euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Susana Ardanaz Otaño 'Txuri' hil da Argentinan, Otaño bertsolari handiaren biloba eta 'oinordekoa'

2011/07/07

Susana Ardanaz Otaño (eskuinean), 2010eko maiatzean Zizurkilen, bere aitonaren sorterriak bertsolariari eskaini zion omenaldietan, opari bat jasotzen familiako ordezkari (argazkia EuskalKultura.com)
Susana Ardanaz Otaño (eskuinean), 2010eko maiatzean Zizurkilen, bere aitonaren sorterriak bertsolariari eskaini zion omenaldietan, opari bat jasotzen familiako ordezkari (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Otañoren ondokoen artean, berak jaso zuen euskaltzaletasunaren suzia eta, izan ere, iaz, bertsolariaren heriotzaren Mendeurreneko ekitaldietan, bera etorri zen Argentinatik familiako ordezkari. Joan den astelehenean, Uztailaren 4ean, hil da Argentinan, Susana Ardanaz Otaño, Pello Mari Otaño bertsolari handiaren biloba. Zizurkilen jaio zen Otaño, baina Argentinan eman zituen urte asko eta bertan, 1910ean Rosarion, hil zen. Bere biloba Txuri, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko kide zen eta euskara taldeko ikasle eta partaide. Bertsolari gisa egindako lan garrantzitsuaz aparte, euskara irakasle aritu zen Otaño 1904ean Buenos Airesen, eta tradizio euskaltzale hori biziberritu zuen Susana Ardanaz bilobak.

Mar del Plata, Argentina. 2004ean, Pello Mari Otañok 'Alkar' poema-liburua Buenos Airesen argitara eman zueneko Mendeurrena bete zenean, bere ondorengo batzuk bertsolariaren emaitza garrantzitsuari buruz atentzioa deitzeko une egokia zela iritzi zioten. Aurretik ere ibilia zen euskal giroko gauzak idazten gaztelaniaz Magdalena Moujan Otaño, Txuriren lehengusua, eta arazoak eta pasadizo ezagun bat bizitua zuen, bere ipuin batek saria lortu eta Espainiako estatuan argitaratu nahi izan zutenean zentsura frankista tartean sartu zenean, ipuina aski inozentea bazen ere. Magdalena zenbait testu aitonaren omenez liburu batera biltzen hasi eta tartean zendu zenean, Txurik hartu zion txanda, eta liburua atera zen, 'Gu ta gutarrak' izenarekin, izen bereko ipuina barnean.

Euskaldunen aldeko sentimentua eta aitonarenganako maitasuna eta hurreratu nahia bidelagun zeuzkan Susana Ardanaz Otaño 'Txuri'k. Horregatik zen Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxeko kide, eta ibilia zen bertako euskara taldean, ikasten-eta. Aitonaren hainbat liburu eta dokumenturen gordailu izatea fortunatu zitzaion, eta material horietako batzuk utzi egiten zituen, han-hemenka erakusketa bat edo besterako eskatzen zizkiotenean.

Aipatu liburua argitaratuta, aitonaren heriotzaren Mendeurrena hurbiltzen joan ahala, Euskal Herrira joateko gonbidatu zuen, Pello Mari Otañoren omenaldia Zizurkil haren sorterrian antolatzen hasi zen Batzordea. Eta hala joan zen, Mexikotik ere deitu zuten Amelia Otaño beste lehengusu batekin. Biak izan ziren 2010eko maiatzean Zizurkilen, aitonaren omenaldi handia bilakatu zen ekitaldi-programan ohorezko partaide, antzezpenak, eskola saioak, bertsolariak, liburu baten argitalpena eta Otaño Zizurkilgo 'Seme Kuttun' izendatzea programako parte.

Eta omenaldia Zizurkilen bizi ondoren, ekainean La Platan bizi izan zuen, UNLP unibertsitatean eta bertako hilerrian, hortxe baitago ehortzia bertsolaria.

Eta Txurik bizileku zuen Mar del Platan, bertako euskal etxeak antolaturik iazko azaroan Argentinako Euskal Aste Nazionala izan zenean, aitona izan zuten gogoan antolatzaileek eta ekitaldia antolatu zuten. Bereziki hunkitu zen hor Txuri, Ipar Euskal Herritik etorritako Euskal Argentina elkarteko kantari talde herrikoi batek bere aitonaren garaian bertsolari fina izan zen Joxe Mendiaguek 1900eko martxoan Otañori eskaini zion bertso sorta bat kantatu zuenean.

Emakume fina zen. Gogoan Bego.



Komentarioak

  • Verónica Domingo

    Mila esker Euskalkultura.com-entzat, Txuriren heriotzaren albisteagatik, Mar del Plata bera izan zen gure "alaba kuttun", eta bere bitartez Pello Mari Otaño ezagutzen eta maite ikasi genuen, euskaltzale amorratua izanez beti zegoen prest euskara-ekitaldietan parte hartzeko, baita bere azke eguna ere, euskara-eskola pasatu zen. Mila esker Txuri euskararekiko maitasunagatik eta euskararen alde egindako lan guztiagatik!!! eta beti arte!!!

    Beti arte Txuri!!! , 2011/07/07 12:47

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia