euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Smithsonian Folklife Festival 2016: Washington hiriak ohorez hartuko ditu Euskal Herria eta euskaldunak

2016/06/28

Aurreko Folklife Jaialdiaren edizio bat, 2014koa, Txina eta Keniari eskainia (argazkia Francisco Guerra-Smithsonian Institution)
Aurreko Folklife Jaialdiaren edizio bat, 2014koa, Txina eta Keniari eskainia (argazkia Francisco Guerra-Smithsonian Institution)

PUBLIZITATEA

Gutxitan izango dute euskaldunek aste honetan eta datorrenean Washingtonen gauzatuko den aukera hau bezalakorik Estatu Batuen bihotzean sartzeko, sukalderaino, amerikarrek eurek antolatutako ekitaldi batean, Smithsonian bezalako erakunde prestigiotsu baten eskutik. Antolatzaileek, milioi bat bisitari aipatu dituzte urtero egiten den hitzordu honetara, aurten, baina, euskaldunak ardatz, Kapitolioaren aurrean, hiriak bisitari gehien bereganatzen duen Uztailaren 4ean. Egun bakarra falta da estreinurako.

"Basque

Washington Hiria, AEB. Ez da sarritan gertatzen Smithsonian bezalako erakunde ikur batek euskalduna bezalako herri eta kultura txiki bati erreparatu eta bere ekitaldi negusienetakoa den Folklife Festivaleko protagonista izatea proposatzea. Baina asmoak aurrera egin du eta datozen egunetan, "2016ko Smithsonian Folklife Festivaleko bisitariek aukera izango dute", iragartzen dute hitzez hitz antolatzaileek, "Euskal Herriaren hizkuntza eta kultur ondare paregabean barneratzeko. Basque: Innovation by Culture programak kultur iraunkortasunaren, identitatearen eta emigrazioaren gaia esploratuko duten musikari, sukaldari, artista, artisau, profesional eta hizkuntzetan adituak aurkeztuko ditu. Enpresari munduko euskal ordezkaritza bat ere bertaratuko da egunotan, gobernuko eta foru erakundeetako kideekin batera, euskal-amerikar elkar ezagutza eta lankidetza pusatzeko. Berrehundik gora izango dira Euskal Herritik zein Estatu Batuetako euskal komunitateetatik partaide hurreratuko diren euskaldunak, zenbakiak adierazitako zenbakiek diotenez.

Jaialdia bihar asteazkena estreinatuko da eta lehenengo zati honetan uztailaren 4ra arte egongo da zabalik, estatubatuarrek, eta bereziki Washington hiriak, erabat ozen, jendetsu eta koloretsu ospatzen duen jai amerikar abertzale egun handian hain zuzen; bigarren zatia, berriz, uztailaren 7tik 12ra garatuko da, National Mall delakoan, aire zabalean, laugarren eta zazpigarren kaleen artean. Sarrera libre eta kitorik. Ordutegia, goizeko 11etatik arratsaldeko 5ak arte, egunero, gau ekitaldi bereziekin arratsaldeko 6:30etan hasten. Laguntzaile eta babeslekide dira Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta ekimenak AEBetako Parke Nazionalen Zerbitzua lagun dauka.

Ikusle eta bisitari gehienak estatubatuarrak eta turistak izango dira, asko 4th of July dela-eta paseoan hiriburuan. Eurei Smithsonian-ek azaltzen die "euskaldunak bere tradizioak, hizkuntza eta ohiturak mantentzearren gogor borrokatu den herria d(el)a. Europako komunitate zaharrenetako bat dira eta gaur egun ia milioi bat pertsonek mintzo dure munduan euren hizkuntza, euskara, eta hilzorian egona bada ere, gaur egun hizkuntza bat berpizte ahaleginen adibiderik arrakastatsuenetakoa da".

"Basque: Innovation by Culture" programak agerian utziko du hizkuntza bat suspertu eta biziarazteko borondate eta ahaleginek lor dezaketena", diote. Honela, Euskaltegia - Learning Basque oihal-etxolan, bisitariek euskara aurrez aurre ikusi, dastatu eta baliatzeko aukera izango dute. Jolasen bidez eta oharkabean, modu zinez erakargarri eta jolaskorrean, euskararen komunikatzeko, dibertitzeko eta ikasteko gaitasunekin topo egingo dute, erro zaharrek enbor sendoa eta fruitua eta uztak ematen jarraitzen duela agertuz, presentziarekin Europan Euskal Herrian, pentsa daitekeenez, baina baita ere munduan barreiatuta, eta Estatu Batuetan bertan, dauden jatorri euskalduneko komunitateetan.

Ostatua - Kitchen oihal-etxolan, Euskal Herriko bi sukaldaritza eskolek, Bizkaiko Artxanda eta Arabako Gamarrakoek, euskal janari-edari bereziak aurkeztuko dituzte, erakustaldi eta tailerrak eskainiz. Baserria - Farm gunean, gaztagileek Euskal Herriko gaztak nola egiten diren erakutsiko dute eta bisitariek Arabako Añanako gesaltzan bertako primerako gourmet gatza nola lortzen duten, prozesu traizional eta ekologikoak erabailiz, lehenengo eskutik ikasi ahal izango dute.

Lantegian, publikoak bertara propio bidaiatutako buztingile maistra baten irakatsi eta azalpenak segitu ahal izango ditu. Portuan, Albaolako ontzigileek euren abilezia eta txalupa eta ontziak egiteko euskal metodoak segituz 8 metro luzerako txalupa eraikiko dute. "Basque: Innovation by Culture"k Diasporaren adierazpide kulturalak ere nabarmenduko ditu, kasu honetan Estatu Batuetako euskal komunitateen eskutik, zenbait estatutatik bertaratuko baitira dantzariak, musikariak, kantariak, artzainak, bertsolariak eta jende gehiago, Estatu Batuetako euskal identitate, tradizio eta egungo errealitateen erakusgarri.

Frontoia, Jaialdiko leku esanguratsu eta ardatz modukoa izango da. Euskal herri eta auzoetan "frontoia pilotan aritzeko gune izanik, erkidego-bizitzaren bihotza ere izan da tradizionalki. Estatubatuarrentzat National Mall bera erdigune sinboliko eta biltoki denez, egokitzat jo da Washington DCko pilotalekua bertan eraikitzea". Eta ildo horri segituz, Folklifeko frontoiak aukera emango die bildutakoei, euskal pilota erakustaldi eta taileretan parte hartzeko, baina baita ere beste zenbait proposamenetan, hala nola bolo erakustalditan, sokatira, lokotz-biltze eta baita orokorrean herri-kiroletan ere, musika aurkezpenak, dantza eta bertsolaritza erakustaldiak ere bertan programatuz.

Datozen egunetan EuskalKultura.com xehetzen joango da eguneroko programa eta ekitaldietan parte hartuko dutenen izen eta ezaugarriak, gaurkoan gainetik baizik ez baititugu aipatu.

GAU KONTZERTUAK

"Basque: Innovation by Culture"k lau kontzertu eskainiko ditu 'Gau kontzertuak' izenpean, guztiak arratsaldeko 6:30etan, Ralph Rinzler oholtzan; honakoak (musika emanaldi eta saio gehiago egingo dira, beste leku eta toki batzuetan, bihar argitaratu ditugu programa xehetuak)

Ekainaren 29a, asteazkena, Kepa Junkera, Sorginak

Trikitixa, euskal akordeoi diatonikoa, mundu osoko agertokietara eraman duen artista eta Euskal Herriko mugetatik kanpo seguruenik trikitilari ezagunena eta musikari ezagunenetakoa den Kepa Junkerak, Sorginak-ekin batera, hartuko du bere gain Jaialdiaren estreienko kontzertuaren ardura.

Uztailaren 1a, Noka eta Mikel Markez; eta Biotzetik Abesbatza

Kaliforniako Chino herritik, Los Angelesaldean, dator Noka hirukotea; eta Idahoko Boisetik Biotzetik abesbatza. Nokak euskaraz kantatzen du eta bereziki emakumeekin zerikusia daukaten kantuak dauzkate gogoko. Mikel Markez kantautorea lagun izango dute gitarran, baita bere kantuak kantatzen ere. Boiseko Biotzetik, euskal komunitatearen barnean jaiotako abesbatza da eta euskal kantuek osaten dute gehienbat euren errepertorioa, profanoak zein elizakoak.

Uztailaren 8an, ostirala, Kalakan eta Gatibu

Kalakan musika tradizionala birsortzen duen taldea da, bere hiru kideen ahotsetan oinarritua, a capella, edo instrumentu soilez lagundua, hala nola perkusioak (txalaparta, atabala, panderoa...). Gatibu taldea Gernikatik dator, rocka eta popa jotzen du euskaraz. Alex Sardui da taldeko ahots nagusi eta liderra eta Euskal Herri osoa eta kanpoko hainbat herrialde ere ibioi dituzte 2002an sortu zirenetik.

 

Uztailaren 10ean, igandea, Korrontzi (EH), Low Leaf (Kalifornia) eta TmbaTa (Armenia)

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia