euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Nicolaseko Ocariz-Mazzolini bikotea txapeldun Chacabucon Argentinako Mus Txapelketa Nazionalean

2017/06/20

39. Mus Txapelketa Nazionaleko txapeldunak
39. Mus Txapelketa Nazionaleko txapeldunak

PUBLIZITATEA

Erakundearen 28. urteurreneko egunean, Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxetik jakinarazi dute San Nicolasko Euzkal Etxeko Alvaro Ocariz - Hector Mazzolini bikoteak beraganatu duela Mus Txapelketa Nazionaleko lehenengo saria joan den asteburuan. Emaitzak horrela, sannicolasatarrek ordezkatuko dute Argentina abuztuaren 25etik irailaren 3ra Estatu Batuetako San Frantziskon eta Chinon jokatuko den Nazioarteko Mus Txapelketan.

Chacabuco, Argentina. Arrakastatsua izan da Guillermo Larregui Euskal Etxeak euskal komunitate osoari luzatutako mus deialdia. Izan ere 33 bikotek hartu zuten parte bertan jokatutako Argentinako Mus Txapelketan eta beste hainbestek –32 bikotek hain zuen– Lehiaketa Paraleloan. Ekitaldiak FEVAren eta hiriko Udalaren babesa izan zuen. FEVAren izenean, Hugo Andiazabal presidentea bertaratu zen Chacabucora, muslariekin biltzeko. Victor Aiola alkatearen izenean, berriz, Juan Ozan Kultur idazkariordeak, Ezequiel Courade Erakunde Harremanetarako Zuzendariak eta Jorgelina Soñez zinegotziak egin zuten bat euskal gizataldeko lagunekin eta zeremoniazko bandera argentinarra eta ikurrina eman zieten opari.

Emaitzei dagokienez, Álvaro Ocáriz eta Héctor Mazzolini nicolastarrek 4-1 irabazi zieten Rosarioko Eduardo Imperialek eta Domingo Legarretak osatutako bikoteari. Lehiaketa paraleloan Chascomuseko Osnildo Rodríguez eta Julio César Toffani izan ziren etxapeldunak, Mar del Platako bikoteari irabaziz.

Hiru eguneko ekitaldia igande eguerdian bukatu zen bi omenaldi eta agur bazkariarekin. Lehenengo omenaldia Manolo Arriolari egin zitzaion “Mus jokoaren alde egindako lanagatik, ez Argentinan bakarrik baizik eta nazioarteko mailan ere”. Arriolaren senideek jaso zuten plaka oroigarria. Bigarren omenaldia Eugenio Izurietarentzat izan zen. “Eugenio Chacabucoko Mus erreferentea izan zen eta berari esker asko hazi zen aktibitatea gure Euskal Etxean. Heraldo Del Pozorekin lagun, lehenengoa izan zen Lehiaketa Nazional batean Chacabuco hiria ordezkatzen”, gogoratzen dute Guillermo Larregui-ko arduradunek.

Sari-emanaldian bi lehiaketetako irabazleei eman zitzaien saria, baita Nazionalean bigarren postuan geratu zirenei ere. “Hiru egun ahaztezinak izan ziren, lehiakidetza leialean. Lan itzela egin zuten Zuzendaritza Batzordeko kideek, emakumeen taldeak, muslariek, dantzariek eta etxeko lagun ugarik guztia ondo atera zedin eta gonbidatuak etxean bezala senti zitezen. Uste dugu egoerak eskatzen zuen mailan jardun genuela eta beraz harro gaude”, adierazi diote Euskalkultura.com-i Guillermo Larregui-ko lagunek, Euskal Etxearen 28. urteurren egunean. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia