euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxeak bere 60. urteurreneko argazki lehiaketan parte hartzera gonbidatzen du

2018/08/07

Argazki lehiaketa bultzatzeko afixa
Argazki lehiaketa bultzatzeko afixa

PUBLIZITATEA

Hirurogei urte beteko ditu 2019an Brasilgo Eusko Alkartasuna Euskal Etxeak eta beste ekimen batzuen artean, 60. urteurreneko egutegia kaleratu nahi du. Egutegia osatuko duten hamabi argazkiak aukeratzeko, lehiaketa bat antolatu du. Edonork parte har dezake eta lanak bidaltzeko epea zabalik da dagoeneko eta urriaren 10ean bukatuko da. Zorion aurreatuak Eusko Alkartasunari eta hona lehiaketaren zehaztasun batzuk.

Sao Paulo, Brasil. Proposamena Euskal Etxeko kide eta lagunei ez ezik, euskal diasporari eta orokorrean argazkizale guztiei dago zuzenduta. Asmoa, 60. urteurreneko egutegiaren aitzakia, sei hamarkada hauetako Euskal Etxearen irudi bilduma handitzea. Hori dela eta lehiaketan parte hartuko duten argazkiek erakundearen eta bere jendearen historia irudikatu behar dute.

Argazkiei dagokienez, ezin dute aldaketa digitalik izan, hau da, ezin dute ertzik, itxuraldatzerik edo beste irudi bat txertaturik izan. Argitaratugabeak ere izan behar dira eta lehiaketaren gaiarekin izan behar dute harremana.

Parte hartu nahi dutenek gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango dituzte eta e-postaz bidali helbide honetara centrobasco.ea.sp@gmail.com. Horretarako harpidetza orria eskatu behar da aipatutako helbidera. Argazkiak Euskal Etxera bidali behar dira, harpidetza fitxa, argazki bakoitza identifikatzeko fitxa eta irudia erabiltzeko baimenarekin batera. Argazkian pertsonaren bat agertzen bada, bere baimena ere atxikitu behar da.

Lanak 2018ko urriaren 10era arte jasoko du Euskal Etxeak eta irabazleen izenak 20a baino lehen jakinaraziko dira. Jasotako argazkien artean hamabi aukeratuko dira –gizarte sareetan egingo den bozketa baten bidez– eta hamabi argazki horiek izango dira Sao Pauloko 60. urteurreneko 2019ko egutegiaren irudiak.

Lehiaketaren informazio gehiago eskatzeko, centrobasco.ea.sp@gmail.com helbidera edo Centro Basco Eusko Alkartasuna de São Paulo Facebook kontura idatzi behar da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia