euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Txileko Euskal Gizatalde'ko buru berria den Rossana Arza-k, Euskadiren Ordezkaritza bisitatu du Santiagon

2012/05/15

Ezker-eskuin, Rufina Mendicute, Rossana Arza, Ana Urchueguia eta Daniel Zamudio Euskadiren Txile eta Perurako Ordezkaritzan, Santiagon (argazkia Irekia)
Ezker-eskuin, Rufina Mendicute, Rossana Arza, Ana Urchueguia eta Daniel Zamudio Euskadiren Txile eta Perurako Ordezkaritzan, Santiagon (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Aurten bere Mendeurrena ospatzen ari den Txileko Euzko Etxea eskarmentudunarekin batera, bada Santiagon beste euskal etxe ofizialdu bat. Colectividad Vasca de Chile (Txileko Euskal Gizataldea) du izena eta Mapochoko hiriburuko 'Estadio Español' elkartearen baitan mugitzen den euskaldun talde batek sortu ondoren, Eusko Jaurlaritzak 2010ean onartu zuen euskal etxetzat. Imanol Carredano izan zuen lehenengo lehendakari, eta Rossana Arza lehendakariorde. Aurten Zuzendaritza Batzordea berritzeko hauteskundeak egin direlarik, Rossana Arza pasatu da lehendakari izatera. Elkarteko Zuzendaritza Batzorde berrituko lau kidek bisita egin berri diote Euskadiren Txileko Ordezkari den Ana Urchueguia-ri Ordezkaritzak Las Condesen duen egoitzan.

Santiago, Txile. Rossana Arza 'Txileko Euskal Gizataldea' euskal etxeko lehendakari berria Donostian joan den azaroan egindako IV Mundu Biltzarrera Txilek bidali zuen hiru ordezkarietako bat izan zen, eta aurretik euskal etxeko lehendakariorde gisa zeraman lanaren segida ari da egiten bere ardura berrietatik. Zuzendaritza berriak agurtu nahi izan zuen, politesiazko bisitan, Txilen eta Perun Euskadiren Ordezkaritzako buru den Ana Urchueguia, eta halaxe bildu ziren Gobernuak Las Condesen daukan egoitza ofizialean.

Rossana Arzarekin batera, Zuzendaritza Batzordean lankide dituen Rufina Mendicute eta Daniel Zamudio ere bertaratu ziren bilerara. Euskal etxeko hautetsiek euren elkartea gauzatzen ari den egitaraua eta aurten eta oro har geroari begira garatu nahi dituen proposamenak agertu zizkion Urchuegia Ordezkariari. Aipatu zituzten, besteak beste, euskara eskolak, hitzaldi eta bilerak, eta beste kultura eta kirol arloko beste zenbait ekimen ere, baita euskal festa tradizionalen inguruko elkarretaratzeak ere, hala nola Txileko euskaldunen artean tradizio handia duen San Inazio, uztailaren 31aren inguruan egiteko dagoeneko prestatzen ari direna.

Euskara eskolei dagokienez, Gipuzkoako Tolosa ondoko Ibarran famili erroak dituen Raimundu Riquelme Zubelzuk ematen ditu, eta euren garapenerako sinatua du dagoeneko euskal etxeak lehenengo akordio bat HABErekin joan den urtarrilaren 16an.

Bestalde, eta Euskadiren Txile eta Perurako Ordezkaritzatik puxatzen dituzten ekinbideen artean, aipagarriak dira Txile eta Euskadiko talde, erakunde eta enpresen arteko harremanak bultzatzeko egiten ari direnak. Aurten bertan, Euskadira bisita egin ondotik, Temuco herriko zinegotziak, CORFO Sustapen Korporazioko ordezkariak eta IX. Erregioko (Araukania) Ogasun Nazionalen Erregio Idazkari Ministeriala bildu ziren Ordezkaritzara, bertan ikusi eta etxean egingarri eta aplikagarri jotzen dituzten esperientzien arloan aurrera egin nahian.

Lankidetza harreman horien emaitzen adierazgarri, apalean bada ere, Euskadin artzaintza arloan egindako trebakuntza eta ikasketak bukatu ondoren Chiloe irlan arrakastatsu ari den ekoizle baten proiektu bat, urte hasieran Los Lagos Erregioko Expo Mundo Rural nekazal azokan stand propioz partaide izan zena; izan ere, Puerto Varas-eko elkarretaratze horretan, Chilozabal gazta (Idiazabal gazta inspirazio duena) eta sagardoa ere, Txilen ekoitziak biak, Euskal Herrian ikasitakoekin eta bertatik ekarritako ardiekin teknikak egokituz, lankidetzak eman ditzakeen fruituak erakutsi zituen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia