euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sortze bidean dagoen Tierra del Fuego-ko Euskal Etxea lehenengo urratsak ari da ematen 'Munduaren Amaieran'

2016/12/29

Ikurrina eta euskal dantzaria kolektibitateetako ordezkari bat gehiago izan dira aurten Ushuaiako 132. urteurren desfilean
Ikurrina eta euskal dantzaria kolektibitateetako ordezkari bat gehiago izan dira aurten Ushuaiako 132. urteurren desfilean

PUBLIZITATEA

Tierra del Fuego irlako euskal kolektibitateak sortu berria du erreferentziazko leku bat, oraingoz birtuala, euskal kultura eta Euskal Herriko aktualitatea ezagutu eta euskal kultura, ohiturak eta nortasunaren inguruan bildu nahi duten bertakoentzat. Facebook-en hasia, bultzatzaileek helburu dute lagun talde handiagoa osatu eta euren lana eta jarduerak sendotu eta erakundetzea. Orain arte, euskaldunen ordezkari parte hartu dute Ushuaia hiriaren urteurreneko kabalkadan eta bertako jendaurrean aurkeztu dira.

Ushuaia, Argentina. Irail aldera hasi zen Sabrina Cabanillas, ideiaren bultzatzaile nagusia, Tierra del Fuego-ko Euskal Etxea sortzeko lehenengo pausoak ematen. Lehendabizikoa, esparru birtualean eman zuen, Facebook sare sozialean Centro Vasco de Tierra del Fuego izeneko kontua sortuz. Bertatik, Euskal Herria eta euskal kulturari buruzko informazioa zabaltzen du eta diaspora euskal-argentinarreko gainerako euskal etxeetako lagunekin kontaktatu da gazte fuegotarra. Emaitza orain artean, erabat arrakastatsua izan du eta animo mezu ugari jasotzeaz gain, Ushuaiako eta irla osoko hainbat lagun jarriak zaizkio harremanetan proiektuarekin bat egiteko.

Jarduerak, baina, ez ditu erabat esparru birtualera mugatu eta 2016an bere gain hartua du Tierra del Fuego-ko euskal kolektibitatea ordezkatzeko ardura Ushuaian hiriaren sorrera ospatzeko kolektibitateak partaide egiten den kabalkadan eta euskal dantzariz jantzita eta ikurrina eskuetan –aurten lehen aldiz hiriaren historian–, Ushuaiaren 132. urteurren desfile zibiko-militarrean hartu zuen parte.

Urte berriari begira, jauzi berria egin nahi du Cabanillasek bertako euskaltasunari lehioak zabaltzeko bidean eta birtualtasunetik eskaintza fisikoagoetara pasatu nahi du, aukera emanez Argentinako probintzia australeneko euskal jatorrizko jendeari eta euskal kultura gustuko duen edonori talde egonkorragoa sortu eta tarteka aurrez-aurre biltzeko. Horretarako, deialdia areagotuko du lagun gehiago batu eta Euskal Etxea formalizatzen hastea helburu.

Hau guztia egiterakoan, Sabrinak aitona nafarra du buruan. Bere euskal kulturaren eta Euskal Herriaren aldeko mugimendu hau egitean hura inspirazio iturri duela aitorten du: “Gure aitona, Agapito Cabanillas, Francoren diktaduratik ihesean etorri zen Argentinara. Txapela buruan ibiltzen zen beti eta baserriko ohiturak zituen”, azaldu dio gazte fuegotarrak EuskalKultura.com-i. Orain, aitona gogoan, etxean pribatuan ez ezik, berarekin bat egin nahi duten guztiekin nahi du ospatu eta sakondu bere kultura, "ohore eginez arbaso euskaldunei" eta honela ari da saiatzen ‘Mundu amaierako’ Euskal Etxearen hazia landatzen Tierra de Fuegon.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia