euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Une historikoa Posadasko Euskal Etxearentzat: komodato bat medio Euskal Jatorrik bere egoitza eraikitzeko lursaila eskuratu du

2018/03/09

Komodatoa EBY-Entidad Binacional Yacyreta-n sinatu zen
Komodatoa EBY-Entidad Binacional Yacyreta-n sinatu zen

PUBLIZITATEA

Lursaila "EBY-Entidad Binacional Yacyreta" izeneko erakundearena da eta sinatutako agiria medio Euskal Etxearen eskuetan uzten du, honek bere egoitza hor eraiki eta bere ekimenak bertatik egin ditzan. Hitzarmena joan den asteartean sinatu zuten bi aldeek eta tokiaren bereganatze sinbolikoa datorren asteartean egingo du Euskal Jatorri-k, euskal elkarteko Zuzendaritza Batzordeko bilera bat lursailean bertan eginez.

Posadas, Argentina. Komodatoa asteartean, martxoak 7, sinatu dute EBYko zuzendari Enrique Diaz Esmendik eta Euskal Jatorri Euskal Etxeko lehendakari Mariangeles Roscianik. Bilera EBYko instalazioetan egin zen, Euskal Etxeko diruzain Roberto Aramendi eta idazkari Maria Silvia Soloaga ere bertan zirela.

Soloagak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “poz-pozik" daude, "honakoa urrats handia delako guretzat". "Euskal Jatorri-k 17 urte dauzka baina ez du sekula egoitza propiorik izan, eta horrek mugatu egin gaitu hainbat zentzutan". "Orain, eta Enrique Diaz Esmendiri eta Roberto Aramendiri esker, gure egoitza soziala izateko bidean jarri gara", esan digu Euskal Jatorriko idazkariak.

“Argi daukagu, bestalde, honakoa hastapena eta oinarrizko urratsa baino ez dela. Une honetan ez daukagu baliabide handirik eraikuntza lanei ekiteko, baina hori ere erronka eta akuilu gisa hartuko dugu. Zorionez, EBYk laguntza eskaini digu baita ere diru-laguntzen eskaerak egiteko”, jakinarazi digu instituzioko oso kide aktiboa den Soloagak.

Lursaila Posadas hiriko ibaiertzeko etorbidean dago (Argentinan 'costanera' deitzen zaion horretan), Malvinas Uharteen Monumentuaren aurrean.

Tokia bereganatzen hasteko, ‘jabetza-hartze informala’ egingo dute Euskal Jatorriko kideek datorren asteartean, martxoaren 13an. “Aulkiak eramango ditugu eta Zuzendaritza Batzordearen bilera egingo dugu bertan, lekua ‘estreinatzeko’”.

2018ko plangintza

Berri on honekin batera, oso ona ez den beste bat ere badauka Misiones probintziako hiriburuko Euskal Etxeak. Arazo administratibo batzuk gainditu beharrean dago eta ondorioz murriztu behar izan du probintziaz kanpoko bere aurtengo partaidetza euskal-argentinar kolektibitateko ekitaldietan. Bertan behera utzi behar izan dituzte, besteak beste, euren partaidetza euskal etxeen Olavarriako topaketan, Cañuelaseko Aberri Egunekoan eta ‘Buenos Aires Celebra’n.

Baina beste zenbait proiektu baditu elkarteak eta gogoz eutsiko die. Nobedadeen artean San Juan Eguneko ospakizuna. Euskal Etxearen asmoa ekainean San Juan jai handia egitea da, besteak beste egoitza berriari begira, dirua biltzen hasteko.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia