euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Udalbidek Urbasan udalekuetan parte hartzeko gonbitea egiten die zazpi herrialdeetako eta Diasporako gazteei

2009/03/13

Udalbideren udalekuen afitxa
Udalbideren udalekuen afitxa

PUBLIZITATEA

Udalbidek, Euskal Herri osoko hainbat udaletxe euskaltzalek sorturiko elkartasun elkarteak, 'Urbasan bagara' udalekuen hirugarren edizioa jarri du abian. Udaleku hauetan zazpi herrialdeetako haurrek --zortzi, Diaspora barne-- parte hartu dezakete, astebetez naturaz gozatu eta lagun berriak eginez Urbasa mendilerroan, Nafarroan. 1996 eta 1999 urteen artean jaiotako neska-mutilek parte hartu dezakete, eta egonaldiaren prezioa 100 eurotakoa da (ostatua, janaria, jarduerak, autobusa eta asegurua barne). Izena emateko epea maiatzaren 8an itxiko da.

Donostia-San Sebastián. Udalbide Elkarlan Elkarteak 'Urbasan bagara' udalekuetan izena emateko epea ireki berri du. Udaleku hauek uztailean eta abuztuko hasieran egingo dira Urbasa Mendilerroan, Europako pagadi handienetako batean. Kanpalekuaren helburua Euskal Herriko zazpi herrialdeetako gazteek naturan eta euskaraz lagun berriak egin eta abentura jardueratan parte hartzea da. Esperientzian Diasporako gazteek ere parte hartu dezakete, nahiz eta antolatzaileek badakiten zailagoa dela, Euskal Herriko gainerako herrialdeetako gazteen baldintza beretan.

Egonaldiek astebeteko iraupena izango dute eta egun horietan gaztetxoek eskalada, espeleologia, mendi bizikleta, igeriketa, jokoak, mendi txangoak... egingo dituzte. Uneoro begirale adituak izango dira beraien kargu, Artelatz eta Urbasa Bioitza enpresen bidez. Artelatzek 1992an sortu zuen Natur Eskola, ikasleei naturan egonaldia egiteko aukera eman asmoz, eta harrez gero 14.000 ikasle eta irakasle pasa dira euren jardueratatik.

Egonaldiaren prezioa 100 eurotakoa da, janaria, ostatua, jarduerak, autobusa eta asegurua barne. Egonaldien datak hauek izango dira: uztailaren 1-7, uztailaren 7-13, uztailaren 13-19, uztailaren 19-25, uztailaren 25-31 eta uztailaren 31tik abuztuaren 6ra. Izena emateko epea maiatzaren 8an itxiko da. Eskaera banaka eta taldeka egin daiteke (sexuen arteko oreka kontutan hartuko da). Guztiek parte hartzeko aukera beretsuak izan ditzaten, eskabide bakarra onartuko da eskatzaile bakoitzeko. Izena emateko edo informazio gehiago eskatzeko, deitu +34 943 670 249 telefonora edo bidali e-maila  urbasanbagara@udalbide.net helbidera.

Udalbideren webgunea, hemen.


Komentarioak

  • UDALEKUAK 2010

    Kaixo, Notatxo bat irakurri det zuen Web horriak esanez aurten (2010) ez direla Urbasako Udalekuak egingo. Hala da???? Eskertuko nizueke baieztatzea, zeren eta nire 3 seme alabak joatekoak ziren. Hala bada PENA IZUGARRIA ematen digu famili osoari. Mila mila esker aldez aurretik, Agur bat Nerea Albisu

    NEREA ALBISU, 2010/03/19 11:09

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia