euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txistu eta Danbolinari buruzko lau saioko I. mintegia hasiko da bihar Cordoban Gerora elkartearen eskutik

2012/06/01

Txistu eta Danbolinari buruzko mintegiaren afixa
Txistu eta Danbolinari buruzko mintegiaren afixa
Gerora elkarteak, Baietz Musika taldeak eta Tapa-tapa dantza taldeak antolaturik, Txistu eta Danbolinari buruzko lehenengo mintegia burutuko da, bihartik hasita, Argentinako Cordoba hirian. Ekimena ekaineko larunbatetan gauzatuko da, arratsaldeko 4etatik 7etara, Uspallata kaleko egoitzan. Baietz-eko musikariek izango dute ikastaroa emateko ardura eta klase bakoitzean euskal musika tresna hauekin lotura duten hainbat gai garatuko dituzte. Baina musika mintegiarena ez da Gerora-tik heldu zaigun berri bakarra. Izan ere elkarteko arduradunek atzo jakinarazi dute maiatzaren 28tik Gerora-k izaera juridikoa lortu zuela.

Cordoba, Argentina. “Zer dela eta bi tresna aldi berean jo?, Zergatik, nola eta zer jotzen du musikari horrek?”. Oso ohikoak diren bi galdera hauek eta beste hainbat erantzungo dituzte Cordobako Baietz Musika taldeko kideek Txistu eta Danbolinari buruz antolatu duten lehenengo mintegian. “Txistua, Txirula, Danbolina, Ttun-ttuna… hitz hauek normalean Euskal Herriko musikarekin erlazionatzen ditugu; baina beste hainbat tokitako musikak ezagutzen hasten garenean, musikari ‘bikoitz’ honen irudia beste kultur batzuetan ere agertzen dela ohartzen gara”, azaltzen dute musikari cordobatarrek.

Ikastaroaren metodologiari buruz, antolatzaileek adierazten dute ekintza teoriko praktikoak garatuko direla. Honekin lotuta, kritika eta azterketak ere eskatuko zaizkie ikasleei eta eskoletan lantzen diren gaiei buruzko aurkezpenak egin beharko dira. “Baietz osatzen dugun sei musikariok ikasgai ezberdinak azalduko ditugu eta gainera, guztiok musika-irakasleak izanik, tresnak ikertzeko ikuspegi ezberdinak emango dizkiegu parte-hartzaileei”, adierazi diote taldeko kideek EuskalKultura.com-i.

Mintegiaren helburuei dagokienez, horrela laburtzen dituzte baiezkideek:

-Musika tresnari buruzko eztabaidak bultzatzeko gune bat sortzea
-Kultur dierazpen hau hedatzea gure gizartean
-Euskal musika tresnak jotzen hasi nahi dutenei bide hori zabaltzea
-Ezagupenak trukatzea
-Musikaren beste errealitate batzuk ezagutaraztea
-Kultur adierazpen hau diziplina askotik aztertzea, hala nola, musikatik, dantzatik, plastikatik...
-Irizpide estetikoa sendotzeko baliabideak lortzea

Lau eguneko mintegia, astean behingo saiotan banatua, bihar hasiko da eta musikari, dantzari, arte irakasle eta oro har musika interesatzen zaien lagun guztiei dago zuzenduta.  Hitzorduak arratsaldeko 4etan izango dira Uspallata kaleko 114 zenbakiko egoitzan, eta parte-hartzea doakoa da. Egitarauari dagokionez, ibilbide hau jarraituko da:

-Ekainaren 2an

Danbolinaren musika, danbolin joleak eta interpretazioak. Testu-inguru organologikoa. Aldaketak. Eremu geografiko eta gizarte eremua. Garapen historikoa. Errepertorioa.  

-Ekainaren 9an

Tresnen bilduma eta testuinguruak. Musika sistemak. Jotzeko jarrerak. Bertikaltasun eta horizontaltasuna. Ahokadura, apaintze, dimentsio, errepertorio eta gizartearen rola. Errepertorio espezifikoa.

-Ekainaren 16an

Danbolin jolearen ogibidea. Errepertorioa eta nortasun soinuduna. Xirula: testuinguru soinuduna. Inprobisazioa. Errepertorio espezifikoa.

-Ekainaren 23an

Euskal Herriko musika eta tradizioak. Mami folklorikoak, etnikoak eta herrikoiak. Txistulari Taldea. Ensamblearen kontzeptua. Atabalaren rola. Errepertorio espezifikoa.

Derrigorrezko diskografia:

-Aitzindariak. Atzo eta egün: Xiberoko Dantza Jauziak. Aitzindariak. 
-Amilibia, Aitor. Hiru zuloei zirika. Laute Records. 2003.
-Ansorena, Jose Inazio. Txistu Hotsak. IZ Diska Etxea. 1993.
-Bedaxagar, Jean Mixel. Auñamendi. Elkar. 2009.
-Bedaxagar, Jean Mixel. Bedaxagar. Elkar. 1996.
-Beltran, Juan Mari. Arditurri. Elkar. 2006.
-Beltran, Juan Mari. Euskal Herriko Soinu Tresnak. IZ Diska Etxea. 1985.
-Beltran/Goikoetxea. Beti ttun ttun. NO-CD Records. 1998.
-Elizalde, Maurizio. Baztango Dantzak. Herri Gogoa. 1971.
-Euskal Dantzarien Biltzarra. Gipuzkoako Dantzak. Elkar. 2008.
-Gasteizko Udal Txistulari Taldea. Txistu y Txistularis. Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz. 2003.
-Kirikoketa. Sakanatik Arbaila Ttipira. Elkar. 1999.
-Mendizabal, Garikoitz. Sosegua. Discmedi. 2009.
-Yagüe, Ismael. Izeia. 2008.

Izaera juridikoa

Beste alde batetik, atzo bertan kaleratu dute Gerora-ko lagunek elkarte cordobatarrak izaera juridikoa lortu duela. Berriarekin batera, Cordobako erakunde gaztearen arduradunek esker beroak eman nahi dizkiete helburuak lortzen laguntzen dieten pertsona guztiei. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia