euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Juango Eusko Etxea-ko lagunek probintziaren sorrera eta patroiaren eguna ospatu zuten iragan asteburuan

2012/06/28

San Juango euskal etxeak probintziaren urteurrena eta santuaren eguna ospatu zituen (argazkiakEE)
San Juango euskal etxeak probintziaren urteurrena eta santuaren eguna ospatu zituen (argazkiakEE)
Historia liburuek jakinarazten dutenez, 1562ko ekainaren 13an irakurri zen lehendabizikoz, Andeen magaleko Tulum haranean, San Juan hiri argentinarraren sorrera agiria. Historialariek argitzen dutenez, San Juan Bataiatzailea ohoratzeko ‘San Juan de la Frontera’ izena paratu zioten hasiera hartan. Joan den larunbatean, eta fundazioaren 450. urteurrenaren baitan, bazkari bat burutu zuten San Juango Eusko Etxea euskal etxeko lagunek garrantzi handiko data hori ospatzeko. Elkarretaratzeak bidea eman zuen, gainera, euskal elkartearen ekimen berri bat iragartzeko: eskualdeko Encon herriko eskola errural bati laguntza emango dio Eusko Etxeak.

San Juan, Argentina. Lagun talde polita bildu zen joan den asteburuan San Juango Eusko Etxea-n probintziaren sorrera eta San Juan jaia ospatzeko asmoarekin. Bazkariaren menua Argentinan hain tipikoak diren lokro eta enpanadak izan zen, euskal etxeko andreek prestatuta.

San Juan probintziaren fundazioaren 450. urtemugan, Eusko Etxea-ko arduradunek Juan de Mallea gipuzkoarra ere izan zuten gogoan. “Juan de Mallea Eibarkoa San Juanen sorreraren lekuko izan zen. Mallea San Juango alkatea ere omen zen 1593. urtean eta bertoko Doña Teresa de Ascencio-rekin ezkonduta, familia handia sortu zuen. Kari horretara San Juango lehenengo familiaren sortzaile gida ezagutzen da”, azaltzen dute sanjuandar historia liburuek.

Eusko Etxeak hori guztia ospatzeko antolatutako ekimenean, euskal elkarteko lehendakari Cristina Hornilla mintzatu zen lehenik, Paulo Landa lehendakariordea lagun, ongietorria emanez bildutakoei. Etxeko bi arduradunek, San Juan eguna eta suaren esanahia azaltzeaz gain, erakundeak abiatu duen egitasmo bat aurkeztu zieten gonbidatuei. Euskal etxearen bertako gizarte eta beharrekiko lotura eta engaiamendua areagotzeko, Encon izeneko herrian, bertako eskola errural bati laguntzeko proiektua ari da abiatzen Eusko Etxea. “Eskolako neska-mutilak premia handian daude eta ez daukate ikasteko beharrezkoak diren ohiko lanabesak. Gure asmoa material didaktiko hori helaraztea da”, azaldu diote San Juango euskal elkarteko arduradunek EuskalKultura.com-i. Aukera galdu gabe eta asmo horrexekin ere, zozketa batzuk egin ziren San Juan bazkarian bertan.

Urteurreneko hitzordua ahitzeko, Euskal Herriari buruzko bideoak proiektatu ziren bazkalostean. “Guztiok ikusi ahal izan genituen Euskal Herriko paisaia eder horiek”. Musika ere ez zen faltatu ospakizunean. ‘Los Piratas’ izeneko taldeak jarri zion musika San Juango Eusko Etxearen egunaren gainerakoari.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia