euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sarean da Kazeta.info egunkari elektronikoa; albisteak euskaraz Iparraldetik Euskal Herria eta mundu osorako

2008/10/03

Kazeta.info egunkari elektronikoaren logoa
Kazeta.info egunkari elektronikoaren logoa

PUBLIZITATEA

Egoitza Donibane Garazin du, Nafarroa Behereko hiriburuan, baina irakurleak Euskal Herriko zazpi probintzietan eta munduko euskaldunek osatzen duten zortzigarren horretan ere izan nahi ditu. Interneti esker egunkari elektroniko honetako berriak irakurleengan helduko dira, berdin da non, webgunearen bidez edo harpidetuek euren posta elektronikoan jasoko duten boletinaren bidez. Proiektu jaio berriaren buru Maite Ubiria eta Gaxuxa Arranbide kazetariak dira, kolaboratzaile sare zabal baten laguntzarekin.

Donibane Garazi, Nafarroa Beherea. Mundu osoko euskaldunek euskal komunikabide berri bat dute eskuragarri sarean: www.kazeta.info egunkari elektronikoa. Argitalpen berri hau asteazkenean, urriaren 1ean, heldu zen lehen aldiz sarera eta dagoeneko Euskal Herriko hainbat bazterretatik irakurle askok egin diote harrera. Egunkaria arratsaldez berritzen da, hau da, arratsaldeko bietarako (Euskal Herriko ordua) informazio orri nagusia argitaratua du. Informazio hori eskuratzeko bi bide eskaintzen ditu: bata, www.kazeta.info webgunera joz, eta bestea, buletinaren bidez e-mailean jasoz. Azken bide hau urte bukaera aldera jarriko da abian, eta harpidetza doakoa izango da.

Egunkaria euskara hutsean egina da eta lau sail nagusi lantzen ditu: Euskal Herria, Mundua, Kultura eta Kirola. Egunkaria Nafarroa Beheretik sareratzen denez, Ipar Euskal Herriko kulturak eta berriek leku berezia du bertan, tokian-tokiko informazio askorekin. Horrezaz gain Iritzi atalean egunkariaren kolaboratzaileek zutabe pertsonalak argitaratzen dituzte, gai desberdinen inguruko iritzia emanez. Eta irakurleek ere badute euren tartea, artikulu guztietan gehitu daitezkeen iruzkinen bitartez.

Egunkaria aurrera ateratzen duen lantaldea Maite Ubiriak eta Gaxuxa Arranbide kazetariek osatzen dute, kolaboratzaile sare baten laguntzaz. Ekimenaren sustatzailea Iparla elkartea izan da, Ipar Euskal Herrian euskarazko kazeta eletroniko baten beharra zegoela sinistuta. Ekimenak Lider Plus erakunde europarraren sostengua izan du hastapeneko gastuei aurre egiteko. Komunikabide jaioberria izanagatik, Kazeta.info-k bi sari lortu ditu jada: Ekimen Saria 2007, euskara bultzatzen duen proiektu berri bat sortzeagatik eta 'Pays Basque Numerique' labela. Egunkariak gainera antzeko beste medio eta ekimenekin lankidetza egitasmoak ditu, hala nola Radiokultura.com eta Info7 irrati elektronikoak.

Kazeta.info ezagutzeko, jo euren webgunera, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia