euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Frantziskoko euskaldunek haritz bat landatuko dute Gernikako Bonbardaketaren 70. urteurreneko ekitaldietan

2007/03/21

San Frantziskon egingo diren Bonbardaketaren Urteurreneko ekitaldien kartela
San Frantziskon egingo diren Bonbardaketaren Urteurreneko ekitaldien kartela

PUBLIZITATEA

Datorren apirilaren 26ean 70 urte beteko dira 1937an Hitlerren hegazkinek Gernika bonbardatu zutenetik. Gertaera latz honek oihartzun handia izan zuen eta neurri batean bakearen nazioarteko ikur bihurtu zuen Gernika. 70. urteurrena dela-eta ekitaldi bereziak prestatu dituzte Euskal Herrian, eta munduko euskal etxe asko bilduko dira bakearen aldeko aldarrikapen honetara. La Plata edo Buenos Aires (Argentinan), Montevideo (Uruguain), Santiago (Txilen), Bogotá (Kolonbian) edota Mexiko (Mexikon) dira horietariko batzuk. Estatu Batuetan, San Frantziskoko Basque Cultural Centerrek ere bere ekitaldien berri eman du: apirilaren 17 eta 36 bitartean egingo dituzten mintzaldi, dokumental erakusketa eta haritz baten landaketa, besteak beste.
Gernikako Udala buru-belarri dabil egunotan herri bizkaitar honek 1937an jasan zuen Bonbardaketaren 70. urteurreneko ekitaldiak antolatzen. Ekitaldi ugari antolatu dituzte eta nazioarteko agintari eta ordezkariak, eta Bakearen Nobel saridunen partehartzea izango dute tartean. Ekitaldien gune nagusia Gernika izango da, noski, baina munduan zehar euskal etxe ugarik ere gogoratuko dute egun hau. Izan ere Diasporako euskaldunek min bereziz bizi izan zituzten 1937ko gertaera hauek. Euskal etxeek eta atzerriko euskaldunek sarri izan dute gogoan Gernikan gertatutakoa eta askok urtero antolatzen dituzte ekitaldi bereziak urteurrenean.

Aurten ere asko izango dira urteurrena gogora ekarriko duten euskal etxeak. Batzuen ekitaldien berri eman dugu jada EuskalKultura.com-en, baina data hurbildu ahala beste batzuk gehitzen zaizkio zerrendari. Horietariko bat San Frantziskoko Basque Cultural Center (BCC) izan da, apirilaren 17tik 26ra bitartean egingo diren Remembering Gernika. 1937-2007 jardunaldiekin (Gernika gogoratuz. 1937-2007).

Jardunaldi hauetako lehen aktibitatea The Bombing of Gernika. The Mark of Men dokumentalaren emanaldia izango da, apirilaren 17an bertan. Lan honek historialari edo kazetarien ikuspegiari heldu baino, Gernikako bonbardaketa ondoren bizirik gelditu zirenen testigantza jasotzen du, beraiek direlako bonbardaketak herri honetan egindako sarraskiaren azken marka. 'Barkatu, baina ahaztu gabe', horixe da hain zuzen ere dokumentalean Elvira Otaolea gernikarrak dioena. Dokumentalak 45 minutuko iraupena du, eta Pedro Oiarzabalek aurkeztuko du San Frantziskon. Oiarzabal zineman aditua da eta BCCk egiten duen Basque Film Series zikloaren gidaria. Lehen emanaldia apirilaren 17an, arratsaldeko 19:30tan izango da, eta bigarren bat ere egingo dute, ordu berdinean apirilaren 19an.

Haritz bat landatuko, Gernikako Arbola gogoratuz

Ekitaldiak igandean jarraituko dute, apirilaren 22an, Gloria Totoricaguena, Renoko Center for Basque Studiesko zuzendariaren mintzaldiarekin. Totoricaguenak, euskal historia eta Diasporan aditua, Bonbardaketaren historiaz eta nazioarteko oihartzunari buruz hitzegingo du. Bi mintzaldi egingo ditu: bata goizean izango da, 10:00etatik 12:30tara; eta bigarrena arratsaldean, 15:00etatik 17:00tara.

Bonbardaketaren urteurren egunean, apirilaren 26ean, egingo dituzte aktibitate ofizialak. Ekitaldi nagusia haritz baten landaketa izango da, bonbardaketa eta era berean euskaldunentzat hain esanguratsua den Gernikako Arbola gogoratuz. Ekitaldi hau Orange Park-en izango da, eguerdiko 13:00tan. Hiriko hainbat agintarik ere parte hartuko dute bertan eta, BCCko iturriak agertu dutenez arbola neurri handiko zuhaitza izango da. Eguna biribilduz, Aita Martxel Tillousek meza elizkizuna egingo du, bonbardaketan hildakoen oroimenez.


Lotura interesgarriak

Gernika, Bakearen sinboloa
Euskarazko Wikipedian

Bonbardaketari buruz informazio gehiago
Gaztelaniazko Wikipedian

Gernika Gogoratuz, Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroa
www.gernikagogoratuz.org

San Francisco Basque Cultural Center
http://www.sfbasque.org

Basque Cultural Center-ren 25. urteurrena
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 23an

La Platako Euzko Etxeak haritz kimua landatuko du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 7an

Gernikak Bonbardaketaren 70. urteurrena gogoratuko du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 2an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia