ezta ikertzeko eta ikasteko biderik ematen...', azaltzen du dantzariak.
Utahko Unibertsitateko ballet ikasle taldea hamar egunez arituko da Eibarren euskal dantzak ikasten, Kezka taldearen eta interneten euskal dantzari eta dantzazaleen topaleku den www.dantzan.com webgunearen lankidetzarekin antolatu duten bidaiaren baitan. Taldea gaur bertan heldu da Eibarrera, Richard Wacko irakaslea buru dutela.

'Galdetu nahi diedan lehenengo gauza zera da, zergatik aukeratu dituzten euskal dantzak eta zergatik aukeratu duten hona, Euskal Herrira etortzea. Utah-n bertan bada euskal dantza talderik, Triskalariak taldea', azaltzen du Araolazak. 'Euskal dantzei buruz momentu honetan ezer gutxi dakite, baina aurretik Beijingen, Londresen, Vancouverren edo San Petersburgon egin duten bezala, daukaten dantza formazioa oso ona denez, oinarria baino askoz gehiago ikasi ahal izango dute'.

Maskarada Zuberoan

Hamar egun hauetan ikastaro trinkoa jasoko dute Eibarko Kultur Etxean, Zuberoa eta Gipuzkoako dantzak oinarri hartuta. Antzinako dantza preklasikoak direlako eta teknika oso berezia dutelako aukeratu omen dituzte hauek. Ikastaroa Ikerfolk elkarteko dantza-maisuek emango dute: Iñaki Arregi, Jexux Larrea, Fernando Aristizabal, Jokin Otamendi eta Garikoitz Otamendik. Gainera, J. A. Urbeltz antropologo eta dantza adituak klase teoriko bat emango du.

Ikastaroa osatzeko, bisitariek dantza erakustaldiak zuzenean ikusteko aukera izango dute. Igande honetan Zuberoara joango dira, Arrokiaga, Aloze eta Atharratzera hain zuzen, bertan Maskaradak aurrez-aurre ikusteko. Datorren asteartean Eibarko Kezka taldeak eta Elgoibarko Haritz taldeak Gipuzkoa eta Bizkaiko dantza erakustaldi berezia egingo dute ikasle estatubatuarrentzat.

Euskal dantzen egoera

Euskal Herrian balleta Unibertsitatean ikastea deigarri gerta badaiteke ere, Utahko Unibertsitateko Ballet Saila 1951an sortu zen eta honako lizentziaturak eskaintzen ditu: Irakaskuntza eta Koreografia, Interpretazioa, Dantza Folklorikoa eta Ikerkuntza. Talde honen bisitaldiak dantzak gurean duen egoeraz hausnarketa egiteko parada ematen du. 'Inbidia sanoa baino amorrua ematen du han dantzak duen egoera ikusteak, hemengoarekin alderatuta. Hemen hitzetik hortzera darabilgu euskal dantza eta gero erakundeek eta Unibertsiteak ez dute sustatzen, ezta ikertzeko eta ikasteko biderik ematen...', agertzen du Araolazak.

Dantzan.com ataria ere dantza munduan ageri den behar horren ondorioa da. 'Halabeharrez bilatu behar izan dugun lehioa da. Horrelako tresna baten beharra zegoen komunikazioarako, informazioa emateko...', azaltzen du Araolazak. Ataria munduko eta Diasporako dantza taldeentzako topagunea da eta bertan atzerrian ari diren dantzariei segimendua egiten zaie.


Lotura interesgarriak

Dantzan.com ataria
www.dantzan.com

Character Dance Ensemble taldearen webgunea
www.ballet.utah.edu

J.A. Urbeltzen mintzaldi bira AEBetako hainbat unibertsitateetan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko urriaren 20an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia