euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

UPV-EHUk ikerketa ikasketetarako 45 beka eskaintzen ditu Latinamerika, AEB eta Filipinetako ikasleentzat

2008/04/17

EHUren Leioako kanpuseko eraikin bat
EHUren Leioako kanpuseko eraikin bat
Euskal Herriko Unibertsitateak Latinamerika, Filipinak eta AEBetako ikasleen mugikortasuna sustatzeko beka deialdia ireki du. Bekak 2008-2009 ikasturteko kalitate aipudun doktoretzatara sarbidea ematen duten ikerketa masterrak egingo dituzten ikasleei zuzenduak dira. Beka bakoitzaren zenbatekoa 4.500 eurotakoa da eta eskabideak aurkezteko epea datorren maiatzaren 17an itxiko da.

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV-EHU) beka deialdia egin du Latinamerika, AEB eta Filipinetako ikasleei ikerketa masterrak egiteko laguntza eskaintzeko. Master hauek UPV-EHUaren Kalitatezko aipamena duten doktoretzarako sarbidea ematen dute eta ikerlariak prestatzen dituzte. Hori dela eta UPV-EHUk eta Eusko Jaurlaritzak beka hauekin Argentina, Kolonbia, Txile, Filipinak, Mexiko, AEB, Uruguai eta Venezuelarekin dituen harreman kulturaletan eta hezkuntza eta zientzia arloko lankidetzan sakontzeko helburua dute.

Laguntzek urteko 4.500 eurotako zenbatekoa dute, eta gainera unibertsitateak ez die ikasle hauei masterraren prezio publikoa kobratuko. Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte honako ikasleek: 'dagokion Doktoretzan Kalitate aipua duen Ikerketa Masterrean aldez aurretik izena eman eta ondoren matrikulatzen direnak', deialdiak azaltzen duenez.

Eskabideak aurkezteko epea

Eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 17an itxiko da. Euskadiko ordezkaritzak izango dira eskabideak jasoko dituztenak, deialdiak azaltzen duenaren arabera. AEBetako eskabideen kasuan Mexikoko ordezkaritzan hartuko dituzte, Uruguaikoak Argentinako ordezkaritzan, Kolonbia eta Venezuelakoak Txileko ordezkaritzan eta Filipinetakoak Madrileko ordezkaritzan.

Ordezkaritzen helbideak honakoak dira:

-ARGENTINA: Av. Alicia Moreau de Justo 846 3º of. 21, Ciudad Autónoma de Buenos Aires, C1107AAR, República Argentina

-TXILE: Apoquindo 3669 – Oficina 802, Las Condes (Santiago de Chile), Chile

-MADRIL: Cedaceros 10, 6º, 28014 Madrid, España

-MEXIKO: Horacio 1213 – Colonia Polanco 11550 Miguel Hidalgo (México D. F.), México

Eskabideak UPV-EHUko Gradu eta Graduondoko Ikasketen Errektoreordeari zuzendu beharko zaizkio, deialdian aipatzen diren dokumentu eta imprimakiekin. Deialdiari buruzko argibide guztiak, hemen.

Laguntzen banaketa

Laguntzen banaketa eskatzaileen kopuruaren araberakoa izango da. Venezuela eta Kolonbiako eskatzaileentzat 10 beka egongo dira, Mexiko eta AEBetakoentzat beste 10, Argentina eta Uruguaikoentzat 10 ere eta beste hainbeste Txilekoentzat. Filipinetako eskatzaileentzat 2 beka egongo dira eta gelditzen diren 3 bekak eskabide gehien izan dituzten herrietako ikasleentzako izango dira.

Gradu eta Graduondoko Ikasketen Errektoreordea izango da deialdiaren esleipena egingo duena eta emaitzak Unibertsitatearen webgunearen bitartez argitaratuko ditu.


Lotura interesgarriak

Deialdiari buruzko informazio osoa
www.ikasketak.ehu.es webgunean

Euskal Herriko Unibertsitatea
www.ehu.es

EHU eta Filipinetako 3 unibertsitateen artean lankidetza akordioa
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 29an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia