euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Juango Eusko Etxeak San Juan probintziako euskaldunei buruzko historiak bilduko ditu liburu batean

2015/02/24

San Juango Eusko Etxea euskal etxeko kideak herriko Kultur Aniztasunaren Jaian
San Juango Eusko Etxea euskal etxeko kideak herriko Kultur Aniztasunaren Jaian

PUBLIZITATEA

Eusko Etxeak bultzatutako proiektuak San Juan probintziara iritsi ziren euskal herritarren eta euren ondorengoen istorio, pasadizo eta datuak berreskuratu nahi ditu euskal etorkin horiei omenaldia egitearren. Informazioa ekainaren 30ra arte jasoko da, 2016ko Euskararen Eguneko ekitaldian aurkezteko asmoz. Deitu Eusko Etxera parte hartu nahi izan ezkero. Euskal elkarteak, bestalde, karroza propioa izango du ostiral honetan Eguzkiaren Jaian euskal musikazaletasuna gai hartuta.

San Juan, Argentina. “Euskal familiak eta beren ondorengoak San Juanen” izango da liburuaren izenburua eta euskal etxeko jendeak berak egingo du,esan nahi baita eurak hartuko dute datuak bilatu, iturriak egiaztatu eta liburua osatzeko ardura. “Badakit lan handia izango dela” adierazi dio euskal etxeko kide giltzarrietako bat den Ofelia Larreak EuskalKultura.com-i. “Baina polita ere bai; ezinbestekoa da istorio horiek berreskuratzea gal ez daitezen”.

Eskatzen duten informazioari dagokionez, Euskal Herritik San Juanera iritsi ziren familia euskaldunena da, euren kontakizun eta pasadizoak. Eta argazkiak eta dokumentuak ere sartuko dituzte liburuan. “Nire familiaren historiaren kasuan, adibidez, Arrietako alkateak gure aitari Argentinara etorri ahal izateko emandako portaera oneko ziurtagiria dut eta jarriko dugu liburuan”, jakinarazi digu Larrea andreak.

Datuen bilaketa hasita dago eta euskal etxeko familia batzuen historiak jaso dituzte jadanik. Orain, ordea, eta probintziako bazter guztietara iristeko, egunkarietan argitaratuko dute deialdia. Materiala ekainaren 30era arte jasoko da eta egileen asmoa da 2016ko Euskararen Egunean, San Juan hiriko Legebiltzarrean ENE dela eta urtero egiten den ekitaldian aurkeztea. Proiektuaren informazio gehiago jasotzeko, edota zuzenean parte hartzeko, euskal etxearekin jarri behar da kontaktuan Facebook-en edo telefonoz 0264 4222182 zenbakian.

Ostiral honetan, Eusko Etxea Eguzkiaren Jaian

Bestalde, San Juango Eusko Etxeak jakinarazi digu, urtero bezala 2015eko Eguzkiaren Jaian parte hartuko duela. Festaren aurtengo leloa “Pasio argentinarrak” izango da eta pasioaren kontzeptuari helduz, euskal etxearen karrozaren gaia “Euskaldunen musikarekiko pasioa” izango da. Desfile nagusia otsailaren 27an izango da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia