euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Nicolaseko Euskal Etxearen alkartasun ekintza berria, uholdeetan kaltetutakoentzat sukaldatuz

2017/02/02

San Nicolaseko Euzkal Etxea-ko lagunak uholdeetako kaltetutakoen alde lan egiten
San Nicolaseko Euzkal Etxea-ko lagunak uholdeetako kaltetutakoen alde lan egiten

PUBLIZITATEA

San Nicolaseko Euskal Etxekoen alkartasun mugimendu berria, bertako sukaldari taldeak, hainbat kide lagun, azkar baino azkarrago erantzun baitzion urtarril erdialdean San Nicolas partiduak pairatu zuen uholde egoera larriari, ia bostehun paella anoa prestatuz urpean geratu ziren La Emilia herriko jendeentzat. Berriro ere, laguntzen eta talde-lanean aritzen ederki moldatzen dela ongi frogatu zuen 2017ko Euskal Aste Nazionalaren antolatzaile izango den San Nicolaseko Euskal Etxeak.

San Nicolas, Argentina. Aurretik prestatu gabeko ekintza batekin hasi zuen urtea San Nicolaseko Euskal Etxeak. Urtarril erdialdean Buenos Aires probintziako iparraldean gertatutako ekaitzengatik, gainezka egin zuen Arroyo del Medio izeneko errekak eta San Nicolas hiritik 20 bat kilometrora dagoen La Emilia herrixkaren zati handi bat urpean geratu zen. Berri txarra jakin bezain laster  jarri ziren martxan Euskal Etxeko sukaldari, kide eta lagunak eta kale gorrian geratu ziren ia bostehun pertsonentzat prestatu zuten euren menu tipikoena: oilasko paella.

2001ean Etxe Nasaia izeneko proiektu solidarioa abian jarri zuen taldea, janaria prestatzeaz gain, La Emiliako La Papelera auzo behartsura bertaratu zen biandak banatzera eta laguntza eskaintzera.

Abesbatzak Euskal Astean

Jakina denez, 2017ko Euskal Aste Nazionala San Nicolas hirian bertan izango da, azaroaren 6tik 12ra, Euskal Etxea antolatzaile. Eta oraindik data urrun dagoela ematen duen arren, erabat murgilduta daude sannicolastarrak antolakuntza lanetan. Eta nobedade txiki batzuk konpartitu nahi izan dituzte gurekin.

Alde batetik, eta Euskal Herriaren izena mugaz gaindi eraman zuen Eresoinka koruaren fundazioaren 80. urteurren urtean, leku nabarmena izango dute euskal argentinar abesbatzek Aste Nazionalaren egitarauan. Horregatik, gonbite berezia luzatu nahi die San Nicolaseko EEko Errekatarrak talde anfitrioiak euskal etxeetako koruei, abesbatzen arloan antolatuko dituen ekintzetan parte har dezaten.

Bestalde, Euskal Etxetik jakinarazten dute snvascasn@hotmail.com helbide elektroniko berria aktibatu dutela, jendeak Euskal Asteari buruzko galdera eta kontsultak bertara bidera ditzan.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia