euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Juango Eusko Etxea-ko lagunek Santa Lucia herriko gazteekin ospatu zuten neguko solstizioaren hasiera

2012/07/10

El Vivero auzoko neska-mutilak San Juan suaren inguruan (argazkiaEE)
El Vivero auzoko neska-mutilak San Juan suaren inguruan (argazkiaEE)
Bi ekimen antolatu dituzte aurten San Juan hiriko euskaldunek San Juan eguna ospatzeko. Bat, ekainaren 24ean, bestea, etxekoentzat; ekainaren 30ean, komunitate osoari begira. Santa Lucia herriko El Vivero auzoko gazteak izan ziren bigarren ekitaldi honen protagonistak. Eusko Etxeko arduradunek azaldu digutenez, “euskal etxearen eta gizartearen arteko loturak sendotzeko asmoarekin antolatu dugu suaren inguruko ekintza hau; eta bide batez, antzinako ohitura bat berreskuratu dugu”, adierazi dute. Datorren hilabeteari dagokionez, euskal etxekoak San Inazio jaiaren antolakuntzan daude murgilduta; horretaz gain eta baieztatzeke egon arren, abuztuaren amaierarako Iñaki Etxepare biolontxelistaren euskaldunaren kontzertu bat egongo litzateke hiriko Juan Victoria auditoriumean.

PUBLIZITATEA

San Juan, Argentina. San Juan festa eta eguna eta izen bereko probintzia argentinarraren sorreraren 450. urtemuga ospatu zituzten Andeen magaleko euskaldunek joan den ekainaren 24an lagun talde polita bildu zuen bazkarian. Jai giroa ekainaren amaierara arte luzatu zen, hilabetea bukatu aurretik neguko solstizioa ospatu zuten --Ameriketako hego mutur honetan negua hastan baita ekainaren 21ean-- Eusko Etxea-ko lagunek San Juan probintziako Santa Lucia herriko El Vivero auzoko gazteekin.

San Juan suaren ondoko topaketa ekainaren 30ean izan zen eta euskal etxetik EuskalKultura.com-i jakinarazi diotenez, bertoko gazteak euskal erakundearengana hurbiltzea izan zen ekintzaren xede nagusia. “Lehen oso ohikoa izaten zen batez ere auzoetan santuaren omenezko sua egitea, beraz, ekintza honekin ohitura hori, bere esanahia eta izpiritua, berreskuratu dugu”, adierazi dute Eusko Etxea-koek.

Abuzturako beste ekintza batzuk gauzatuko dituzte San Juango euskal etxeko lagunek. Tartean, erakundearen patroia den San Inazioren omenezko jaia. Abuztuan ere Iñaki Etxepare biolontxelista irundarraren bisita espero dute sanjuandarrek. Argentinarako bira oraindik erabat baieztatzeke egon arren, irrikan daude euskal etxekoak izen handiko musikariaren kontzertura bertaratzeko posibilitatearekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia