euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Frantziskoko 'Bizi Emankorra' Saria 2017 Angel Arriada, Louis Marticorena eta Jeanne Mazeris-i

2017/02/24

Ezker-eskuin, Louis Marticorena, Angel Arriada eta Jeanne Mazeris (argazkia EuskalKultura.com)
Ezker-eskuin, Louis Marticorena, Angel Arriada eta Jeanne Mazeris (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Auzolanean eraiki eta estreinatu zuten 1982 hartan San Frantziskoko euskaldunek Basque Cultural Center edo Gure Euskal Etxea. Geroztik, urtero, otsailean, urtebetetearekin batera, asteburu osoko festa polit bat egiten da, hainbat jenderen ahaleginari esker, eta "Bizi Emankorra" sariak ere banatzen dira, elkarteari eta San Frantziskoaldeko euskaldunei ekarri baliotsua egin dioten lagunei. Aurten, Angel Arriada, Louis Marticorena eta Jeannie Mazeris-i. Zorionak! (kus bideoa)

San Frantzisko, AEB. Joan den igandean, otsailaren 19an, mezaren ondoren etxeko kantxan bertan eginiko ekitaldian ohoratu ditu San Frantziskoko Basque Cultural Center (SFBCC) edo Gure Euskal Etxeak (GEE) bere baitango langile eta partaideak. Ekitaldiko buru eta mintzatzaile/aurkezle, elkarteko lehendakari Gracian Goyhenetche. Antolatzaileen izenean, eskerrak eman zizkien, lehenik, larunbat-igandeko festa eta elkarretaratzea posible egin duten lagun eta bolondres guztiei, tartean Euskal Herritik etorritako gonbidatuei: Uztaritzetik etorritako Joko-Garbiko pilotariei, Euskadiko Federaziotik esku-huska jokatzera etorritakoei eta Ketxoko musikari eta kantariei. Horiekin batera, San Frantzisko eta bertako lagun, lankide eta parte hartzaile guztiei, horien artean aita Lastiri meza-emailea, Elgarrekin abesbatza, Klika, txistulari, bertsolari eta musikariei, Zazpiak Bat dantzariei eta etxeko dantzari txikiei, azken hauek "gure komunitaterane geroa baitira".

Antolatzaileek ere gogoan izan eta aipatu zuten euskal elkartearen egoitza den South San Frantzisko hiriaren eta Baxenabarreko Donibane Garaziren artean sinaturik indarrean dagoen jumelage edo hiri-arteko ahaidetasun hitzarmen eta harremana, Euskal Herria eta San Frantziskoalde osoa lotzen dituena, hamar milaka euskaldunek Kalifornia eta Ipar Ameriketarako ibilbidearen adierazgarri.

San Frantziskoko 2017 Bizi Emankorra Sariak

ANGEL ARRIADA. Bere ibilbide emankorretik, Euskal Etxeko Gracian Goyhenetche lehendakariak azpimarratu zuen, besteak beste: SFBCCko inaugurazio programa ofizialean, 1982ko Martxoaren 28an, lehenengo pilota goma partida Angel Arriadak bere partaide Jose Irigoyenekin jokatu zuela, Jean Goñi eta Pierre Irolaren kontra. Handik gutxira, Euskal Etxeko Pilota Batzordeak pilota modu bakoitzeko arduradunak izendatu zituen bere baitan, eta Angel Arriada izendatu zuen pilota gomako lehendabiziko arduraduna (chairman). Arduraduna ezezik, pilotari ere aritzen zen eta txapelketa asko irabazi zituen urteetan zehar.

 

 

1985ean, bolondres eskaini zuen bere burua Euskal Etxeko eraikinaren mantenimendu eta garbiketa lanetarako, eta Jean Gorostiaguek eta Anita Arduainek osatutako talde horretako kide zen. 1993tik 1996ra SFBCCeko Zuzendaritza Batzordeko kide hautatu zuten. Langile porrokatua izan da euskaldunen eta SFBCCen alde, eta 2000ko urriaren 22an, Estatu Batuetako Euskal Pilota Federazioak esker oneko domina eman zion, SFBCCeko beste bost kiderekin batera, pilota zabaldu eta sustatzen eginiko lan baliotsuarengatik.

LOUIS MARTICORENA. SFBCCeko manager gisa hasi zen 1986an. Leon Franchisteguy-k (SFBCCeko lehendakari 1985-88) proposatua, hamar urtetik gora izan zen jatetxeko arduradun. 1990ean, honela zioen Gourmet Magazine aldizkariak: "Jatetxeak ez-euskaldunei ere ematen die ongi-etorria eta Louis Marticorena da bertako managerra, izen ezaguna oso 1980ak baino lehenago afaltzera kanpora ateratzeko ohitura daukaten sanfrantziskoarren artean". 1996raino gobernatu zuen jatetxea Louisek.

Baina Zentroarentzat lan egindako lanaz gain, ordu asko eskaini dizkio baita ere bolondres. 1982an, Zuzendaritza Batzordeak korporazio berri baten sorrera iragarri zuen, "599 Railroad Avenue Catering, Inc.", jatetxearen kudeaketaz arduratzeko.  Louis lehenengo batzordeko zazpi pertsonetako bat izan zen.  1993an, Basque Educational Organization (BEO) elkarteak lehenengo Kultura Eguna antolatu zuen. Egunak Louisek emandako lehenengo Euskal Sukaldaritza tailer bat baitaratu zuen. Hain izan zen tailerra arrakastatsua, 1993, 1994 eta 1998eko edizioetan ere tailerra ematen segitu zuela. Zentroaren otsaileko urtebetetze festetan parrilaz arduratzen den bolondres taldeko kide da, baita Agorrileko jaian ere. 1985etik, urtero Bazkideen Odolki-Jaterako tripota egiten duen taldeko kide da. Eta urtero, SBCCen urteurren festa hondarreko Kauserak prestatzen ere laguntzen du.

JEANNIE MAZERIS. Jeanne Mazeris-i Mattin Zubietak eskatu zion 1982an, orduan sortu berria zen Elgarrekin abesbatzarentzat pianoa jotzen laguntzea. Mattin Zubieta Euskal Herrira itzuli zenean, Jeannek hartu zuen zuzendaritza lanaren ardura. Mattin 1983an itzuli zen. Jeannek eta Mattinek elkarrekin lan egin zuten Elgarrekin abesbatzaren kasetea grabatzen. Grabaketa San Frantziskoko Notre Dame de Vitoires elizan egin zen, bere akustika onagatik, eta lankidetza honi esker kasetea arrakasta handia bilakatu zen.

1982ko martxoaren 27an, Jeanne Mazeris zuzendari, Elgarrekin koralak SFBCCen inaugurazio ekitaldian kantatu zuen, eta emanaldi berezia eskaini zuen afari tenorean. Geroztik, abesbatzak parte hartu izan du Zentroan eta Notre Dame des Victoires-en emaniko euskal meza guztietan. Elgarrekin-ek Gardnervilleko Euskal Kantari Egunean parte hartu izan du eta Los Banoseko Pastoralean. Jeanne Mazeris zuzendari, Bakersfield eta Boisen ere aritu izan da. Jeannek Zentroaren hamargarren urteurrenean ere zuzendu zuen korala, 1992an. 1982tik 1994ra, azkar eta pazientziadun Elgarrekin abesbatza gidatu zuen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia