euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txupinazoaren ondoren, alaitasuna lehertu da Iruñean eta zabaltzen doa festa giroa Diasporako zokoetara

2009/07/07

Mar del Platako Nafar Etxearen aurreko gazte jantzi xuri eta gorridunen konzentrazioa, artxiboko argazki batean. Zoritxarrez, aurten A gripeak ekitaldi hauetako ia guztiak ezabatu ditu Argentinan
Mar del Platako Nafar Etxearen aurreko gazte jantzi xuri eta gorridunen konzentrazioa, artxiboko argazki batean. Zoritxarrez, aurten A gripeak ekitaldi hauetako ia guztiak ezabatu ditu Argentinan
Atzo eguerdian ekin zitzaien Iruñean 2009ko Sanferminei, Maite Esporrin zinegotziak piztutako txupinazoak bederatzi jai egunetako lehenari hasiera eman zionean. Munduan zehar, hainbat euskal eta nafar etxe joan zaizkio emendatzen Iruñeko alaitasunari, kontutan izanik askotan aurreko edo ondoko asteburuetara eramaten dela jaia, Iruñean ezik aste-egun hauek lan-egun baitira. Normalean soilik Argentinan, bertan Uztailaren 9a jai patrio nazionala baita, harrapa dezakete jai egun oso bat Uztailaren 7aren inguruan, San Fermineko festa nagusia hortxe programatzeko. Eta aurten, ezta hori ere, programatu arren Argentinak A gripearekin bizi duen larrialdi egoera dela-eta, azkenean, bilkura eta elkarretaratze guztiak debekatu baitira.

PUBLIZITATEA

Iruñea-Pamplona. Txileko Nafar Etxeko kideek, esaterako, telebistaz zein internetez segitu zuten atzo txupinazoa. Santiagon, sanferminetako ospakizun egun nagusia datorren igandea izango da, uztailaren 12a, egun osoko jai egitaraua prestatu baitute egun horretarako Estadio Español izeneko hiriburuko klubean. Txileko gizatalde espainiarraren kapelau edo omonier den Jose Goyena apez tafallarrak emango du meza, ondoren Nafar Etxeko dantza eta musika taldeek erakustaldia eskainiko dutelarik, segidan ordu bietan bazkari herrikoiari ekiteko, hori ere aipatu dantza eta musika taldeek edertuta.

Uruguain, Montevideon iragarrita dago sanfermin ospakizuna, eta baita ere barnealdeko beste herri batzuetan, hala nola Hego-Mendebaldeko Salto-n, bertako 'Saltoko Euskaldunen Taldea' (sic) euskal etxearen eskutik. Nafar eta Iparraldeko hiru probintzietako jatorria daukaten euskaldunak gehiengo diren euskal etxe honek datorren ostiral eta larunbaterako, gaueko zortzietatik aurrera deitu ditu bere bazkide eta lagunak San Ferminen ohoreko festara, "taberna" eta "pintxoak, tortillak eta euskal janaria" aginduz, "euskal dokumentalekin" batera.

A GRIPEA DELA-ETA BERTAN BEHERA ARGENTINAN

Salton ez bezala, aurrez aurre, Uruguai ibaia bereizle bakar tartean, baina ibaiaren Argentinako aldean dagoen Concordian aurten utzi egin beharko diote bertako Euskal Gizataldekoek bertan tradizio handia duen San Fermin jaia ospatzeari. Edo dezente atzeratu beharko dute. Antzeko gauza pasatuko da, esaterako, Buenos Aires, Rio Cuarto, Chivilcoy, General Villegas, General Roca, Tandil, La Plata, Bolivar, Mar del Plata, Rosario, Mendoza, eta beste hamaikatxo euskal eta nafar etxeen kasuan, Argentinako osasun larrialdi egoerak orain bertan behera utzi eta gutxienekoan ekitaldiak atzeratzera behartuko baititu.

Kanadako Vancouver-en, sanferminetako deia British Columbiako Zazpiak Bat Euskal Etxeak egin zuen, kasu honetan joan den igandera aurreratua. Ohiko zapi gorriak lepoan, bildutakoek aire zabaleko egunpasa polita egin zuten New Westminster-eko Hume Park-en, "txoria nahiz marmitakoa faltatu ez zirela". Mexiko Hiriburuan ere iragan igandera aurreratu zen jaia, kasu honetan hirian ugaria den jende multzo nafarra Euskal Etxera bildu zelarik, gehienbat. Hor ere ez ziren falta izan xuriz eta gorriz jantzitakoak, EEaren kantxan eginiko bazkarira, ezta sanfermin musika eta giroa ere.

JAIA AUSTRALIAN, TXINAN, VENEZUELAN

Leku urrunagotan, hala nola Australiako Sydneyn --Townsvillekoek ere egin izan dute-- Euskal Etxearen egoitzak bildu izan ditu lagunak ospakizunerako, bazkari baten inguruan, bakailao ajoarrieroa ere osagai. Txinak, bere aldetik, harro aldarrika dezake Iruñeko Peña herrialde asiarrean sortu eta errotua daukala Shanghai hirian, bertan baitihardu arras aktibo El Kiliki Mandarín Peña, kasu honetan ere sanfermin festa nagusia aurreko asteburura ekarria. Shanghain egoiliar bizi diren iruindar gazte profesionalak ez ziren batere atzean gelditu festa hori antolatzerakoan, hiriko jatetxe batean, zapiak, jantzia eta Kukusumuxu faktoriako elastiko propioa eta guzti. Gauza bera, atzean ez geratzearena, Venezuelako Caracasen ---bertako Euskal Etxeak entzierro moduko bat antolatu izan du egiazko txekorrekin-- edota Bartzelona, Murtzia, Valentzia, Madril... eta Iruñetik hurbilagoko beste hainbat tokitako nafar eta euskal etxeen kasuan.

Aipatu ditugunak baino askoz gehiago dira munduan zehar barreiatuta sanferminak ospatzen dituzten tokiak. Festa horietako batera joan ezin dutenentzat, edota joaterekin batera aurtengo Iruñeko sanferminen zuzeneko lekukotasuna eskuratu nahi dutenentzat, tresna ezinhobea dira internet eta telebista. Saretik, esaterako, entzierroak ere segi daitezke, zuzenean. Hona baliabide gutxi batzuk:

-Kukusumuxu-ren zuzeneko estaldura: www.sanfermin.com
-Berria egunkaria: www.berria.info/sanferminak09
-Euskal Telebista: www.eitb.com/fiestas/sanfermines
-TVE: www.rtve.es/noticias/sanfermines/2009

Bestelako lotura interesgarriak

Txileko Nafar Etxea
www.centronavarrodechile.org

Saltoko Euskaldunen Taldea, Salto, Uruguai
http://saltokoeuskaldunentaldea.blogspot.com

Gure Txoko Basque Club, Sydney, Australia
www.guretxoko.com.au

Vancouver Zazpiak Bat Basque Club
www.bcbasque.com

Mar del Platako Nafar Etxea
http://navarrosudmdq.blogspot.com

Shanghaiko El Kiliki Mandarín Peña iruindarra
http://elkilikimandarin.com

Centro Vasco-Navarro Laurak Bat Euskal Etxea, Valentzia
www.valentziakoak.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia