euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tandilgo Gure Etxea-ren ardurapean, euskara ikastaro bat hasiko du maiatzean UNCPBA Unibertsitateak

2012/05/01

Tandilgo Gure Etxea euskal etxea, Buenos Airesko probintzia argentinarrean
Tandilgo Gure Etxea euskal etxea, Buenos Airesko probintzia argentinarrean
Iaz hasi ziren euskal etxeko eta erakunde akademikoko buruzagiak proiektuaren bideragarritasuna aztertzen. Ahalik eta jende gehienengana heltzeko asmoarekin, Tandilgo Gure Etxeak oinarrizko euskarazko ikastaroa sortzeko baliabideak eskaini zizkion UNCPBA edo 'Universidad Nacional del Centro de la Provincia de Buenos Aires' delako unibertsitateari. Unibertsitateak proiektua onartu eta ikastaroa maiatz honetan jarriko da abian. Euskara eskolak astearte eta ostegunetan izango dira, Valeria Aramburu irakasle.

Tandil, Argentina. Mugimendu handiko euskal etxea da Tandilgoa eta, euskarari dagokionez, aurten urte berezia hasia du. Urrunago joan gabe, gogora dezagun euskal etxeak urtarrilaren 21etik 28ra ‘Euskara Munduan’ proiektuko ikasle eta irakasleak errezibitu zituela, Hego Ameriketako udako barnetegia bertan ospa zezaten.

Orain eta 2012ko ikasturteari begira, euskararekin lotura duen beste proiektu batean daude murgilduta Gure Etxea-ko arduradunak: euskal etxearen eskutik, euskara ikastaro bat hasiko du maiatzeko lehenengo astean UNCPBA Unibertsitateak. Euskal etxeak eta Unibertsitateak sinatutako hitzarmenaren arabera, eskolek HABEko curriculuma jarraituko dute eta lehenengo urtea bukatzean euskara ikastaroko ikasleak oinarrizko elkarrizketak sortzeko eta testu sinpleak idatzi eta ulertzeko gai izango dira.

Ekimena Unibertsitateko Hizkuntza Eskolaren baitan gauzatuko da eta izena emateko epea zabalik dago. Klaseak Ernesto Sabato eskolan izango dira, astearteetan eta ostegunetan, iluntzeko 7etatik 8:30etara, Valeria Aramburu irakasle. Informazio gehiago eskuratzeko leku edo baliabideak: Hizkuntza Departamentua, Pinto kaleko 399. zenbakian; e-mailez, sec_lenguas@rec.unicen.edu.ar; edo telefonoz: (02293) 42-2000, goizeko 8etatik arratsaldeko 5ak arte.

Lotura interesgarriak

UNCPBA, Buenos Aires Probintzia Erdialdeko Unibertsitate Nazionala
www.unicen.edu.ar/lengua

FEVA, Argentinako euskal erakundeen federazioa
www.fevaonline.org.ar

HABE, Helduak euskaldundu eta alfabetatzeko erakundea
www.habe.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia