euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sei euskal etxe berri ofizialdu ziren atzo Argentina, Alemania, Brasil, Frantzia, AEB eta Japonian

2009/12/10

Jaurlaritzak atzoko bilkuran onartu zuen sei euskal etxeetakoa da Tokyo-ko Euskal Etxea. Argazkian, bere estatutuak, euskaraz eta japonieraz (argazkia EuskalKultura.copm)
Jaurlaritzak atzoko bilkuran onartu zuen sei euskal etxeetakoa da Tokyo-ko Euskal Etxea. Argazkian, bere estatutuak, euskaraz eta japonieraz (argazkia EuskalKultura.copm)
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagokionez, albiste eguna izan zen atzokoa Diaspora gaietan, batetik buletin ofizialak Euskal Etxeei eman beharreko 2009ko dirulaguntzen berri ekarri baitzuen eta atzo, baita ere, Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak sei euskal etxe berriren onarpena sinatu baitzuen, horietarik bi orain arte euskal etxeen mapan agertzen ez ziren herrialdetan, hala nola Alemania (Berlin) eta Japonian (Tokyo). Gainerako laurak Argentinan (Buenos Aires), Frantzian (Paue), Brasilen (Itapevi) eta Estatu Batuetan (Santa Fe) onartu ziren.

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Egiazki, elkarrekin zerikusi gutxi daukaten sei euskal etxe istorio dira. Kasuren batean bai gertatzen dela euskal etxe benetan berria izatea, baina gehienetan duela urte batzuk --kasu batzuetan hamarkada batzuk-- lanean ari ziren elkarteak dira: alegia, ofizialtzeko pausoa, Jaurlaritzaren aurrean erregistratzeko urratsa, orain ematea erabaki dutenak, legeak onartzen dizkien abantailak bailatu ahal izateko, kanpoko euskal elkarte batek, nahiz eta berez euskal etxe izan edo euskal etxea izateko baldintza guztiak bete, ofizialtzeko pausoa eman arte, paperak aurkeztu eta Jaurlaritzako erregistroan sartzen ez den arte ez baita esistitzen, iritzia ez zaio eskatzen, dirulaguntzarik ezin du jaso eta, esaterako, lau urtean behin antolatzen diren Munduko Euskal Gizataldeen Biltzarretan ezin du hitz egin ez eta bozkatu.

Sei euskal etxeetan, bat Alemaniakoa da, Berlingo Gernika (Gernika, Deutsch-Baskische Kulturverein E.V.) eta urte batzuk dira bere kideak lanean ari zirela Euskal Herriaren eta Alemaniaren arteko loturak egiten. Azken hilabeteotan webgunea berritu dute eta ofizialtzea erabaki dute. Japonian, berriz, Tokyo-ko Euskal Etxea, bai berriagoa dela eta, hein batean aurrekoa bezala, baina Asiako herrialde batean finkatuta egoteak dakartzan berezitasunekin, euskal etxe berriaren ereduari segitzen dio. Profesional gazteak eta unibertsitatean dabiltzan euskaltzaleak biltzen ditu, besteak beste. Bere lehenengo urratsak ematen ari da, nahiz eta hilabete batzuk zain egon behar izan duen onarpena eta japonieratiko itzulpen guztiak egin zitezen. Bi elkarte hauek, Alemaniako eta Japoniakoa, euren herrialdeetan onartutako lehenak dira eta, beraz, bi herrialde hauek munduko euskal etxeen mapan sartzen dituzte.

Argentinan, Buenos Airesko Denak-Bat Kultur Elkartea izan da onetsia. Argentinako hiriburuan 2007an sortutako elkarte bat da eta ez da bere zentzu estuan euskal etxe bat, izenak dioen bezala kultur elkarte bat baizik. Euskal jatorriko argentinarrak ditu eragile eta arteak eta kultura landu eta sustatzea dauka helburu. Orain artean, musika jasoari eman dion bultzadagatik egin da ezaguna, bere kideetako asko musikariak baitira eta musika alorrean kontzertu andanatxo bat antolatu baitu jada sortu zenetik, euskal egileen, euskal jatorriko argentinar egileen, argentinar egileen eta nazioarteko egileen piezak joz eta jendaurretuz. Urrunago joan gabe, atzo bertan, onarpen ofiziala zabaldu zen egunean, kontzertu bat antolatua zeukan Almagro-Buenos Airesko San Carlos eta Maria Auxiliadora Katedralean, programan Rodolfo Arizaga, Arcangelo Corelli eta Antonio Vivaldiren obrak, kantari eta jole gisa Laura Delogu (sopranoa), Adriana Arregui (kontraltoa), Manuel de Olaso (organoan), Todos los Santos abesbatza eta Denak-Bat Kamerata (Grace Medina - concertinoa), elkarteko arduraduna ere baden Xabier Iñaki de Arza Blanco maisua zuzendari.

Frantzian, atzo onartu duten erakundea Paueko Lagunt eta Maita euskal etxe bearnesa da, 1967an sortua eta geroztik lan handia egin duena euskal kulturaren alde Bearnoko hiriburuan, askotan Euskal Herriko bertako jendeekin lankidetzan, ezin hurbilago baitago guregandik. Brasilen, ostera, onartutako elkartea bai dela berria, sei hauen artean berriena. Itapevin jaio da, Sao Paulo eskualdean dagoen berrehun mila biztanle eskaseko hirian. Bere bazkideetako asko, juxtu atzo mende erdi bat bete zuen Sao Pauloko 'Eusko Alkartasuna' euskal etxeko kideak izanak dira. Sao Paulo hiriak 11 bat milioi biztanle baditu ere, bertako euskal etxeko kideak oso gutxi dira, baina beste askotan bezala hemen ere gauzak adosteko ez dira gai izan eta hiriburutik 39 kilometrora dagoen Itapevin sortu da Brasilgo bigarren euskal etxe hau.

Azkenik, atzoko seigarren euskal etxea Estatu Batuetako New Mexico estatuan izan da onetsia. New Mexico Euskal Etxea du izena eta 2005ean sortu zen. Tamaina aldetik euskal etxe apala da eta bere kideek argi daukate ez dutela azkarregi joan nahi edo ur hendiegitan sartu nahi. Urtero zenbait elkarretaratze eta ekitaldi egiten dituzte euren artean zein gizarte newmexikotarrari begira. Harremanak badituzte NABOrekin, baina ez daukate presarik bertan sartzeko. Bertako bazkide eta sustatzailerik ezagunena seguruenik, Blas Uberuaga 'Buber' da, 1990eko hamarkada hasieran interneten euskal edukien eta euskal presentzian aitzindari izan zen euskal amerikanoa. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia