euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sukaldaritza tradizionaleko ia 90 plater dituen euskal jatetxea irekiko du bilbotar gazte batek Shanghain

2008/03/07

Jon Alañak Shanghaiko lehen euskal jatetxea irekiko du hemendik gutxira (argazkia Zigor Aldama)
Jon Alañak Shanghaiko lehen euskal jatetxea irekiko du hemendik gutxira (argazkia Zigor Aldama)

PUBLIZITATEA

Jon Alañak, duela bi urte eta erdi Shanghain bizi den bilbotar gazteak, hemendik hilabete eta erdira, 'apirilaren 15erako gutxi gora behera', euskal jatetxea zabalduko du Shanghain (Txina), bertako lehenengo euskal jatetxea. Sukaldariak, emaztea eta zazpi txinatar langilerekin batera, Euskal Herriko platerak eskainiko ditu gauerako prestatutako terraza duen 30 pertsonentzako lokal batean. Tabernako barraren zazpi metroetan euskal tabernetan eskaintzen diren ohiko euskal pintxoak jateko aukera izango dute bertaratzen direnek: patata tortila, piper beteak...
Sukaldaritza tradizionaleko ia 90 platerekin, Jon Alañak ohiko euskal platerak eskaini nahi dizkie Shanghaiko bezeroei, zein hirian bizi diren euskaldunei. Frijituak, pintxoak, kazolak, lapikokoak, txuletak, txerrikumeak, arrozesnea, natilak eta bakailao zortzi plater ezberdin aurkeztuko ditu bere kartak. Sukaldaritzarekiko zaletasuna etxean piztu zitzaion gazteari. 'Aitortu behar dut eskolan ez nintzela ikasle ona, baina etxean sukaldaritzari erreparatu egiten nion. Asko dibertitzen nauen zerbait da', aipatzen du. Orain, jatetxe berriari "Kuluxka" ipiniko dio, 'nire gurasoek Amurrio (Araba) ondoko herri batean zuten udako etxearen izena, hain zuzen'.

Jonek ez du uste Shanghaiko gainerako jatetxeekin lehia handian ibiliko denik. 'Hiriko euskal jatetxe bakarra izango da, beraz, ez dut uste konpetizioa handiegia eduki dudanik alde horretatik. Espainiar taberna eta jatetxe batzuk badaude, baina ez dut uste aurkariak izango garenik, ni izango naiz bakarra tabernako barran janaria eskaintzen', azpimarratzen du. 'Proposamen berria dela uste dut eta irekitzeko irrikan nago. Zurito eta sagardo edalontziak ere ekarri ditut'. Produktuak, bestalde, Hong Kongeko banatzaile batek ekartzen dizkit, eta nahiz eta hori 'oraindik ez dagoen baimenduta, uda hasieran legalki garraiatu ahal izango dira', aipatzen du sukaldariak.

[Jon Alaña, orain arte lanean aritu den Shanghaiko jatetxeko lankideekin (argazkia Zigor Aldama)]

Euskal Etxearekin harremana

'Txinako jendeari paella eta sangria asko gustatzen zaio, eta baita saltsa berdean egindako bakailaoa ere', adierazten du Jon Alañak. Bilbotar gazteak Shanghaiko Euskal Etxearekin harreman mugatua izan du orain artean. Duela bi urte hirian ospatu zen euskal bikote baten ezkontzan parte hartu zuen. 'Sorpresa bat eman nahi genien. Nik txistua jo eta bazkaria prestatu nien', adierazten du. Lagun euskaldunak izateaz gain, Alañak estatu espainiarreko beste toki batzuetako adiskideak ere baditu eta haiekin pasatzen ditu asteburuetako batzuk. Batzuk zein besteek, animoak ematen dizkiote orain hasi behar duen ekimen berrian.

Jon Alañak eta bere emazteak (galiziarra, Santiago de Compostelakoa) Bartzelonan ezagutu zuten elkar. Jon hiriko jatetxe batean zebilen lanean eta emaztea ingeles eta alemaneko itzultzailea zen. Denboraldi bat elkarrekin bizi ondoren, bikoteak atzerrira joatea eta aireak aldatzea erabaki zuen. 'Emazteak hizkuntzak praktikatu behar zituen Itzultzaile titulua lortzeko, beraz, bidaia batean murgildu ginen eta Shanghairaino iritsi', azaltzen du. 'Bitan pentsatu gabe' abiatu ziren eta 'hotel batean lo egin behar izan genuen hasierako egunetan'. Geroztik, bikoteak bi urte daramatza Shanghain, eta Joni zertxobait kostatu izan bazaio ere, pixkanaka txinera mandarinarekin nahiko ondo komunikatzea lortu du. Jatetxearen proiektuarekin, bertako egonaldiaren fase berri bati ekin dio orain. Ahaleginak, bertakoei euskal sukaldaritza dasta eta gusta arazten ipini beharko ditu. Seguru liluratzen dituela.


Lotura interesgarriak

Shanghaiko Euskal Etxea
www.chinaeuskaletxea.com

Shanghaiko Euskal Etxeak egoitza birtualaren ateak ireki ditu
2007ko abenduaren 12an EuskalKultura.com-en argitara emana

Judas Arrietak "Asia Draws" erakusketa inauguratuko du Shanghain
2007ko azaroaren 15ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Beijing hiriburuan hasi da Korrika TX1, Txinan egiten den aurrenekoa
2007ko martxoaren 28an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia