euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urtebetetzea: Txileko Santiagoko Euzko Etxea bere Mendeurrena ari da ospatzen (1912-2012)

2012/03/14

Txileko Santiagoko Euzko Etxearen egoitza 1960an (argazkia Pedro Oyangurenen politesia)
Txileko Santiagoko Euzko Etxearen egoitza 1960an (argazkia Pedro Oyangurenen politesia)
2012ko martxoa da eta Txileko hiriburuko euskal komunitatea urtebetetze jaietan dabil, ehun urte betetzen ari baita martxo honetan Santiagoko Euzko Etxea. Urte osoan zehar ospatzekotan da. Bihar bertan egingo duen 'Euskal Jaia' delako batetik abiatuta, Euskal Herritik etorri diren lau sukaldari bizkaitar hautu protagonista, euskal gastronomia eta kulturari eskainitako ekitaldian. Izan ere, hain aukera berezia partekatzeko eta Txilen industria, merkataritza eta turismo arloan lor daitekeen lankidetza ikertzeko Santiagon da ordezkaritza bizkaitar zabal bat, bertako Foru Aldundiak eratua. Txileko euskal etxe dekanoaren historiaz gehiago jakitearren, gainbegirada bat eskatu diogu Pedro Oyanguren EEko artxibozain eta betidaniko kideari.

PUBLIZITATEA

Pedro Oyanguren/Txileko Santiago. XVI. eta XVII. mendeetan Peru, Mexiko eta Txilen sortu ziren Arantzazuko Kofradiak euskaldunek Ameriketan sortutako lehenengo erakunde bezala har daitezke. Limakoak laurehun urte betetzen ditu aurten. Seguruenik auzolanaren ohitura zaharraren haritik sortu ziren, elkarri laguntzeko erakunde legez.

Soilik XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran hasiko dira agertzen lehenengo euskal etxeak, bat eginez Ameriketarako emigrazio handiekin. Garai hartako argitalpenei erreparatzen bazaie, nabariak dira erakunde hauen sorrera bultzatu zuten eragin abertzaleak. Txileko kasua Uruguai eta Argentinakoen ondotik etorri zen eta mota honetako lehenengo argitalpena 1907. urteari dagokio.

1912ko martxoan agertuko da Txileko Santiagoko lehenengo euskal etxearen sorrera eskritura legala. Geroago hiriko zenbait lekutan ibili zen ez baitzuen lekurik jabegoan.

1931ean euskal etxearen baitan engaiamendu abertzale handiagoa zeukan gazte elkarte bat sortu zen Euzko Gastedija izenpean, garai hartan Euzkadin gertatzen ari zenaren erantzun gisa. 1943an jabego higiezin bat jaso zuten Vicente Arangurenek emana, Santiagoko Echeverria 1002 kalean.

Urtetan bi erakundeak bakoitza bere aldetik ibili ziren, ez ordea elkarrekin ospatzen ziren hiru jai instituzionaletan: Aberri Egunean eta Iñaki Deuna eta Mikel Deuna egunetan.

Guda Zibila bukatuta eta Erbesteko Jaurlaritza egonik, Agirre Lehendakariaren lehenengo bisita jaso zen 1942an. Bera etortzearekin hasi ziren lantzen bi erakundeek bat egiteko lanak eta azkenean Agirrek batasuna lortu zuen.

Euzko Gastedijak bere egoitza saldu eta elkarrekin erosi zuten egungo Vicuña MacKenna kaleko jabegoa. Izena aldatu eta Euzko Etxea deitu zuten, zazpi herrialdeetako euskaldunei harrera eginez. Txile zeharkatu zen laguntzeko moduan zeuden euskaldun guztiei laguntza eskatuz eta 1957an etxea hasi ziren eraiktzen. Eta geroztik ez da gelditu, beti dago zerbait gehiago eraikitzeke edo egiteke. Garrantzitsua da hori, proiektu berri bati ilusioz ekitea berriz jaiotzea bezala baita.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia