euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aiton-amonak atera ziren tokira etorri eta Etxarri Aranaztik dihardu orain Txileko 'La otra compañia' taldeak

2009/06/12

Mario Nilo bere txotxongilo batekin
Mario Nilo bere txotxongilo batekin

PUBLIZITATEA

1933an Euskal Herritik Txilerainoko bidaia egin zuten Mario Niloren aiton-amonek, bere ama tipia zela. Hamarkada batzuk eta gero, bidaia bera alderantziz egin dute euren bilobek. Mario Nilok eta Paola Ferrarik ‘La otra compañia’ antzerki taldea osatzen dute. Txotxongiloekin batetik bestera ibili dira, Txilen, eta goitik behera zeharkatu dute dagoeneko Latinoamerika. Orain dela gutxi Mario, ama eta aiton-amonen jaioterrira itzuli da, Euskal Herrira. Etxarri Aranatzen bizi da eta bere lana Euskal Herriko plazetan erakustea da bere nahia. Euskara ikasten ere hasi dira Mario eta Paola, eta aurki txotxongiloetara pasa dezakete. Izaskun Razkin Beltzak Sakanako Guaixe aldizkarian argitara emandako artikuluan oinarrituko gara honako lerroak osatzeko.

Etxarri Aranatz, Nafarroa. Mario Nilo eta Paola Ferrari txotxongiloen munduan duela 30 urte baino gehiago hasi ziren Paolaren gurasoekin. Hauek titiriteroak ziren eta ‘Los de Ferrari’ izeneko antzerki konpainia zuten Txilen. Paolak, Musika eta Mariok, Biologia ikasketak burutu zituzten baina gurasoen konpainian lan asko zegoenean laguntzen zutenez, txotxongiloekiko zaletasuna ogibide egin zuten. Zenbait urtez haiekin lanean ibili ondoren, euren kabuz hasi ziren ‘La otra compañía’ sortuz 1978. urtean. Paolak egin zituen lehen txotxongilo haiek, eta arazorik ez zuten izan ibilbideari ekiteko.

Antzezlan asko sortu dituzte urte hauetan guztietan. 'Ikusleen perfila ondo zehaztea da gakoa', Marioren hitzetan; 'Ezinbestekoa da haurrak, gaztetxoak edo helduak diren jakitea. Horren araberakoak izango direlako hizkera, ideien konplexutasuna eta antzezlanaren iraupena.'

Hamaika txotxongilo mota

Bikotea eskuko txotxongiloekin hasi zen baina istorioak berak markatzen du txotxongilo mota Marioren ustean. Adibidez, Warao indigenen kondaira antzezteko, ahalegin berezia egin zuten panpinei indigenen ezaugarriak emateko. Baina ez da beti horrela izaten: beste ipuin batzuetan, burua eta luma batzuk baino ez dituztenak erabiltzen dituzte. Panpina ez da hain garrantzitsu Marioeren esanetan, antzerkia, berez, magikoa baita eta emaitza berak lortu daitezke txotxongilo landuenarekin eta minimoenarekin. Sergei Obraztosov, txotxongiloen maisu errusiarrak, bi botoidun galtzerdia erabiltzen zuen eta 'bere modukorik ez dago', dio Mariok; ’Txotxongiloa panpina, animazioa eta ahots dramatizatuaren emaitza da’.

Mario eta Paolak Latinoamerika erdia zeharkatu dute. Honetarako, urtetan oso gogoko ez zuten lan bat burutu zuten merkataritza-gune batean, emanaldiak eskaintzen zituen enpresa batean. Hala ere, ongi ordaindutako lana zenez, aukera eman zien Latinoamerika goitik behera zeharkatzeko, Kubatik Patagoniaraino. 

Euskal Herria amets

Baina Latinoamerikatik at, Mariok bazuen herri bat ezagutzeko interes berezia, Euskal Herria. Marioren familiak Euskal Herrian du jatorria. 1933an Ameriketara joan ziren bere aiton-amonak seme-alabekin, eta Mariok esan bezala, ez ziren han gelditzeko asmoarekin joan. Txilen zeudela, gerratea piztu eta ezin izan zuten Euskal Herrira bueltatu. 'Euskal Herriarekin amesten pasa zuten bizitza eta herri honetako bizipenak entzuten hezi ninduten', dio Mariok. Lana horrenbeste lekutara eraman ondoren, arbasoen lurraldera etorri dira bizitzea. ‘Gurekin ekarri genituen hiru alabak, horien senarrak eta biloba, Euskal Herriko edozein txokotan bizitzera. Bi urte pasa dira Txile utzi genuenetik'. Euskara ikasten ari dira Mario eta Paola Etxarri Aranatzen eta aurki txotxongiloekin lanean hasteko gogoa dutela aitortzen du bikoteak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia