euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Six Basque Poets liburua aurkeztuko dute Rikardo Arregik eta Ruper Ordorikak Pragako Nazioarteko Poesia Astean

2007/11/09

Rikardo Arregi poeta (argazkia Zaldi Ero)
Rikardo Arregi poeta (argazkia Zaldi Ero)

PUBLIZITATEA

Eskozian, Irlandan eta Ingalaterran egindako aurkezpenen ondoren, Six Basque Poets liburua --ingelesera itzulitako sei idazle euskaldunen olerkiak biltzen dituen lana-- Pragan aurkeztuko dute datozen egunetan. Annual Pragde International Poetry Days jaialdiaren barruan izango da aurkezpena, datorren ostegunean. Rikardo Arregi poetak, liburuan bildutako lanak irakurriko ditu eta Ruper Ordorikak, aldiz, musikaz jantziko du ekitaldia. Irakurraldia euskaraz eta ingelesez egingo du Arregik. Pragako Poesia Astean txekiar, irlandar, portugaldar, errumaniar eta euskal poeten lanak izango dira aurten entzungai, besteak beste.
Pragako Poesia Astea Karel Hynek Mácha poeta erromantikoari egindako omenaldi xume moduan sortu zen duela bederatzi urte eta gaur egun nazioarteko poesia jaialdi ezaguna izatera iritsi da. Azaroaren 12tik 19ra munduko hainbat puntutatik iritsitako poetek hartuko dute herria eta horien artean egongo da Rikardo Arregi euskalduna.

Arregik Six Basque Poets liburuko zenbait poesia errezitatuko ditu, euskaraz eta ingelesez, lanaren aurkezpena egiteko. Ruper Ordorikak, berriz, musikaz lagunduko du idazlea. Ingalaterran eta Irlandan Felipe Juaristik eta Ordorikak metodo bera erabili zuten lanaren berri emateko eta badirudi harrera ona izan zutela entzuleen artean. Pragako saioa hilaren 15ean izango da The Globe liburutegian, arratsaldeko zazpietan.

Itzulpen tailerra

Bestalde, Annual Pragde International Poetry Days jaialdia ospatzen den egunetan itzulpen tailer bat egingo da Pragan. Bidaia aprobetxatuz, Rikardo Arregik bertan parte hartuko du beste zazpi poetekin batera: bi txekiar, letoniar bat, errumaniar bat, israeldar bat, poloniar bat eta greziar bat izango ditu tailerkide.

Ekimena L.A.F. (Literature Across Frontiers) elkarteak antolatu du. Batez ere literatur obrak trukatzeko eta eztabaidarako sortutako programa bat da, nazioarteko literatura bultzatu eta literaturaren itzulpena sustatzen duena. Pragan egingo den tailerrean poeta bakoitzak bertaratutako beste poeta baten poema bat itzuliko du bere hizkuntzara.


Lotura interesgarriak

Six Basque Poets-en aurkezpena Ingalaterran eta Irlandan
Euskalkultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 12an

Six Basque Poets liburuaren aurkezpena Eskozian
Euskalkultura.com-en argitaratua 2007ko abuztuaren 7an

Six Basque Poets liburua Arc argitaletxean
www.arcpublications.co.uk

LAF-en webgunea
lit-across-frontiers.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia