euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Frantziskoko Elgarrekin euskal abesbatzaren grabaketa historikoa sarean eros daiteke CD bertsioan

2009/03/02

Grabaketa --koralak bere ibilbide osoan egin duen bakarra-- 1983an egin eta kaleratu zen, kasete bertsioan. Orain CD gisa eskura daiteke, digitalizatu eta arramastertuta (argazkia EuskalKultura.com)
Grabaketa --koralak bere ibilbide osoan egin duen bakarra-- 1983an egin eta kaleratu zen, kasete bertsioan. Orain CD gisa eskura daiteke, digitalizatu eta arramastertuta (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Iragan urtean, Elgarrekin euskal abesbatzak 1983an egin zuen grabaketa 'historikoaren' 25 urteak bete zirela, San Frantziskoko Euskal Etxeak (SFBC) hamaika euskal kanturen bilduma den lan honen edizio berri bat egin eta plazaratu egin zuen. SFBCeko 'Basque Club Aldizkaria'k bere azkeneko alean oroitarazten duenez, grabaketa originalaren masterrak 2007an topatu ziren Basque Cultural Center-en eta hortik abiatuz Robert Iriartbordek digitalizatu eta birmasterreratu egin zituen. Emaitza haren CD bertsio berria eskuratu nahi baduzu, online egin dezakezu orain, edo bestela, ohi bezala, San Frantziskoko Euskal Etxearekin kontaktatuz.

San Frantzisko, Kalifornia, AEB. 1983an egin zuena izan da San Frantziskoko Elgarrekin koralak bere ibilibide osoan egin duen grabaketa eta emaitza grabatu eta komertzializatu bakarra. Hiriaren eta bere Bay Area delakoaren inguruetan behin eta berriro entzun izan den euskal kantu bilduma historikoa izan da, eta berau behin eta berriro entzunez hazi dira Kaliforniako parte honetako euskal familietako asko.

Iaz, master originalak topaturik eta grabaketa egin zeneko 25 urte betetzen zirela, San Frantziskoko Euskal Etxeak euskal tradizioko hamaika kantuko bilduma hau berriz plazaratzea erabaki zuen, oraingoan CD bertsioan, plazaratze originala kasete bertsioan bakarrik egin baitzen.

Sarean eros daiteke CD euskarrian

Orduan berrogeita lau kide zeuzkan Elgarrekin-ek 1983ko urtarrilaren 6an egin zuen grabaketa, San Frantziskoko euskal komunitatearekin lotura estua duen Notre Dame des Victoires elizan, Mattin Zubieta koraleko sortzailea eta Jeanne Mazeris zuzendari.

CDa erosi nahi baduzu, 12 dolarna saltzen da eta internet bidez eros daiteke. Bideo promozional bat ere egin da, eta hemen ikus dezakezu. Hortik bertatik ere eros dezakezu CDa online. Estatu Batuetan bazaude eta posta arruntez erosi nahi eta ordaindu nahi baduzu, txeke bat idatz dezakezu --hemengo ohiturei jarraiki eta hemengo banku batena bada-- 'Basque Club'en izenean ipiniz eta postaz igorriz honako helbidera: Basque Club, c/o Philippe Acheritogaray, 118 Yolo Street, Corte Madera, California 94925. Bestelako galderarik baduzu, idatzi Philippe-ri hona.

Lotura interesgarriak

Grabaketaren bideo promozionala ikusteko edota CDa eskatzeko
www.basqueclub.com/Elgarrekin-CD.htm



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia