euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sunchales-eko ordezkaritza batek Arrasate herri senidetua bisitatu zuen maiatzaren hasieran

2012/05/23

Arrasateko Inazio Azkarragaurizar Larrea alkateak Argentinako ordezkaritza jaso zuen (argazkia Sunchaleseko Udala)
Arrasateko Inazio Azkarragaurizar Larrea alkateak Argentinako ordezkaritza jaso zuen (argazkia Sunchaleseko Udala)
Erroman hasitako europar bira batek Euskal Herrira ere eraman zuen Sunchales-eko Ezequiel Bolatti alkatea. Euskaldunen arteko egonaldian Arrasateko Behi-Alde esne-kooperatiba, Unibertsitatea eta Kooperatibaren prestakuntza gunea bisitatu zituen Bolatti alkateak ‘Casa Cooperativa de Provisión Sunchales Limitada’ delako elkarteko ordezkaria den Edgardo Bonaudik lagunduta. Sunchales eta Arrasate-ren arteko harremana 2007an abiatu zen ofizialki, garai hartako agintariek senidetzea sinatu zutenean. “Arrasaten ikusitakoak animatu egin gaitu esne arloko merkatzaritza-trukeak bultzatu eta gure herrian bertan hirugarren mailako edota unibertsitate mailako prestakuntza garatzera”, iragarri du Bolattik prentsaurrekoan.

PUBLIZITATEA

Sunchales, Argentina. Kooperatiben Nazioarteko Urtea ospatzen den 2012 honetan, bi herrien arteko hartu-emana sendotu dute Arrasateko eta Suchaleseko alkateek argentinarrek Euskadira egindako bisita medio. Izan ere, Sunchaleseko ordezkaritza batek Gipuzkoako herria bisitatu zuen maiatzaren hasieran Europako bira baten baitan.

Arrasaten, Behi-Alde esne-kooperatiba bisitatu zuen Hego Amerikako politikariak. “Bisitaren ondorioz, Sunchaleseko Udalak areagotu egingo du merkataritza-trukeak bideratzeko lana”, azaldu du Ezequiel Bolatti Sunchaleseko alkateak prentsaurreko batean.

Kooperatibaz gain, Mondragon Unibertsitatea (MU) eta Korporazio Kooperatibako prestakuntza gunea ere ikusi ahal izan zituen Argentinako ordezkaritzak. “Hango eskarmentu akademikoari jaramon eginez hemen hirugarren mailako edo unibertsitate mailako trebakuntza gara dezakegu. Geure arteko harreman komertzialak eta kooperatibismoa indartu behar ditugu Arrasate eta Sunchales herriak biltzen dituen senidetzea sustatzeko”, adierazi du Bolattik Euskal Herritik bueltan.

Gogora dezagun bakoitza bere inguruan kooperatibismoaren erreferenteak direla Arrasate eta Sunchales eta euren arteko senidetze ekitaldi ofiziala 2007ko otsailean gauzatu zela Arrasaten, Gonzalo Toselli Sunchales-eko orduko alkatea buru zuen ordezkaritzak Arrasate eta Euskal Herria bisitatu zituenean. “Sunchales eta Gipuzkoako Arrasate geografikoki bata bestearengandik milaka kilometrora kokatuta badaude ere, antzekotasun handiak dauzkate. Hogei bat mila biztanleko herriak dira biak eta euren ekonomia kooperatibetan oinarritzen da. Kooperatibismoa oinarri, hain zuzen ere, hasi ziren senidetzera heltzeko lehen pausoak orain bi urte”, esan zuten agintariek senidetzea gauzatu zenean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia