euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Southern California Eskualdun Club-eko 71. Euskal Bestak NABO Udalekuko gazteak izan ditu partaide berezi

2017/07/05

Udaleku 2017ko neska-mutikoak Esne Beltzaren "Euskaraz bizi nahi dut"en koreografia bat egiten (arg. EuskalKultura.com)
Udaleku 2017ko neska-mutikoak Esne Beltzaren "Euskaraz bizi nahi dut"en koreografia bat egiten (arg. EuskalKultura.com)

Kaliforniako udan, urtero uztaileko lehenengo asteburuan, bere piknik eta euskal festa egiten du "Southern California Eskualdun Club" euskal etxeak. Udaleku Chinon egiten denean --normalean zortzi urtero-- maiz bi aste horien erdian geratzen da piknika eta, beraz, Udalekuko haurrak, elkarretaratzeko partaide eta protagonista ere bilakatzen dira, aurten gertatu den bezala. Larunbat eta igandez, Chinoko Euskal Etxeko dantzari eta klikarekin batera aritu dira Udalekuko ehun bat gaztetxoak.

PUBLIZITATEA

Chino, Kalifornia (AEB). Joan den asteburuan, larunbat eta igandez, egin dute Chinon, herriko 'Fairgrounds' edo azokalekuan, 2017ko "Southern California Eskualdun Club"aren piknika, zaharrenek La Puenteko piknika bezala ezagutzen duten besta, guztiek bertan izen hau maite ez badute ere. Piknikaren 71. edizioa zen.

Aurten gainera Udaleku ari zen egiten Chinon eta ekimen horretako haurrek parte hartu dute bestan, programak hala bilduta.

Larunbatean, arratsaldeko 5:30etarik aurrera hasi zen heltzen jendea Chinoko 'Fairgrounds' edo azokalekura. Hor afaldu, eta afalostean Udalekuko haurrek euren ikuskizuna eskaini zuten: astebeteko epean ikasi dutenaren erakustaldi ederra, dantzan, kantuz, txistua jotzen... jendea loriatu zen ikusirik ehun gazte horiek, heien instruktore edo irakasleen eskutik ez bakarrik denbora ona pasa, baizik eta ikasi, frango ikasi dutela oso epe laburrean; eta hori baino hobe, ondo pasatzen zutela ikasitako dantza horiek euren kabuz oholtzatik kanpo dantzatzen eta ikasitakoa jolas gisa praktikatzen.

Euskal dantza tradizionalekin batera, koreografia bereziki jolasgarri bat ere egin zuten larunbatean Udalekuko haurrek, Esne Beltza modako taldearen "Euskaraz bizi nahi dut" kantuarekin, euren irakasleak gidari (irudia EuskalKultura.com)

Chinoko Klikaren eta Udalekuko haurren prozesioa igandeko meza aurretik. Prozesioa ixten, aspaldi Los Angelesaldean bizi den aita Javier Altuna azpeitiarra. Haur bakoitzak bere euskal arropa zekarren soinean (irudia EuskalKultura.com)

Hori argi ikusi zen larunbatean zein igandean, euskal dantzen emanaldien ondotik berbena garaia etorri baitzen, euskal aire tradizionalduna hau ere, Jean Flesher-en Banda musikari (Flesherrekin batera ,Jean-Pierre Etchechury bateria eta ahotsean eta Michelle Iturriria, tronpeta eta ahotsean aritu ziren) eta hor itxuraz batere nekatu gabe aritu ziren dantzan fandango, arin-arin eta jauzika Udalekuko haurrak, Ameriketan jaioak baina euskal dantzekin gozatzen.

Igandea, azkeneko urteetan bezala Los Angelesaldean aspaldi bizi den aita Javier Altuna jesuita azpeitiarrak --kanpoan Euskal Herrian baino askoz urte gehiago pasatu ditu Patxi Altuna zenaren anaia den honek-- eman zuen euskaraz meza (esaldi batzuekin gaztelaniaz eta frantsesez), klika, kantari eta dantzariek edertua. Eguerdian, sabela asetzeko, behiki haragi barbakoa bazkari, eta ardiki barbakoa afari; eta arratsaldean Chinoko dantzarien eta Udalekuko haurren eta klikaren emanaldia. 

Gauez, 'Amerikanuak' Jean Flesher Band-aren dantzaldiarekin bukatzeko eguna, gauerdian, piknikeko asteburu ederra bururatuz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia