euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sanz-ek Karlos III.aren Gurutzea ezarri zien atzo Agustin Otondo (Txile) eta Crisanto Ayanz-i (Argentina)

2011/06/08

Crisanto Ayanz, Orbe, Torres, Sanz presidentea, Agustin Otondo Garde eta Almagro, Karlos III.a Prestuaren Gurutzea jaso ondoren
Crisanto Ayanz, Orbe, Torres, Sanz presidentea, Agustin Otondo Garde eta Almagro, Karlos III.a Prestuaren Gurutzea jaso ondoren
Miguel Sanz Nafarroako jarduneko lehendakariak Karlos III.a Prestuaren Gurutzea ezarri zien atzo, Iruñeko Nafarroako Jauregiko Jargi Aretoan eginiko zeremonian, nafar diasporako Crisanto Ayanz eta Agustin Otondori, lehenari Argentinako nafar etxeetan kanpoko nafarren alde eginiko lanengatik eta Otondori Txileko Santiagotik bertako Nafar Etxea sortzen eta azken hogei urteetan laguntzen gauzatutako ahaleginengatik. Eurekin batera, hiru erakunderi ezarri zien errekonozimendu bera, Elikagai Bankuaren, Esku Elkartuen eta Gizakia Helburu elkarteen Nafarroako ordezkaritzei.

PUBLIZITATEA

Iruñea-Pamplona. Berez, sarion erabakia eta publikoki adieraztea joan den maiatzaren 2an izan zen, orduantxe EuskalKultura.com-ek adierazi zuenez, baina bistan denez dominen emate-ekitaldi solemnea falta zen. Orduan hartutako erabakiaren arabera, Nafarroako Gobernuak aipatu hiru erakundeei egotzi zien domina eta baita, pertsona gisa, Crisanto Ayanz Argentinako Nafarroako Etxeen Federazioko presidenteari ere.

Agustin Otondoren kasuan, berari saria emateko erabakia lehenagokoa da, 2010eko azaroaren 8koa hain zuzen. Baztango Erratzun 1934an jaio eta hamabost urte zituela Txilera emigratutako Agustin Otondo Dufurrena Txileko Nafarroako Etxeko sortzaileetakoa eta elkarteko lehenengo presidentea izan zen eta Sanz presidenteak Santiagon bertan ezarri nahi zion domina, iazko San Frantzisko Xabier egunean, baina guztia prest zegoelarik aire-kontrolatzaileen greba estalia lehertu zen eta Sanz-ek aldatu behar izan zuen Hego Ameriketara programatua zeukan bidaia eta emate-ekitaldia ezin izan zen egin, atzodaino.

Diasporaren esparruan sari hauxe bera hartutakoak dira Sandalio Monreal Suberviola (2008), besteak beste urtetan Rosarioko Nafar Etxeko lehendakari izandakoa, eta Rosa Mary Ibañez Zapatero (2010), hau ere urte askotan eta egun ere Espainiako Nafar Etxeen Federazioko lehendakari dena. Bestalde, Argentina eta Txileko Nafar Etxeek Nafarroako Urrezko Domina jaso zuten Sanz presidentearengandik 2005. urtean.

Karlos III.a Prestuaren Gurutzea saria 1997an sortu zuen Nafarroako Gobernuak, Nafarroako aurrerapenari beren jardunari dagokion esparrutik lagundu dioten edo Foru Komunitatea bere mugetatik landa erakutsi duten pertsona eta erakundeen merezimenduak nabarmentzeko asmoz. Saria sortzeko foru-dekretuaren arabera, sariak Karlos III.a Prestuaren du izena, "errege hori biziki nabarmendu baitzen Nafarroako errege-erreginen artean, bere izaera bakezale eta adiskidetzaileagatik, kulturaren eta artearen aldeko ekinbideengatik eta Europako gainerako gorteekin ezarri zituen harreman baketsu eta laguntasunezkoengatik".

Lotura interesgarriak

-Buenos Airesko Nafar Etxea: www.centronavarro.org
-Rosarioko Nafar Etxea:
www.centronavarro.com
-Txileko Nafar Etxea: www.centronavarrodechile.org
-Espainiako Nafar Etxeen Federazioa: www.hogarna.org

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia