euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Twitter bidezko mikroipuin lehiaketak arrakastaz hedatu du Bartzelonako Literaldia 2012 sare sozialetara

2012/05/17

Bartzelonako Euskal Etxearen maiatzeko eta ekaineko egitarauaren afitxeko irudia
Bartzelonako Euskal Etxearen maiatzeko eta ekaineko egitarauaren afitxeko irudia
Amaitu da Literaldia 2012 eta Bartzelonako Euskal Etxeak balioespen oso baikorraegin du euskal literatura Kataluniaraino ekartzea helburu duen jaialdiaz. Ez hori bakarrik, aurtengoan jaialdiak sare sozialen bitartez mundu zabaleko literaturzaleengana ere heltzea lortu du, eta antolatzaileak pozik agertu dira Twitter bidezko literatur lehiaketen arrakasta dela eta. Mikroipuin lehiaketan ehundik gora narrazio labur bildu dira, euskaraz eta katalanez, eta Makroipuinaren harian ere makina bat lagun aritu izan dira istorioa idazten.

PUBLIZITATEA

Bartzelona, Katalunia. Bartzelonako Euskal Etxeak Literaldia 2012 jaialdiari buruzko balioespena egin du eta pozik agertu da 30 egunetan zehar kataluniar publikoari luzatutako kultura egitarauak izan duen harrerakin. Euskal etxeak bereziki azpimarratu du teknologia berrien alorrean jaialdiaren azken edizio honek ekarri duen berrikuntzaren arrakasta: Literaldiak Twitter bidez mikroipuinak eta ipuin kolektiboak egiteko proposamena luzatu zuen eta erantzuna oso ona izan da, elkartearen aburuz. "Mikroipuinei dagokienez ehun baino gehiago jaso dira. Eta ipuin kolektiboari dagokionez, hirurogeita hamar pertsona baino gehiagoren parte hartzeari esker burutu ahal izan da", azaldu du Euskal Etxeak.

Beste ekitaldi aipagarri bat "Orhipean. El país de la llengua basca" liburuaren aurkezpena izan da. Euskal Etxeak berak lagundu du katalanezko edizioa plazaratzen, eta Xamar idazlea Bartzelonan izan zen liburua aurkezten eta aleak sinatzen Rambla pasealeku ezagunean Sant Jordi egunean. 

Maiatzean eta ekainean, gehiago

Egindakoarekin pozik, elkarteak aurrera darrai bere kultura egitarauarekin eta aurkeztu berri ditu maiatzeko eta ekaineko proposamenak. Udaberria Euskal Etxera literaturaz betea iritsi zen eta musika, dokumental eta arte eszenikoez osaturik amaituko dela iragarri du elkarteak.

Hasteko, Fermin Muguruza musikaria Euskal Etxera bueltatuko da, "Next Music Station"' dokumental sailarekin. Zinemaldia jaialdiaren barruan Muguruzak "Next Music Station: Lebanon" proiektua aurkeztu zuen, eta orain sail horretako beste kapituluak ikusi ahalko dira euskal etxean. "Lehen geltokia Libano izango da, baina ibilbideak Marokora, Egiptora, Tunisiara eta Iemenera eramango gaitu", azaldu dute antolatzaileek.

Horrez gain, udaberrian Arte Eszenikoen Zikloa egingo du euskal etxeak, "Herio heroi" moduko lanekin edo antzerki tekniken tailerrarekin. Proposamen hauen guztien berri eta baita gehiagorena ere, euskal etxearen blogean, hemen: blog.euskaletxeak.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia