euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2012ko kurtsoaren behin behineko programa eta data aurkeztu ditu Argentinako Euskal Unibertsitateak

2011/09/30

Udako Euskal Unibertsitateko irakasle den Pedro Beramendi aurreko edizioko klase bat ematen
Udako Euskal Unibertsitateko irakasle den Pedro Beramendi aurreko edizioko klase bat ematen
Euskal Echea Institutuaren babesarekin 2009an hasi zen proiektua aurrera doa inoiz baino sendoago. Beste hezkuntza ekimen batzuk bezala, euskal kultura hedatu eta ezagutaraztea da Udako Euskal Unibertsitatearen asmoa, baina kasu honetan izenak adierazten duen legez, proiektuaren bultzatzaileek maila akademikoko proposamena eskaintzen dute eta hori dela eta kurtsoa gainditzeko idazlan bat egin behar dute akreditazioa jasotzeko interesa duten pertsonek. Datorren urteari begira, baieztatuta dago jadanik ikastaroaren data. Otsailaren 6tik 17ra Euskal Echea Eskolako Sarandi kaleko egoitzan. Aurreko edizioetan bezala, euskal historia, arte, politika eta hizkuntza izango dira gai nagusiak. Euskaditik propio etorria, Jon Sarasuak emango du amaiera hitzaldia.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argetnina. Azaroaren 1ean irekiko da 2012ko Argentinako Udako Euskal Unibertsitatean parte hartzeko izena emateko epea, argentinar hiriburuko Sarandi kaleko 735. zenbakian. Euskal kulturara hurbiltzeko goi mailako bidea egin nahi dutenak anima daitezke eta bi asteko ikastaroa egin dezakete Pirinioetako herriaren kultura era sakonean ezagutzeko. Zentzu honetan, aldez aurreko ezaguerarik eskatzen ez bada ere, komenigarria da irakurri eta ikasteko gustua izatea, azpimarratu du sortu berria den koordinazio taldeak.

Programari dagokionez, eskoletako behin behineko gai eta irakasleen zerrenda hauxe da:

- Hasierako hitzaldia, Euskal erakundeak, Mikel Ezkerro
- Euskal geografia, Euskal historia,  Jorge Beramendi
- Euskal zuzenbidea, Enrique Aramburu
- Euskal literatura – Oinarrizko euskara, Carlos Irisarri
- Euskal antropologia, Leandro Etchichury
- Euskal erakundeak, Eduardo Torry
- Euskal hizkuntzalaritza, Sabrina Otegui
- Euskaldunak eta itsasoa – Euskal sukaldaritza, Damian Cebey
- Euskal arkitektura, Federico Inchauspe
- Arte plastikoak, Adrián Gualdoni Basualdo
- Euskal musika – Txistu tailerra, José Gutiérrez
- Euskal dantzak, Mikel Huget
- Euskal kirolak, Javier Clúa
- Euskal historia, Pedro Beramendi
- Euskal mitologia, Celia Escudero
- Euskal Herriko ekonomia, Valentín Galardi
- Euskal zinea, Carlos Gabilondo
- XIX. Mendeko Euskal nazionalismoa, Pablo Ubierna
- Euskal etnologia, Txarito Naya

Irakasle hauen gain, Euskal Echea Institutuko Llavallolgo egoitzara egingo den bisitan Luis Luquez-ek eskainiko du hitzaldia eta 2012. urteko zikloa ixteko, Jon Sarasua irakasle gonbidatuak euskal kulturari buruzko mintegia emango du ikastaroko azken elkarretaratzean. Klaseak egunez eta arratsaldez izango dira, eta otsailaren 17an bukatuko dira, hitzaldi eta kontzertu batekin. Informazio gehiago eskuratzeko, honako linka bisita daiteke: http://www.euskalechea.esc.edu.ar/universidadVasca/index.htm.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia