euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Turismoa eta sorpresak Euskal Herrirako bisita gaur bertan hasiko duen euskal argentinar taldearentzat

2016/04/26

Jose Luis Salomon Saladilloko alkateak agurtu zituen bidaiariak. Argazgian, taldeko lagun batzuk (argazkia abc Saladillo)
Jose Luis Salomon Saladilloko alkateak agurtu zituen bidaiariak. Argazgian, taldeko lagun batzuk (argazkia abc Saladillo)

PUBLIZITATEA

Bi astez luzatuko da taldeak Euskal Herrian barrena egingo duen bisita. Hegoaldeko zein Iparraldeko leku esanguratsuenak ezagutuko ditu Saladilloko Itxaropen Euskal Etxearen baitan sortutako taldeak. Ohiko tokiak ezagutzeaz gain, espero ez dituzten sorpresak ere izango dituzte… Bidariariak gaur iritsiko dira ostera osoko oinarri izango duten Azpeitiko Loiolara.

Saladillo, Argentina. Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak bultzaturik eta Argentinan Tenagliak eta Euskal Herrian Bask In Motion-Euskotour en presak antolatuta, 23 argentinarrek osatutako taldea gaur iritsiko ga Euskal Herrira. Gehienak saladillotarrak baina Saladillon bizi ez denik ere badago, hala nola Olga Leiciaga eta Ana Echagüe Corpus Christiko Euskal Etxeko partaideak, M isiones probintzian.

Maiatzaren 9ra arte ibiliko dira Euskal Herriko txokoetan  barrena, "leku turistiko guztietara eramango dituen tour batean". Horrekin batera, baina, tour arrunt batean normalean izaten ez diren esperientzia batzuk ere izango omen dituzte, bidaiaren antolatzailea izan den Silvina Bordenaveren propio prestaturik.

Itxaropen Euskal Etxeko lehendakari ohiak EuskalKultura.com-i iragarri dionez, “sorpresa batzuk prestatu ditugu taldearentzat. Esate baterako, Tolosan Saladilloko Cicare enpresak egiten dituen helikopteroak saltzen dituen enpresa bat dago. Beraz, enpresa ezagutzera joango gara eta Saladillon hainbatetan izan diren Aratz Arregik eta Ugaitz Iturbek errezibituko gaituzte. Horretaz aparte, Donostian, esaterako, Asier Vallejo Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariarekin elkartuko gara, Lagun Onak abesbatzaren sortzailea izan zen aita Mallearen anaia Esteban Mallearekin bisitatuko dugu Oñatin eta Legazpiko Danborradan hartuko dugu parte guretzat prestatuta dauzkaten benetako  jantziekin. Hauek dira sorpresetako batzuk”, jakinarazi digu Bordenavek.

Aipagarria da bidaiaren berriak euskal etxearen mugak gainditu dituela eta joan den ostiralean Saladilloko alkate Jose Luis Salomon-ek harrera egin ziola taldeari Euskal Herrira abiatu aurretik.

Hona egunez eguneko programaren laburpena:

Gaur, apirilaren 26a
Iristea.

Apirilaren 27a
Iparralde: Ezpeleta (Ezpeletako biperraren dastaketa), Zugarramurdiko Leizeak, Baionako Euskal Museoa, Baiona Ttipia

Apirilaren 28a
San Prudentzio eguna: Gasteiz, Armentiako erromeria, Guardiako upeltegi batera bisita.

Apirilaren 29a
Herri Kirolak: Azkoitia (Oteiza Frontoiak), Elgoibar (herri kirolen erakusketa), Legazpi (danborradaren entsegua)

Apirilaren 30a
Gernika eta Gaztelugatxe: Juntetxea, Gaztelugatxe, Bermeo, txangoa itsasontziz.

Maiatzaren 1a
Sagardotegia eta erromeria: Astigarraga (sagardoaren bidea, Sagardoaren Museoa, sagardo dastaketa), Aia (erromeria)

Maiatzaren 2a
Donostia: Tolosa (Apatta industrialdean, Saladilloko Cicare enpresen ordezkari den enpresara bisita), Donostia (bisita gidatua, pintxo tour alde zaharrean, Asier Vallejorekin elkarretaratzea), Legazpi (Danborrada, Santa Kruz egun bezperan. Herriko jendeak prestatuko die argentinarrei danborradaren benetako arropa festan parte hartu ahal izateko).

Maiatzaren 3a
Zumarraga, Arantzazu eta Oñati: Antiguako Baseliza, Arantzazuko Santutegia, Oñati (bisita gidatua Oñati-Jose C Paz-en arteko senidetasun elkarteko kide den Jose Antonio Urteaga Madinabeitiarekin eta Buenos Airesko Lagun Onak abesbatzaren sortzaile izan zen aita Mallearen anaia Esteban Mallearen eskutik).

Maiatzaren 4a
Bilbo: Portugalete (Hiri-Plangintza Saileko zinegotzi Asier Abaunzak harrera egingo). Bizkaiko zubi esekia, Bilboko Alde Zaharra, pintxo tourra, Guggenheim Museoa.

Maiatzaren 5a
Lekeitio, Santimamiñe: Santa Katalina itsasargia, Lekeitio, Santimamiñeko kobazuloak. 

Maiatzaren 6a
Amaiur eta Iruñea: Amaiur (Amaiurko gaztelua, talo dastaketa), Iruñea (bisita gidatua).

Maiatzaren 7a
Txakolindegia eta Burdinbidearen Euskal Museoa: Artea (Arteako Euskal Baserri Museoa eta parkea; Txakolindegia, txakolin dastaketa eta indabak), Azpeitia (Burdinbidearen Euskal Museoa, txangoa trenez). 

Maiatzaren 8a
Flysch-a eta gazta: Zumaia (txangoa txalupaz parke geologikoko flysch-ak ezagutzeko; Loiolako Santutegia eta San Inazioaren jaiotetxea), Getaria (bisita gaztandegi batera).

Maiatzaren 9a
Itsasmater eta azken-agur afaria: Pasaia (arrantza eguna Itsasmater-en), Errenteria, azken-agur bazkaria Amulleta Sukaldaritza Elkartean. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia