euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2012ko Sanferminetako jai giroa bizi bizia heldu da Argentinako euskal eta nafar etxeetaraino

2012/07/12

Sanferminetako txupinazoa bota ondoren,Tres Arroyoseko Hiru Erreka euskal etxeko neskek herriko plazan egin zuten dantza (argazkiaEE)
Sanferminetako txupinazoa bota ondoren,Tres Arroyoseko Hiru Erreka euskal etxeko neskek herriko plazan egin zuten dantza (argazkiaEE)
Teknologia berriei esker, zuzenean eta minutuz minutu jarrai daitezke gaur egun Sanferminak munduko bazter guztietatik. Baina segimendu soil hori ez da nahikoa Diasporako euskal eta nafar etxeetako lagunentzat eta ospakizun propioak antolatzen dituzte San Fermin jaietan murgildu eta festa ahalik eta bizien biziarazteko, Nafarroako patroiaren omenezko jaiaren izpirituari eutsiz baina beti ere tokian tokiko estilo edo ñabardurei segituz. EuskalKultura.com-eko artikulu honetan, gure erredakziora heldu diren Argentinako Sanfermin ospakizunetako batzuen laburpen eta irudiak.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Iruña bertakoa ez bezala, Argentinako Sanferminak ez dira astebete luzatzen; laburragoak dira, baina hala ere, jende askoren ilusioa, alaitasuna eta atxekimendu izpiritua biltzen dituzte. Argazkiotan soma daitekeen bezala, mota askotako ekintzak egiten dira Argentinako euskal eta nafar etxeetan hain oihartzun handiko festa hau ospatzeko, tartean bazkariak, afariak, dantza emanaldiak eta txupinazoa bera. Egunotan Iruñean bizitzen ari den giroa Argentinara heldua da eta argazki selekzio hauxe horren erakusgarri.

Arrecifeseko sanferminak 2012 01

[Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko lagunek "ondo baino hobeto" ospatu dute jaia. San Fermin jaia ez ezik, ikurrinaren eguna ere ekitaldi berean ospatu dute arrecifestarrek lagun arteko afari batekin. Dilistak, euskal dantzak, karaokea eta nola ez, ardo zahatoa (argazkiakEE)] 

Gral Rodriguezko Sanferminak 2012 02A

 [Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea euskal etxean Mus Txapelketa burutu zen joan den larunbat arratsaldean. Hogeita hamar bat muslarik hartu zuten parte lehiaketan, 12 eta 93 urte artekoek. Irabazleei dagokienez, horrela geratu dira posizioak: I. postuan, Maria Elena Millet eta Martin Duhau; II. postuan, Alvarez anaiak; III. postuan, Carlos Leonardi eta Mauro Bielsa; IV. postuan, Francisco eta Cesar Ponce. Aipatzekoa da Elvira Kortajarena Euskadiko ordezkaria bertaratu zela Gral. Rodriguezeko euskal etxera bertoko euskaldunekin ospatzera (argazkiaEE)]

Jose C Pazeko Sanferminak 2012 02
[Eta Sanferminetako ikurrik adierazgarriena Jose C. Paz-en ere ibili zen. Izan ere, kartoizko zezen bati helduta atera ziren Toki Eder euskal etxeko kideak herriko kaleetara auzokideen poztasunerako. Ondoren, euskal etxeko egoitzan bildu ziren guztiak, aitonen pasadizoak entzutera (argazkiaEE)]

Tres Arroyoseko Sanferminak 2012 03

 [Hiru Erreka euskal etxeko kide eta lagun, herritar eta udaleko agintariak bildu ziren uztailaren 7an Tres Arroyoseko plaza nagusian txupinazoa botatzeko. Jaia hasita, dantza egin zuten etxeko neskek eta ardotxo batekin gonbidatu zitzaion bildutako jendeari. Gauean berriz, afari bat eskaini zen erakundearen egoitzan (argazkiaEE)]

 Necocheako Sanferminak 2012 03A

[‘Hator Hona’ programaren parte-hartzaileei itxaroten bitartean, Sanferminak ospatu zituzten Necocheako euskaldunek uztailaren 7aren bezperan. Afarian zehar eta kantu tradizionalek lagunduta, kopa altxatu zuten Euzko Etxeako kideek (argazkiaEE)]

 Sanferminak Rosarioko nafar etxean 2012 04

[Normala denez, mugimendu handia dago egun hauetan Rosarioko Nafar Etxean. San Ferminetako programa ostiral gauean hasi zen lagunarteen afariarekin. Larunbatean, ordea, meza, mus txapelketa, prozesioa eta dantza emanaldia burutu zituzten Rosarioko Nafar Etxean bilduta dauden nafarrek eta nafarren ondorengoek (argazkiakNE)]

Sanferminak Bolivar-eko nafar etxean 2012 05

[Eta tradizio handiko jai hau Bolivar-eko Nafar etxean ere bizi izan zen era bizi-bizi batean. Izan ere, Mirta Morionesek zuzentzen duen erakundean San Fermin egunaren bezperan hasi ziren ospakizunak Mus Txapelketa batekin eta 7an bertan jarraitu zuten elizkizunak, txupinazoa eta San Fermin afariarekin (argazkiakNE)] 


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia