euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tolosako 'Gipuzkoa Encounter' jaialdiak sarearen bidez elkartzeko aukera emango die euskaldun eta katalanei

2008/04/18

'Gipuzkoa Encounter' jaialdiko afixa
'Gipuzkoa Encounter' jaialdiko afixa

PUBLIZITATEA

Hilaren 25, 26 eta 27an Tolosan egingo den 'Gipuzkoa Encounter' jaialdiko bigarren edizioak sarearen bidez elkartzeko aukera emango die informatika zale euskaldun eta katalanei, azken hauek 'Lleida Lan Party' ekimena medio. Euskal Herriko eta Katalunia arteko mugak gaindituz, informatika ezagupenak partekatzea ahalbideratuko du bi jai hauen arteko senidetzeak. Gipuzkoako ekitaldiaren kasuan, seiehun bat pertsonek parte hartuko dute Tolosako Usabal kiroldegiko instalazioetan ipiniko dituzten 400 ordenadoreetan. Diseinu grafikoa, musika elektronikoa eta bideo-jolasak izango dira bildutakoek jorratuko dituzten hiru arlo nagusiak.
Jokin Bildarratz Tolosako alkateak eta Angel Ros Lleidakoak emango diote hasiera bideo-konferentzia bitartez aldi berean egingo diren bi jaiei. Hiru egunez, laurehun kilometroko distantzia gainditu eta informatikarekin zerikusia duten jarduerekin harreman berezia mantentzeko aukera edukiko dute informatika zale euskaldun eta katalanek. Bi topaketen artean orotara bilduko diren bi mila inguru parte-hartzaileek, besteak beste 'Counterstrike' bezalako bideo-jolasak edo jaialdi bietako talde mistoak izango dituen 'gymkana informatikoa' bezalako lehiaketez gozatu ahalko dute.

Esan, bestalde, 'Gipuzkoa Encounter' jaialdiaren bigarren edizio honetan zenbait hitzaldi programatu direla teknologia munduko pertsona ospetsuek eskainiak. Bilkura hiru egunez 24 orduz egongo da zabalik eta parte hartzaileen lanak eta beste topaketa batzuetako produkzioak eskainiko dira hiru pantaila erraldoietan. Antolatu diren jarduera eta ekitaldi-lehiaketetako irabazleek dirua jasoko dute sari modura eta antolatzaileek gune bat eskainiko dute polikiroldegiko kanpo aldean parte hartzaileek dendak jarri eta atsedena hartu ahal izan dezaten.

Informatikako jaialdiak eskainiko duen beste ekintza bat 'Internet Eskola' da, internetekin harremanetan oraindik hasi ez direnentzat, Tolosako Udaleko Gazteria Sailaren lankidetzarekin KZ Guneak eta SPRIk martxan jarria. Gune honetan, era ludikoz irakatsiko da internetek eskaintzen dituen zerbitzurik erabilgarrienen erabilera. Edozeinek parte hartu ahal izango du. Bestalde, antolakuntzak aditzera ematen duenez, jadanik ez dago lekurik 'Gipuzkoa Encounter' jaialdian norberaren ordenadorearekin parte hartzeko, baina bai bestela. Ekimenean parte hartu nahi dutenek hemen sar daitezke eta bertan azaltzen diren pausoak jarraitu.


Lotura interesgarriak

'Gipuzkoa Encounter'-en webgunea
www.gipuzkoaencounter.org/eu

'Lleida Lan Party'-ren webgunea
www.lleidalanparty.com.es

II. Internet Egunan, bideokonferentzia euskal Diasporako kideentzat
2007ko maiatzaren 14an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia