euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urkullu lehendakariak Quebec bisitatuko du urri hondarrean, ekonomia ardatz izango duen bidaia batean

2017/09/28

PUBLIZITATEA

Urkulluren bidaia urriko azken astean eta azaroko lehenengoan izango da. Lehendakariak Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura sailburua lagun izango du, besteak beste, bidaiaren eduki ekonomiko handiagatik. Kointzidentziaz, Kanada eta AEBetako euskal erakundeen bilgarri den NABO federazioak datorren asteko asteburuan egingo du bere Udazkeneko Bilera Montrealen. Bere bidaian, Urkullu Montrealgo euskaldunekin biltzea aurreikusten da.

Montreal, Quebec. Montrealen egoitza daukan Euskaldunak Euskal Etxeko kideak gogor ari dira NABOk datorren asteko asteburuan hirian egingo duen bilera prestatzen, Estatu Batuetako eta Kanadako euskal erakundeetako hamarnaka ordezkari espero baitituzte, NABOk urtean egiten dituen hiru bileretako hirugarrena, Udazkenekoa, bertan gauzatzeko (artikulua eskainiko dio datorren asteak bilera honi EuskalKultura.com-ek). Urria bilera honekin hasita Montrealgo euskaldunek hilabetea beste ekitaldi berezi batekin itxiko dute, urriko azken astean Urkullu lehendakariak Quebec-era egingo duen lehenengo bidaia ofiziala iragarri baitu, azaroko lehenengo aste erdialdean euskalerriratzeko.

Jaurlaritzatik adierazi dute Urkulluren bidaiaren ardatza ekonomia izango dela, eta harremanbide berezia sortzea Quebec-ekin, aurretik beste erregio batzuekin egin den legez, Quebec-ere sartuz dagoeneko Aquitania, Baviera, Flandria (Europan), Jiantsu (Txinan) eta Queretaro (Mexiko) eta Cundinamarca (Kolonbia) dauden aliantza estrategiko sare horretara.

Bidaia, ordea, Kataluniak bere erreferenduma egin eta lau bat aste pasatu direla egingo da, eta beraz zalantzarik ez da gaia eta Quebec-eko kasua ere mintzagai izango direla Jaurlaritzan egingo duen bisitan, Urkulluk Quebec-eko kontsulta itunduaren bidea defenditzen baitu Euskadin. Kanadako Argitasun Legea etsenplutzat hartuta.

Lehenago ere harremanak izanak dituzte Quebec-eko agintariek eta Eusko Jaurlaritzak, 2015eko maiatzean Urkullu Parisen bildu baitzen orduan lehenengo ministroa zen Philippe Couillard-ekin Quebec-ek hiriburu frantsesean daukan ordezkaritza nagusian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia