euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Txorizoa da txapelketa honetako nagusi bakar eta anitza, jendeak erabilitako errezeta desberdinei esker”

2016/02/05

Ilusio handiz jarraitzen du John Belzak bere aita eta lagunek, duela berrogei urte, hasitako txorizoaren inguruko jaialdia (Argazkia: J.B.)
Ilusio handiz jarraitzen du John Belzak bere aita eta lagunek, duela berrogei urte, hasitako txorizoaren inguruko jaialdia (Argazkia: J.B.)

PUBLIZITATEA

Kalifornian euskaldunek txorizoaren inguruan antolatutako elkarretaratze bat da. Izan ere berrogei urte beteko ditu, heldu den asteburuan, Yuba City-ko (Kalifornia, AEB) Txorizo Lehiaketak. Familia eta lagunarteko plana izatetik 250 pertsona baino gehiago biltzen dituen txapelketa izateraino, hainbat fase iragan ditu sukalde norgehiagoka honek, “eta hazten jarraitzen du”, esan dio EuskalKultura.com-i John Belza antolatzaileak.

Ander Egiluz Beramendi/Yuba City, AEB. Txorizoak, Kalifornian behintzat, sasoi berezia izatea Belza eta Bidegain sendien errua da. Otsailean izaten da beti. Eta aurten, hilaren 13an, lau hamarkada beteko ditu jai honek, eguerdi aldera hasiko den Sutter Yourth Hall-eko konpetizioan. Txapelketa John Belza jaio baino urtebete lehenago hasi zuten bere aitak eta lagunek eta, aurten, Bert Ithurburn-i lekukoa hartuta, John bera izango da txapelketako arduradun nagusia, lehen aldiz.

Esaten erraza baina lortzen zaila: berrogei urte beteko ditu aurten Yuba City-ko Txorizo Lehiaketak. Zorionak!

-Ederra da, bai, pentsatzea nire aitak eta bere lagunek hasitako kontu honek aurrera jarraitzen duela eta, gainera, garai hartan haurrak ginen askok jarraitzen dugula tradizioarekin. Hainbat familiarentzat tradizio bihurtu da. Eta, zinez, ez da lan handia hau antolatzea, denbora kentzen dizu, bai, baina gustura egiten dut. Gauza ederra da.

Zer oroitzapen duzu hasierako urte haietaz?

-39 urte ditut nik, ni jaio baino urtebete lehenago hasi zuten, beraz. Ez dut gogoratzen txorizo txapelketa gabeko haurtzarorik. Gogoan dut txorizo usaina ikaragarri gustuko nuela. Eta han ibiltzen nintzela ni, bueltaka eta korrika (barre egin du). Lagunak genituen hainbat familia biltzen hasi ziren, gure gurasoek Euskal Herritik etorritako beren aitona-amonak txorizoak egiten ikusi baitzituzten txikitan. Lagunarte moduan hasi zen, bost bat urtez-edo. Eta hazten hasi zen, geroz eta lagun gehiago biduta. Garai hartan arauak oso lausoak ziren, teorian, euskaldunekin loturaren bat izan behar zenuen parte hartzeko. Egiari zor, denborarekin sukaldatzearekin interesatzen hasten zara eta, gogoan dut, orduak eman izan ditudala aitarekin txorizoa nola egin ikasten. Memoria polita da.

Gaur egun, batez beste, 250 lagun eta 70 bat parte hartzaile bildu ohi dira txapelketara. Sabaia jo duzuela uste duzu, ala hazten jarraitze du honek?

-Hazten jarraitzen duela uste dut, azken batean, parte hartzen duen bikote batek bost seme-alaba baditu, hauek hazten direnean, parte hartu nahiko dutelako ere. Hazten doala uste dut, zintzo. Baina, edozelan ere, bikaina izango zen baita ere horrela geratu izango balitz betiko.

Hainbat ezaugarri berezi ditu jaialdi honek, besteak beste, dohaintzan emandako diruari esker jarraitzen duela. Iaz, adibidez, 1200 dolar lortu zenituzten. Betidanik izan al da horrela?

-Ez, egitura eta arauak asko aldatu dira. Hasieran, nire gurasoen etxean egiten zenean, ez zegoen aseguru, errenta eta alhokola erosteko gasturik. 90. hamarkadan, Bidegain familiak hartu zuen lekukoa baina, hazten jarraitzen zuenez lehiaketak, lekuz aldatu behar izan genuen, toki berri bat alokatuz. Orduan hasi ginen, hasieran, itsulapiko batean dohaintzak hartzen, jendeari esanez kontu honekin jarraitu nahi izatekotan denon dirua behar genuela. Pare bat alditan behar baino gutxiago lortu eta zenbait lagunek jarri genuen gainontzekoa, 50 bat dolar bakoitzak. Baina birritan baino ez da hori gertatu. Orain, askotan, behar baino gehiago lortzen dugu eta, horri esker, zamauak eta musika aparatu bat erosi ditugu, lehiaketarenak direnak, ez beste inorenak. Benetako herri plana da hau. Jai handia.

Zergatik uste duzu maite duela jendeak hona etortzea?

-Bi pertsona mota desberdinduko nituzke nik. Alde batetik, Euskal Herritik etorritako horiek, ezaguna duten giro batean gustura eta euskaraz berbetan aritzera etorriak. Zoritxarrez gaur egun gutxiengoa dira, baina ba dira oraindik batzuk. Eta, bestalde, ni bezalakoak, familia ohiturak bizirik mantendu eta ondo pasatu nahi dugunak.

Iaz, Bert Ithurburn antolatzaileak esan zigun lehiaketaren ezaugarri nagusia txorizoa dela, ez beste ezer, txorizoa dela protagonista nagusia egun honetan.

-Erabat ados nago. Oso gauza serioa da zure txorizoa epaimahaira heltzen denean. Oso adi dago jendea, esaten dutenari so. Txorizoa da protagonista bakarra. Ederra da ere Euskal Herriko jendeak txorizoa egiteko estilo puruagoa ikustea eta, gero, hemen jaiotakoek txorizoa egiterakoan gehitzen dituzten osagai desberdinak. Gauza anitza da txorizoa hemen. Arau bakarrenetarikoa da ezin duzula txorizo komertzialekin parte hartu ezta txorizo egile profesionala bazara ere. Eta, izatez, bazegoen gizon bat, Rich Goñi zena (Susanville-ko St. Francis Hoteleko jabe ohia), pare bat aldiz irabazi eta txorizoak profesionalki saltzen hastea erabaki zuena.

Zerbait berezirik egingo al duzue aurten?

-Ez dugu ezer berezirik prestatu, ezpada hitzaldietan aipuren bat. Aurrera jarraitzea bera bada asko eta, aurten ere, beste edizio eder bat izango dugu. Anekdota barregarria da aitari aipatu niola berrogeigarren urtemuga zela eta jakin ere ez zekien berak!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia