euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txilen Aberri Eguna 'Goazen mendi tontorrera' lelopean ospatzera deitu du Santiagoko Gure Etorkia taldeak

2012/04/07

2011ko Aberri Eguna Txileko Santiagoko Eusko Enparantzan; erromeria, Angel 'Gotzon' Espinosa txistulari (argazkia Gure Etorkia)
2011ko Aberri Eguna Txileko Santiagoko Eusko Enparantzan; erromeria, Angel 'Gotzon' Espinosa txistulari (argazkia Gure Etorkia)
Txileko Santiagon, Gure Etorkia euskal kultura taldeak igande honetan ospatzera deitu du Aberri Eguna, izan ere hiriko San Cristobal muinoan dagoen Eusko Enparantzan, bertan dagoen Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean, lehenik nahi duenarentzat hamabietan meza izango delarik eta ondoren Aberri Eguneko ekitaldi xume bat, ohorezko aurreskua eta hitz eta kantuak tarteko. Santiagoko Eusko Etxeak --Mendeurrena ospatzen ari da aurten-- astebete beranduago ospatzen du urtero Aberri Eguna, bere egoitzan garatzen duen programa bat medio.

Txileko Santiago. Txilen ere bai! eta Goazen danok mendi tontorrera! lelopean luzatu du deia Santiagoko Gure Etorkia euskal kultura taldeak eta luzatu ere iaz egin zuen bezalaxe hiriburuan euskaldunentzat esanguratsua den eta azken 81 urteetan euskal ospakizunetara loturik dagoen leku baterako luzatu du, horixe baita San Cristobal muinoan 1931ean inauguratu zuten Eusko Enparantza eta geroztik, Gernikako Arbolaren kimu, bertan hazten den haritza, plaka batez eta euskal lurraldeen armarri polikromatuak biltzen dituen burdinezko itxitura bat lagun dituela.

EuskalKultura.com-i helarazi dion idazkiak dioenez, "mundu osoko euskaldunak urtero ospatzen dugu Aberri Eguna, Berpizkunde igandez, eta karia horretara Gure Etorkia euskal kultura taldeak Santiagoko San Cristobal muinera igotzera gonbidatzen du, Eusko Enparantzaraino, bertan dauden Inmaculada Concepcion edo Sortzez Garbiaren kapera eta Gernikako Arbolaren kimu ondoan egingo dugun ekitaldi xumera, Aberri Eguna dela-eta gure poza adierazten arren".

[Aberri Eguneko iazko deialdia Txileko Santiagoko Eusko Enparantzan (egilea Liposin)]

Iaz bezala, muinora oinez igotzeko asmoa dutenentzat, hitzordua goizeko bederatzietan ipini du Gure Etorkiak, bederatzi t'erdietan abiatzeko. Berrogei bat minutuko paseoa besterik ez da, kasu honetan ikurriñak eta euskal musika lagun egina. Adinagatik edo bestela ere lehenengo hitzordu honetan parte hartu nahi ez dutenentzat, bigarren hitzordu bat ipini da hamabietarako, meza hasiko baita Eusko Enparantzan dagoen kapera-elizan, santutegiko Rodrigo Tupper erretoreak emanik. Funikularrez ere igo daiteke bertara.

Mezaren ondotik izango da ekitaldia, eta bertara ikurriñez, euskal lepoko, txapela, lauburu edo edonolako apaindura edo adierazgarriz agertzea eskatzen da. "Angel 'Gotzon' Espinosa txistulariak bertan musikari jardungo duela agindu digu eta horrek aberri urruna bertaratzen lagunduko digu", diote. "Guztiak zaudete gonbidatuta! Goazen danok mendi tontorrera! Gora Euskal Herria eta Viva Chile!" amaitzen da Gure Etorkiaren mezua.

-Deialdia Facebooken
-Eusko Enparantzako 2011ko deialdiko irudiak



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia