euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sydneyko 'Gure Txoko' izan da, ohi bezala, Aberri Eguneko ospakizunetan lehenengoa munduko euskal etxeen artean

2007/04/10

Joan den igandeko ekitaldiko une bat Sydneyko Gure Txokon (argazkia BasqueHeritage.com)
Joan den igandeko ekitaldiko une bat Sydneyko Gure Txokon (argazkia BasqueHeritage.com)
Giroa, polita, eta bilkura, familia artekoa. Sydney-ko (Australia) 'Gure Txoko' izan da, ohi bezala, munduko euskal etxeetan Aberri Eguna ospatzen lehena, alaitasuna nagusi. Aldea Euskal Herriarekiko, zortzi ordukoa da eta Euskal Herrian eguna argitzeko zenean, Sydneyko euskaldunak bazkalosteko euskal kantu eta dantzetan murgilduak zeuden, akordeoilari baten musika lagun. Bezperako euria kontutan, ohiko Centennial Park-en ordez, aurtengoan Euskal Etxearen egoitzan egin dute Aberri Eguneko egunpasa Australiako hiriburuko euskaldunek.

PUBLIZITATEA

Larunbateko euriek ez zuten sobera lagundu eta Sydneyko Euskal Etxekoek 'badaezpada' programa osoa ohiko Centennial Park-etik --hiriburu erdiguneko parke eder eta handia-- Euskal Etxearen egoitzara aldatzea erabaki zuten igande goizean, lur eta belar bustia eta mehatxua beteko ez zuten hodeiak kontutan harturik. Azken orduko toki aldaketak eta parkeak dauzkan aparkatzeko erraztasunak galduta, ohi baino jende gutxiago bildu zen 'Gure Txoko'ra, baina horrek ez zuen deialdiaren giroa eta bilkura behar bezala ospatzeko gogoa batere apaldu.

Eguerdi alderako ziento erdi bat jende bildua zen Liverpool kaleko euskal egoitzara, eta ordurako denbora zeraman David Mendieta Australian --jatorri lekeitiarrez-- jaiotako gazte euskaldunak haragi pusketak, txorizoak eta gainerako jaki eta janariak prestatzen, geroago plantxa gainean ipini eta bildutakoei pasatzen joateko. Talde lana, taldeko buru Karlos Orue zornotzarra, 'Gure Txoko'ko presidentea 1992tik, bere emazte Miren Sanz bermeotarraren baimenez eta laguntasunaz.

Hitzaldia eta kantu eta musika

Bazkaria, ona, haragi eta produktu onez, hala iritzi zion behintzat bertan zegoen EuskalKultura.com-eko kazetariak. Bazkideek prestaturiko jaki eta entsalada-barazkiak jan bitartean solasa etengabea. Bertaratutako bazkideak, Bizkai eta Gipuzkoako jatorrikoak gehienbat, baina baita iruinsemeren bat ere, donostiarren bat, eta Gipuzkoako Azpeititik eta Donostiatik heldutako bisitariak.

Bazkalostean, hitzalditxoa bota zuen bisitarietako batek, BasqueHeritage.com eta EuskalKultura.com-eko koordinatzaile den Joseba Etxarrik. Geroago, musikarentzat ere izan zen lekurik, kasu honetan akordeoi musika, eta harekin luzaz aritu ziren, kantuz zein dantzan, bertaratutakoak ia gaua iritsi zen arte. Euskal errepertorio klasikoa osoa pasatu zuten, Boga-boga herrikoitik bizpahiru ahotsetan inprobisaturiko 'Txoria txori'-raino. Dantza partean, baltsak eta kalejirak izan ziren nagusi, habaneraren bat, jota-fandangoak eta zazpi-jauzi bezalakoei batere muzin egin gabe.

1967tik Aberri Eguna ospatzen

Jose Bilbao eta Marisol Luno-Bilbao senar-emazte sondikarren aburuz --duela 42 urte Euskal Herrian ezkondu eta ezkonberritan Australiara emigratuak-- eguna polito pasatu zen, nahiz eta 'pena izan eguraldiagatik parkean egin ahal ez izana', 'horrek jende dexente kendu baitigu'. Ehunen bat biltzen omen dira urtero parkean Aberri Egunez (ikus iazko deialdiaren kronika EuskalKultura.com-en). 'Aurtengoan, akordeoilaria izan dugu geure artean, eta aspaldiko partez egin ez genituen dantza eta kantuak egin ditugu'. 'Geure barne euskaldunaren adierazpide dira honelako elkarretaratzeak; Aberri Eguna, izan ere, Txokoa sortu zenetik, duela 40 urte, ospatu izan dugu, hutsik gabe, urtero, 1967an izan zen hura', esan digu bikote sondikarrak.


LOTURA INTERESGARRIAK

Aberri Eguneko deialdien balantzea Euskal Herrian
Eitb24.com-ek eginiko laburpena

Diasporan aldez aurretik egin ziren deialdiak
BasqueHeritage.com-en apirilaren 4ean argitara emana

Cañuelasen (Argentina) astebete lehenago egin zuten
BasqueHeritage.com-en apirilaren 5ean argitara emana

Australiako euskaldunena, munduan lehenengoa (iazko berri)
EuskalKultura.com-en 2006ko apirilaren 16an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia