euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Udako Euskal Unibertsitateak 2010eko lan-emaitzak libururatuta aurkeztuko ditu Buenos Airesko Liburu Azokan

2010/03/10

Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroak egin zituzten ikasle batzuk
Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroak egin zituzten ikasle batzuk
Aurten ere arrakastatsuak izan dira Argentinan, bertako Udako Euskal Unibertsitateko klaseak. Ikastaroa joan den otsailaren 9an bukatu zen, Mikel Ezkerrok Diasporari buruzko emandako hitzaldiaren osteko diploma emate-ekitaldiarekin. Orain, Udako Unibertsitateko arduradunak ikastaroa gainditzeko beharrezkoak ziren idazlanak biltzen ari dira liburu batera bildu eta 2010eko Liburu Azokan aurkezteari begira. Horretaz gain, datorren urteko egitaraua jadanik prest dago eta hurrengoa, 2012. urtekoa alegia, hasi dira lantzen antolatzaileak. Ekimeneko arduradunek adierazi dutenez, 'Udako Euskal Unibertsitateak lortu du dagoeneko bere lekua du hemengo euskaldunen eta euskal erakundeen agendan'.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Otsailaren 1etik 12ra gauzatu zen hiriburuko Euskal Echea Institutuan Udako Euskal Unibertsitatea. Proiektuaren bigarren edizioa izan da aurtengoa eta antolatzaileek oso balantze positiboa egiten dute. Izan ere, dagoeneko prest dute datorren urteko programa, eta ideia berriak dituzte jadanik 2012ko ikastarorako. 'Datorren urtean ere bi asteko egitaraua izango dugu, otsailaren 1etik 11ra. Eta azken larunbatean Euskal Echea bisitatuko da. Gaiari dagokionez, ez da aurtengotik oso urrun egongo, "Euskaldunen ibilbidea eta kultura" izango baita ardatza. 2012koari, berriz, aldaketa batzuk sartuko dizkiogu. Gaiak espezifikoagoak izango dira, bi zatitan: Geografia eta Historiaz bat eta Literatura eta Etnologiari buruzkoa bestea', azaldu dio Enrique Aramburu koordinatzaileak EuskalKultura.com-i.

Klaseetara hogeita bost bat ikasle, kasu batzuetan Buenos Aires hiriburutik kanpo etorriak, joan ziren egunero, eta horietatik hamabostek gainditu zuten ikastaroa idazlan bat aurkeztuz. Diplomak jaso zituzten ikasleak hauexek dira: Euskara oinarrizko ikastaroan, Hector J. M. Arostegui; Etnologiari buruzko ikastaroan, Dolores de Olazabal, Maria del Rosario Naya, Amelia del Carmen Chasco, Emma Di Girolamo Fagalde de Barbero, Hector J. M. Arostegui, Jorge Otaño Piñero eta Marcelina Arostegui Eceiza; eta Euskaldunen ibilbidea eta kultura programan, María Dolores Domenech y Ocáriz, Virginia Sanz de Francesco, Carlos A. Gabilondo, Diego M. Maisterrena, Verónica E. Iriarte, Marité Echegoyen eta Sabrina Paola Sayanes.

Idazlanek Eusko Ikaskuntzako arauak betetzen dituzte eta argitaratzeko prest daude. Liburuaren aurkezpena Buenos Airesko Liburu Azokan egingo da datorren apirilean. Hantxe bertan hasiko da 2011ko Udako Euskal Unibertsitatearen hedapena.

Lotura interesgarriak

Euskal Echea Institutua
www.euskalechea.org.ar

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia