euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txotxerako deiak ehun bat lagun bildu zituen Boiseko Sagardotegi Egunaren bigarren ediziora (argazkiak)

2012/06/28

Txotx! Sagardoa kupeletik dastatzeko aukera izan zuten boisetarrek Oinkariko dantzarien lanari esker (argazkia AnaOvergaard)
Txotx! Sagardoa kupeletik dastatzeko aukera izan zuten boisetarrek Oinkariko dantzarien lanari esker (argazkia AnaOvergaard)
Oinkari dantza taldeko gazteak jo eta su aritu ziren lanean ekainaren 16ean Boiseko Euskal Etxean egin zen sagardotegian. 'Annual Oinkari Sagardotegi Dinner' delakoaren bigarren edizioa zen, eta iazkoak izan zuen arrakastaren ostean, gogotik saiatu ziren gazteak aurtengoa ere mundiala izan zedin. Eta lortu ere, lortu zuten. Ehun bat lagun bildu ziren afarira eta giroa oso atsegina izan zen, Oinkariko Lael Uberuagak Euskalkultura.com-i azaldu dionez. Aurtengo afariaren irabaziak erdibana egingo dituzte Oinkari Basque Dancers taldeak eta Boise State University-ko (BSU) Euskal Ikasketa Programak.

PUBLIZITATEA

Boise, AEB. Oinkari Basque Dancers taldeak ekainaren 16ean egin zuen bere Urteroko Bigarren Sagardotegia, eta aurrekoa bezala, ekitaldia oso arrakastatsua izan zen. Boiseko euskaldun asko bildu ziren ekitaldira eta zinez gozatu zuten, kupeletik sagardoa edanez eta sagardotegiko menu tipikoa afalduz. Afaria Oinkariko dantzari gazteek antolatu eta zerbitzatu zuten, eta fin aritu ziren, gainera.

"Aurten iaz baino jende gutxiago izan dugu (ehun, iazko berrehunen aldean), baina horri esker Euskal Etxeko sotoko aretoan egin ahal izan dugu afaria eta giroa oso etxekoa eta atsegina izan da", azaldu dio Lael Uberuaga Oinkariko lehendakari gazteak EuskalKultura.com-i. 

Afariaren menua sagardotegiko menu tipikoa izan zen: hasteko, bakailao takoak edo bakailaoa piperradarekin aukeran. Ondoren bakailao-nahaskia, eta jarraian txuleta. Postrea, nola ez, gazta eta intxaurrak. Festalariek gustura jan zuten dena eta Lael Uberuagaren esanetan, bat edo bestek ia-ia mahaiak apaintzeko jarri zituzten sagarrak ere jan zituen. 

Boise 2. Oinkari Sagardotegia (4)

[Jesus Alcelay sukaldaria bakailao-nahaskia prestatzen eta Oinkariko dantzari gazteak adi-adi laguntzeko prest (argazkia AnaOvergaard)]

Boise 2. Oinkari Sagardotegia (5)

[Gazta eta intxaur platerrak ilaran, postrearen orduaren zain (argazkia AnaOvergaard)]

 Boise 2. Oinkari Sagardotegia (2)

[Osasuna! Boiseko euskaldunak gustura izan ziren afarian, txotxetik mahaira eta mahaitik txotxera berriz ere! (argazkia AnaOvergaard)]

Boise 2. Oinkari Sagardotegia (3)

[Dan Ansoteguiren trikitixak musika jarri zion gaualdiari (argazkia Ana Overgaard)]

Aurtengo afariaren irabaziak erdibana egingo dituzte Oinkari taldeak eta Boise State University-ko Euskal Ikasketa Programak. BSUren aldetik, ekitaldiaren antolakuntzan aritu ziren Dave Lachiondo, programaren zuzendaria, eta unibertsitateko irakasle John Bieter, biak ala biak euskal komunitateko kide ezagunak.

Oinkarik irabazitako dirua euskal dantza tailer bat antolatzeko erabiliko dute, Lael Uberuagak argitzen digunez: "Garikoitz Otamendi (Donostiako Arkaitz dantza taldeko dantzaria) ekarriko dugu Boisera dantza-irakasle eta astebeteko gipuzkoar dantza lantegia emango digu. Gari bi astez egongo da hemen; San Inazio aurreko asteburuan heldu eta San Inazio osteko asteburuan itzuliko da etxera". 

Boise 2. Oinkari Sagardotegia (6)

[Oinkariko dantzariak afariko kutxazain lanetan. Eskubian Lael Uberuaga, Oinkari Dantza taldeko lehendakaria, alboan Izar Iribarren-Gorrindo Bicandi duela (argazkia AnaOvergaard)]

Boise 2. Oinkari Sagardotegia (7)
[Afaria antolatu zuten gazteen talde argazkia. Harro egoteko moduko lana egin zuten. Bejondaizuela Oinkari! (argazkia MarieMonasterio)]

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia