euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ugarritzak eta Maral banda tarteko, laurehun lagunek ospatu zuten San Ignazio Arrecifeseko Euskal Etxean

2008/08/25

Arrecifeseko Euskal Etxearen baitan aurten sortu den dantzari 'Txiki-zaharren' taldea denbora goxoa pasatzen dantzan jo ta ke
Arrecifeseko Euskal Etxearen baitan aurten sortu den dantzari 'Txiki-zaharren' taldea denbora goxoa pasatzen dantzan jo ta ke
Salgai jarritako txartelak 380 izan baziren ere, jaia baino astebete lehenago ez zen bat bera ere gelditzen. Ekitaldiak begibistako arrakasta lortu zuen, nahiz eta hainbat jende kanpoan gelditu zen sarrera garaiz ez lortzeagatik. Parte hartu zutenek, ordea, zalantzarik gabe zioten: “Azken hamar urteetako San Ignazio onena izan da Euskaldunak Denak Bat euskal etxean”, “menua, guztien gustukoa; dantzari guztiek hartu dute parte; etxeko abesbatza ere aritu zen; eta, luxua izan zena: Ugarritzak dantza taldeak Fandangoa eta Arin-arina zuzeneko musikaz dantzatu zituen, Maral banda laguntzaile. Jaia iluntzeko zazpiak arte luzatu zen, gonbidatuek ez baitzioten dantzatzeari utzi nahi”.

Arrecifes, Argentina. San Ignazioren ospakizunak uztailaren 31n bertan, osteguna, hasi ziren Buenos Aires probintziako herri honetan. Euskaldunak Danak Bat Euskal Etxeko bazkide eta lagunak hilerrira hurbildu eta komunitatean zendutakoak ohoratu zituzten euskaldunen panteoiaren aurrean, ohoratu ere Victoria Abasolok Marianela Rimini txistulariaren laguntzaz dantzatutako aurreskua medio. Ondoren, bildutakoak Immigranteen Plazara mugitu ziren, bertan Argentinako ereserkia eta Eusko Abendaren Ereserkia abesteko. Segidan, dantzari txikiek eta euskara barnetegian parte hartzen ari ziren ikasleek kolorez bete zuten enparantza dantza eta kalejira alai eta higikor batekin.

Igandea, berriz, meza batekin hasi zen, goizeko hamaiketan, San Jose de los Arrecifes parrokian. Elizkizuna bukatuta, jendea Euskal Etxera biltzen hasi zen, hura baitzen 380 lagunentzat prestatutako bazkariaren egoitza.

Dantzariak eta 'Iñaki' txikia

Hitz hunkigarriez eman zien bildutakoei ongietorria  Marilin Boveda Euskaldunak Danak Bat-eko lehendakariak eta ondotik Juan Bautista “Iñaki” jaio berria aurkeztu zien, Facundo Araguz, dantza taldeko zuzendariaren lehenengo semea. Juan Bautista San Ignazio egun berean jaio zen eta oraingoz, Euskal Etxeko partaide txikiena da.

2008 arrecifes san ignazio-01

[Marilin Boveda Arrecifeseko Euskal Etxera bildutakoei ongietorria ematen]

2008 arrecifes san ignazio-02

[Teresa Zavaleta, Juan Bautista eta Facundo Araguz-ekin]

Bazkalostean, dantzariak agertokia eurenganatu zuten. Hasieran Ugarritzak taldekoan aritu ziren, gero txikiak, eta bukatzeko “txiki-zaharrak”, esan nahi baita aurten hasi den helduen dantza taldea. Dantzak geroago segituko zuen, baina bostak inguru publikoa prest zegoen Arrecifes bertako Maral musika taldearen errepertorio euskalduna entzuteko. Mariana Dominek, taldearen ahotsak, bere ohiko xarmaz, euskaraz kantari jarri zituen bildutakoak.

2008 arrecifes san ignazio-03

[Ugarritzak talde euskal arrecifestarra bere emanaldia eskaintzen]

2008 arrecifes san ignazio-05

[Maral taldeak txalo beroak lortu zituen bere euskarazko kantuekin]

Maral eta Ugarritzak

Baina eguneko momentu onenetako bat doaike, Ugarritzak-ekoek Fandangoa eta Arin-Arina Maral-en zuzeneko musikak babestuta dantzatu zutenekoa izan zen. “Hau oso gutxitan gertatzen da hemen Argentinan, alegia zuzeneko musikaz dantza egiteko aukera izatea, eta guretzat, hori lortzea, eta Maral bezalako talde baten eskutik, harro egoteko zerbait da”, aitortu zuten dantzariek.

Egundoko jaia iluntzeraino iritsi zen, gerokoan Tumbao taldearen erritmoarekin. Hauek ere zuzenean jo zuten eta Argentinako mota askotako soinuak oparitu zizkieten Euskal Etxeko areto nagusian dantzatzeari uzteko gogo gutxiz azken mementuraino beste bat-ka jardun zuten hamaika lagunei.

Enlaces complementarios

Maral-en bideoa, Itoizen 'Lau teilatu' joz
http://www.youtube.com/watch?v=YKsNaf2uItY

Maralen bideoa, Oskorriren 'Aita-semeak' joz
http://www.youtube.com/watch?v=x64jp1YoDYg



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia