euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sorginak eta ipuinak gustuko dituzu? Har ezazu parte Iparraldeko Euskal Etxearen literatur lehiaketan

2012/05/04

Iparraldeko Euskal Etxeko sorgin taldea (argazkia EE)
Iparraldeko Euskal Etxeko sorgin taldea (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Tradizio handia du Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak sorginen inguruko ekitaldiak antolatzen. Gogora dezagun bertoko Kultur Azpibatzordeak urtero ospatzen duela 'Sorgin Afaria' ekaina aldera. Orain, Euskal Herriko tradizio batzuekin lotura handia duen gai honi buruzko beste proposamen bat luzatu diote instituzioko lagunek komunitateari: 'Sorginkeria Euskal Herrian' izeneko Narrazio Lehiaketa abian dago jadanik eta lanak bidaltzeko epea ekainaren 15ean bukatuko da. Sari emanaldia, abuztuaren 16an izango da. Hona lehiaketan parte hartzeko oinarriak.

Buenos Aires, Argentina. Idaztea gustatzen zaion jendeari bere lana ezagutarazteko aukera emateko helburuarekin Literatur Lehiaketa bat antolatu du Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeak. Gaia “Sorginkeria Euskal Herrian” da eta izenburuak adierazten duenez, testuak Euskal Herriko pertsonaia mitiko hauei buruzkoak izan behar dira. Deialdia hamazortzi urte gorako lagunei dago zuzenduta eta lehenengo, bigarren eta hirugarren saridunek diplomak eta trofeoak eskuratuko dituzte. Laugarren eta bosgarren sariak diplomak eta dominak izango dira eta epaimahaikideek aipamen bereziak egiteko eskubidea izango dute.   

Lehiaketan parte hartzeko honako baldintza hauek bete behar dituzte idazlanek:

- Kontaketek 70 lerroko luzera izan dezakete gehienez, lerroartea sinple eta Times New Roman 12 letrarekin, A4 tamainan

- Lanak orijinalak eta argitaratu gabeak izan behar dira eta gaztelaniaz aurkeztuko dira

- Lanak gutunazal batean bidaliko dira eta bertan testuaren izenburua eta egilearen ezizena jarriko dira. Beste gutunazal batean, kanpoaldean, testuaren izenburua eta egilearen ezizena; eta barruan egilearen benetako datuak, hau da: izen-abizena, agiri zenbakia, helbidea, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia. Igortzeko helbidea: Moreno 1370, posta kodea: 1091, 1. solairua, Kultura. Buenos Aires hiriburua, Argentina. Eskuz esku entregatzeko, helbide berean baina astelehenetan iluntzeko 6etatik 9etara. 

- Egileek lanak argitaratzeko eskubideak Iparraldeko Euskal Etxearen esku utziko dituzte

- Lanak bidaltzeko epea datorren ekainaren 15ean bukatuko da

- Hautatutako testuak abuztuaren 10etik aurrera ezagutaraziko dira

- Partaideek baldintza hauek onartuko dituzte

Sariak abuztuaren 16an banatuko dira Iparraldeko Euskal Etxearen egoitzan eta bertaratu ezin diren irabazleei postaz helaraziko zaizkie. Saririk jasotzen ez duten lanak erakundearen liburutegian geratuko dira. Epaimahaia euskal literatura eta kultura arloetako izen handiko pertsonak izango dira eta haien erabakia, ukaezina.

-Erakunde antolatzailearen bloga: http://iparraldeeuskaletxea.blogspot.com.es



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia