euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Trujillo Euskal Etxea du izena gaur Peru-ko Trujillo hirian aurkeztuko den euskal etxe berriak

2018/02/16

Peru, Trujilloko Euskal Etxeko bilera sortzailea. Elkarte berria gaur aurkeztuko da publikoki (argazkia EuskalKultura.com)
Peru, Trujilloko Euskal Etxeko bilera sortzailea. Elkarte berria gaur aurkeztuko da publikoki (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Elkarte berriak gaur arratsaldean aurkeztuko du bere burua, Trujilloko 'Casa de la Identidad Regional' delakoan. Herritarrak hitzaldi batera deitu ditu --Euskal Herriaren jatorria eta ibilbidea hartuko dute hizpide, euskaldunek Ameriketako historiari eginiko ekarpenarekin batera-- eta testuinguru hori markatuta, euskal etxea, bere helburuak eta Trujillon garatu nahi duen lana aipatuko dute elkarteko sustatzaile Leonel Berrocal eta Wilfredo Lizarzaburuk. Irabazteko asmorik gabeko elkartea dira dagoeneko eta Jaurlaritzarekin harremantzekotan dira, euskal etxeen mundu-erregistroan sartu ahal izan daitezen.

Trujillo, Peru. Peruko administrazioaren aurrean, elkartea --Centro Cultural Vasco Peruano de Trujillo, Trujilloko Euskal Etxea izenpean-- 2017ko azaroaren 13an jaio zen, 18:00etan Trujillo hirian, irabazteko asmorik gabeko elkarte gisa, helburu gisa aitortzen duela "euskal kultura ikasi, ikertu, irakatsi eta sustatzea (historia, literatura, dantzak, musika, jantziak, eta abar), kultura peruarrarekin bizikide", "beti bertako ideia eta ohiturekiko lankidetza, senidetasuna eta errespetua bitarteko eta esparru", adierazi diote euskal etxe berriko eledunek EuskalKultura.com-i.

Elkarteak Peru iparraldeko euskaldunen ondorengoak biltzen ditu. Bere lehenengo Zuzendaritza Batzordea honakoek osatzen dute:

  • Lehendakari: Leonel Berrocal                                                                         
  • Lehendakariorde: Wilfredo Lizarzaburu
  • Administrazio Idazkari: Milagros Lizarzaburu
  • Erakundeekiko Harreman Idazkari: Fernando Galareta
  • Ekonomia Idazkari: Victor Lizarzaburu
  • Barruko Kontrol Idazkari: Ana Iparraguirre
  • Aholkulari: German Lizarzaburu

Trujillo Euskal Etxeak gaur ostiralean, otsailaren 16an egingo du bere lehenengo aurkezpen publikoa Trujilloko jendaurrean, 18:45etan, hiriko Casa de la Identidad Regional. delakoan. Ekitaldian elkarteko lehendakari eta lehendakariorde Leonel Berrocal eta Wilfredo Lizarzaburu mintzatuko dira hurrenez hurren, eta Euskal Herriaz eta euskaldunei buruzko esparru-emate bat egingo dute, ondoren horren barruan kokatzeko Trujilloko euskaldunak eta elkarte berriaren sorrera. Hau bertakoen aurreko lehenengo aurkepena izanik, elkartekideak pausoak ematen ari dira oraindik euren lana eta izatea finkatzeko eta denbora laburrean nahi lukete Eusko Jaurlaritzarekin harremandu eta honek euskal etxe legez onestea, munduko euskal etxeen erregistro eta sarean eskubide eta betebehar guztiekin parte hartu ahal izateko.

Elkartea sortzeko ideiaren atzean Lizarzaburu familiako kideak aipa daitezke. Urteak dira euskal jatorriko familia hau hasi zela biltzen, eta nazioartean, baina bereziki Hego Amerikan dituen partaideak elkarrekin harremantzen hasi zirela, besteak beste euren jatorriko kultura eta nortasuna babestearren, eta bisitatuz eta harremanak sustatuz Euskal Herriko euren sorterriarekin. Trujilloko Wilfredo Lizarzabururen kasuan, aspaldidanik zeukan buruan euskal etxe bat sortzeko ideia eta bertan bizi ziren bi lagunekin partekatu zuen "bat Donostiako eta bestea Bilbokoa", nahiz eta dagoeneko ez diren hemen bizi", diosku. "Elkarrekin erabaki genuen ideia testatzea, Trujilloko biztanleen artean batere oihartzunik lor zezakeen begiratzea, eta bertakoen erantzun oparoak guztiz animatu gintuen, eta beraz horrek ekarri gaitu honaino", laburtzen du.

Gogora dezagun gaur egun beste bi euskal etxea daudela Perun ofizialki onartuak, Liman eta Cuscon, hurrenez hurren.

Datozen egunotan zabalduko dugu informazioa, gaurko ekitaldiaz eta elkarte berriko kide izateko eman behar diren urratsez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia