euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Shanghaiko Euskal Etxeak bat egingo du Bilboko Aste Nagusiarekin, 'Marijaia festa' eta txosnak antolatuz Kunsha-n

2012/08/21

Shanghaiko Euskal Etxeak Kunshan-en antolatutako 'Gure Mari Jaia 2012' jaiaren diseinu eta kartela
Shanghaiko Euskal Etxeak Kunshan-en antolatutako 'Gure Mari Jaia 2012' jaiaren diseinu eta kartela
Bilboko Aste Nagusian parte hartu-zale bazara eta aurten sasoin honetan Txinako lurretan bazabiltza, ez zaitez gehiegi larritu Shanghaiko Euskal Etxeko lagunek zugan pentsatu eta Marijaia festa antolatu baitute datorren larunbatean, euskaldunak, txinatarrak eta euren lagunak oro gonbidaturik Kunshan-go euskal eremuan egingo duten jaira, txosnak, musika, giroa eta bilbotar festa gogoa nagusi.

PUBLIZITATEA

Shanghai, Txina. Sanferminei eta Zeledoni ohore egin ondoren, heldua da aurten ere Bilboko Aste Nagusiaren garaia Shanghaira eta Txinako euskaldunak ez zaizkio atzean geratu elkarretaratze honi, datorren larunbatean Marijaia 2012 izeneko ospakizuna egingo baitute Kushan-en, aste honetan zehar Bilboko kaleetan egiten ari den festarekin gogotik bat eginez, Marijaiaren erreinua bertaratuz bertan bizi diren euskaldunen eta euren lagun txinatar eta bestelakoen gozagarri.

Udako festa ezagun hau zuzenean dastatu ez duten euskaldunentzat eta baita ere euskaldunen bertako lagunentzat Kunshan Beer Festival azpititulua ezarri diote festari, Arenaleko txosten antzera Kunshan's Txosna Gunea (sic) izeneko zerbait muntatuko dutelarik, Marijaiaren musika, euskal taldeen musika, Bilbo moduko giroa eta Bilbo Kunshanen biziarazteko gogoa guztiaren eragile.

Hitzordua datorren larunbat arratsalderako finkatu da. Shanghaitik parte hartuko dutenek lauetan egon daitekez Shanghaiko Euskal Etxearen egoitzan, bertatik abiatuko baita lau t'erdietan autobusa Kunshaneraino joateko. Kushanen, Txosna Gunea deitu dutena izango dute zain, eta musikaz eta giroaz busti ondoren bertan gauzatuko da afaria zortzietatik aurrera, menua ukondoa, saltxitxak eta garagardoarekin. Festak gauerdi t'erdiak arte iraungo du (hau ez da Euskal Herria) eta ordu horretan abiatuko da atzera autobusa Shanghaira.

Parte hartu nahi dutenek Shanghaiko Euskal Etxearekin kontaktatuko beharko dute ohiko bideetatik edo webgunetik jo. Proposamenaren salneurria 250 RMBkoa da, barne daudela garrraioa, sarrera eta afarirako txartela.

-Webgunea: www.shanghaikoeuskaletxea.com
-Shanghaiko Euskal Etxeko kide egiteko, idatzi hona

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia