euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tomás Otaegui, abokatu, hizlari eta idazle euskaltzale euskal argentinarra, bere sorterrian gogoratua

2007/06/01

Tomás Otaegui euskaltzale euskalargentinarra
Tomás Otaegui euskaltzale euskalargentinarra

PUBLIZITATEA

'Ispilu bat, bertan begiratu eta ikaskizunak, estudioak eta Diasporako euskaldunak izan beharko lukeenaren soslaia geureganatzeko'. Halaxe aurkeztu zuen Cesar Arrondok Tomas Otaegui (Pergamino, 1870-1932) euskal argentinarra Pergaminoko 'Lagun Onak' Euskal Etxean emandako hitzaldian, Otaeguiren bi biloba entzuleen artean. Arrondoren hitzaldiak 'Tomás Otaegui, argentinar euskaldun bat Euskal Herriko lege zaharren, pentsamendu nazionalaren eta eskubideen aldeko etengabeko hizlari' hartu zuen izenburu eta, aurten abokatu ospetsu honen heriotzaren 75. urteurrenaren karietara, Otaeguik kultura eta ondare komunari Argentinatik eginiko ekarpena aztertu zuen.
Arrondok marraztu zuen soslaian, Pergaminon aita Gipuzkoako zegamarra eta ama argentinarra zeuzkala jaio zen pertsonaia honen bizitzari buruzko jakingarri nagusiak jendaurretu ziren lehenik, ondoren Otaeguiren pentsamendua eta obra aztertzeko, gehienbat Euskal Herriaren eskubideekin eta Bizkaiko Foruekin aerikusia izan zuten ekarpenak. Arrondok euskal ideia abertzaleen hedapen argentinarrean Otaeguik izan zuen garrantzia ere aztertu zuen, lantegi horretan gogor ibili baitzen lanean pergaminotarra, makina bat artikulu eta argitalpenen egile izanik, baina baita hizlari gisa ere, hamaikatxo hitzaldi eskainitakoa baitzen. Pergaminoko seme hautatu honi buruzko solasa 'Lagun Onak' Euskal Etxeko areto nagusian egin zen. Deialdiak bertako bazkide eta lagun andana bat biltzeaz gain Tomás Otaeguiren bi bilobaren presentzia ere bereganatu zuen.

Aurkeztutako lana, berez gaztelaniaz Tomás Otaegui, un argentino vasco en su prédica constante por los derechos, el pensamiento nacional y las leyes viejas de Euskalherria izenburuduna, 'Euskal Paperak' (sic) euskal izena hartu duen zabalkunde proiektua inauguratzeko hautatu du La Platako Unibertsitatean Historia irakasle den César Arrondok. 'Euskal Paperak' hau, idatzizko euskarrian kultur hedapena egiteko ekimen gisa definitu du Arrondok, izan ere, 'lan akademiko berri bat da, euskal gaiekiko formakuntza areagotzeko'.

Hainbat euskal pertsonaiaren berri hedatzen

Arrondok azaltzen duenez, oinarrizko hogei euskal gaiei eskainitako 'Formakuntzarako Orriak'-en zikloa itxi ostean, lantegi berri honi ekitea deliberatu zuen, 'Euskal Herriaren kultura, emigrazioa eta historiarekin zerikusia daukaten ikerlan, laburpen eta bestelako lanak egiteko helburuz, beti ere Euskal Herriari buruzko eta bere diasporari buruzko ezagutza areagotzeko asmoz'.

'Lan bakoitza euskal komunitateko pertsonaia edo erakunde bati eskainiko zaio', segitzen du Arrondoren azalpenak. 'Tomás Otaeguiren kasuan, garrantzitsua iruditu zitzaidan bere pertsonari buruzko ikerlana egitea, Euskal Abertzaletasunaz arduratu zen lehenengo euskalargentinarra izan baitzen. Estudioak garatu zituen, proposamenak zabaldu eta engaiatu egin zen, euskal gauza politikoa soilik Euskal Herrian jaiotako euskaldunen eskuetan zegoen garai batean, XX. mende hasieran, alegia. Otaeguik horrekin hautsi eta Euskal Abertzaletasunaren ideiak Diasporatik hedatuko ditu'. Arrondok Pergaminon aurkeztutako lana 'Guregandik' urtekariaren hirugarren zenbakian aterako da, egilea bera 'Formakuntzarako Orriak' delakoa liburu gisa aterako lanetan ari den bitartean.


Lotura interesgarriak

Mikel Ezkerroren posta Tomás Otaeguiz eitb24.com-eko bere blogean
'Tomás Otaegui, argentino de estirpe vasca'

Otaeguiri buruz 1968an FEVAk argitaratutako lana salgai, 39 dolarretan
AntiQbook, liburu zaharrak saltzen espezialdutako gunean

Omenaldia Gernikari Pergamino eta José C. Paz-en
2007ko maiatzaren 10ean argitara emana BasqueHeritage.com-en

Atahualpa Yupanqui, ama tolosarreko argentinarra, Pergaminon sortua
EuskalKultura.com-en 2007ko urtarrilaren 31ean argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia