euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Haur literatur lehiaketa antolatu du Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxeak herriko Liburu Azokaren baitan

2009/10/16

Pehuajó-ko Etxe Alai Euskal Etxeak aurreko edizio batean erabilitako eslogana
Pehuajó-ko Etxe Alai Euskal Etxeak aurreko edizio batean erabilitako eslogana

PUBLIZITATEA

Urriaren 15etik 18ra arte gauzatuko da Buenos Aires probintzia argentinarreko Pehuajo herrian bertako Liburu Azoka, Martin Fierro izenpean, Argentinako literaturaren klasikoaren omenez. Lau egun hauetan zehar mota askotako ekintzak garatuko dira XIII. azokan, tartean hitzaldiak, tailerrak, antzerkia eta liburu aurkezpenak. Aldi berean, herrian bizi diren kolektibitateek standak jarri dituzte azoka esparruan. Euren artean, Etxe Alai Euskal Etxeak, eta aurten proposamen berezi batekin: lehen mailako ikasleei zuzendutako literatur lehiaketa bat. Euskal Herria eta euskal kultura dira idazlanen gaiak eta testuak aurkezteko epea datorren larunbat arratsaldeko seietan bukatuko da.

Pehuajo, Argentina. Etxe Alai Euskal Etxeak literatur lehiaketa batean parte hartzeko gonbidapena luzatu die lehen eta seigarrenaren maila arteko ikasleei. Lehiaketa Liburu Azokaren testuinguruan garatuko da eta haurren parte-hartzea bultzatzea du helburu. Idazlanek hamabost lerro gehienez behar dituzte bildu eta eskuz idatziak behar dira aurkeztu, orri arrunt batean. Gaiari dagokionez, Euskal Herriko kultura, ohiturak eta jendea hartuko da abiapuntu, Argentinan zein Euskal Herrian.

Euskal etxeko kide eta lehiaketaren arduraduna den Quela Gorrik azaltzen duenez, 'txapelketa erakundearen standari indarra emateko antolatu dugu, eta aldi berean, haurrei Pahuajoko kulturen jai honetan parte hartzeko aukera bat emateko'. Partaideak hiru kategoriatan sailkatu ditugu eta epaimahaikideek, lehen mailako maisu-maistrek, testuen edukiak, txukuntasuna eta ortografía hartuko dute kontuan. Lehiaketaren oinarriak Azokako 22. standean eskura daitezke. Hor bertan aurkeztu behar dira idazlanak, horretarako epea 17an, datorren larunbatean, arratsaldeko seietan amaiturik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia