euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urkullu lehendakariaren Gabon-mezua Diasporari: itxaropena Mundu-Batzarrean elkarrekin berbiltzeko urtean

2018/12/21

Iñigo Urkullu lehendakaria
Iñigo Urkullu lehendakaria

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Itxaropenerako deia egin du Iñigo Urkullu lehendakariak 2018ko Eguberria dela-eta munduko euskal etxeei eta Diasporako euskaldunei helarazi dien gutunean. Urtero data hauetan zabaltzen duen Gabon-mezuan, familia, bihotza, barne sentimentuak eta itxaropena aipatzen ditu Urkulluk, Euskadiren aurrerabidea eta euskaldunek aurrera egiteko daukaten gaitasun eta jarrera egokia aipatuz. Argentinatik etorri berria den honetan, 2019an egingo den Kanpoko Euskal Gizataldeen VII. Mundu-Batzarra ere aipatzen du, esker onez munduko euskaldunekiko, beti ere agiantza onenekin urte berriarekiko.

Hona Iñigo Urkulluren gutunaren testu osoa:

Kanpoan bizi zareten euskaldunok,

Mundu osoan zabalduta dagoen euskal familia handia osatzen duzuen guztioi, hoberena opa dizuet Gabon hauetarako eta ate joka dugun 2019. urterako. Urte-sasoi honetan, bakoitzaren gorabeheren eta aukeren arabera, pertsona eta familia asko itzultzen zarete jaiak hemen ospatzera; beste batzuek, berriz, bizi zareten herrialdean ospatzen dituzue. Neure egiten dut elkar ikuste horien beroa, familiak biltzeak, berriz ikusteak eta bihotzak elkarrengandik gertu sentitzeak dakarren zoriontasuna. Baina oso gogoan ditut egun hauek nahi bezala ospatu eta gozatu ezin dituztenak ere. Bat egiten dut haien sentimenduarekin ere.

Gure nahia Euskadin, hemen bizi dugun errealitatea ere askotarikoa dela jakinda, Gabonak lasai bizitzea da, izu-ikararik gabe, Euskadik izango duen bilakaerari itxaropenez begiratuz. Aurrera goaz esparru ekonomikoan eta sozialean, eta aurrera goaz bizikidetzaren bidean ere, indarkeriak gure iragan hurbilean utzi dizkigun zauriak osatuz.
Herri serioa gara, zailtasunei gogor aurre egiten dakiena, erronkak lankidetzaren eta erantzukizun partekatuaren bidez gainditzen ahalegintzen dena. Duela hamarkada bat, krisialdi bat hasi zen, eta oso luzea eta sakona izaten ari da. Gainditzen ari gara, ordea, ahalegin kolektiboari eta guztion adoreari esker. Badakigu ahaleginari esker gailurrera iristen, eta berriz igotzeko atzera egiten ere bai. Inor atzean ez uzten saiatzen ari gara, eta Europako herrialderik aurreratuenen pare jartzeko nahiari eusten diogu.
Iraganean, zenbait krisialdi ekonomikok zein sozialek bultzatuta, emigratu egin behar izan zuten gure arbasoek, eta Euskal Diasporaren errealitate berezi eta bakarra sortu zen horrela: mundu osoan Euskadiren presentziaren harremanak ehuntzen dituen sarea. Hala, bada, gure aurrekoek oinordetzan utzitako ereduaren indarra sentitzen dugu. Gure historiak eragozpenei aurre egiteko zaildu gaitu. Orain, gainera, gure gizartea aurrera egiten ari da bake-bidean; lorpen hori Euskadi aldatzen ari da, eta erakusten ari zaigu zer-nolako indarra dugun herri gisa, elkarrekin lan egiten badugu.

Berriz ere zuengana itzulita, aktibo izugarria daukagu, mundu osoan zabalduta eta integratuta dagoen euskal komunitatea, Euskadirekin bene-benetako leialtasuna eta konpromisoa duena. Herri gisa, harro gaude komunitate global horretaz, eta lagungarri zaigu haren konpromisoa. Edonora goazela ere, beso-zabalik hartzen gaituzue, eta zuen esperientzia eta ezagutza guztia eskaintzen dizkiguzue, eskuzabal. Talentuz eta asmoz handiz betetako gazteen belaunaldi berri bat dugu, gainera. Zuek, gazteok, Europan, Amerikan eta Asian zabalduta zaudete batik bat, eta zuen euskal lurren alde egin dezakezuen guztia erakusteko aukera izan nahi duzue.

Euskadi munduarekin lotzeko dugun lotura naturala, gertukoa eta berehalakoa osatzen duzue. Datorren urtean, Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VII. Mundu Biltzarra egingo dugu. Berriz elkartzeko eta euskal komunitateak dituen erronka nagusiez aritzeko aukera emango digu horrek. Euskal Etxeekin ekimen berriak abiatzeko abagunea ere izango dugu, eta, hala, XXI. mendean kanpoan euskal presentzia indartzeko estrategia orokor bat bideratzeko moduan izango gara.

Gure herria eta gure euskal komunitatea munduan hazten ikusten jarraitzeko ilusioz, euskal gizartearen izenean, eskerrak eman nahi dizkizuet, eta hoberena opa dizuet jai hauetarako eta urte berrirako.

Gabon zoriontsuak igaro ditzazuela eta Urte berri on!

Iñigo Urkullu Renteria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia